Arabako Mahastiak sor-markaren aurka egin du EAEko Auzitegiak Nagusiak

Errioxa izendapenaren irudiari kalte egin diezaiokeela eta kontsumitzailea nahastu dezakeela argudiatu du epaitegiak

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak arrazoia eman dio Errioxako jatorri izendapenari eta atzera bota du Arabako Errioxan ardo marka propio bat sortzeko proiektua. Eusko Jaurlaritzaren baimena zuen Arabako Errioxako sor-markak, baina Errioxa jatorri izenaren kontseilu arautzailearen helegitea onartu du EAEko auzitegiak.

Errioxa izendapenaren kontseilu arautzaileak eman du erabakiaren berri, eta azaldu du EAEko auzitegiak ontzat jo duela Arabako Mahastiak izendapena babestu eta izena ematearen kontra aurkeztutako helegitea. Epaileek kontseiluarekin bat egiten dutela diote, Arabako Mahastiak sortu nahi izateak kalte egiten diola Errioxako sor-markaren irudiari, eta hark lortutako ospea baliatzen duela esanez.

2022ko urrian onartu zen EAEko Aldizkari Ofizialean Arabako Mahastiak sortzeko baimena, baina sor-markak aurrera egiteko oztopo ugari izan ditu ordutik. Besteak beste, sor-marka berria sortzeak kontsumitzaileak nahastea dakarrela argudiatu da, eremu geografiko berean babestutako bi sor-marka egongo liraketeelako.

Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak argitu du bere saileko zerbitzu juridikoak ebazpena aztertzen ari direla eta horren gaineko balorazioa egingo dutela gaur. Era berean, Emilio Aguillo ABRA Arabar Errioxako upategien elkarteko presidenteak EAEko auzitegiaren argudioei erantzun die, Espainiako Estatuan eremu geografiko berean azpiko izendapenak onartzen direla azalduz.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK