Atzo Europar Batasuneko (EB) Arrantza ministroek Bruselan egin zuten akordioaren arabera, 2025. urtean arrantzaleek txitxarro gehiago eta berdel gutxiago harrapatu ahal izango dituzte.
Hala, baxurako flotari dagokionez, hirukoiztu edo laukoiztu egingo da txitxarroaren harrapaketa, 6.719 tona inguru izanik. Berdela, kontrara, gutxiago ehizatuko da, baimendutako kuota ia %22 jaitsiko baita. Izan ere, espezie horren biomasa asko txikitu da 2010. urteaz geroztik, "gehiegi" arrantzatu baita. Bestalde, berdin mantenduko da legatzaren kuota, eta igo egingo da oilarrarena (%16,8) eta zapoarena (%22,8). 2025. urtean antxoa harrapatzeko baimenduko duten kuota ez da oraindik zehatza.
Alturako flotarentzat arrantzarako baimendutako kuotak gehiago murriztuko dira: iparraldeko legatzarena %20, oilarrarena %8,92, bakaladarena %5,41 eta zapoarena %1,28.
Luis Planas Espainiako estatuko Nekazaritza eta Arrantza ministroak positiboki balioztatu du akordioa, Kantauri Itsasoko arrantzari on egingo diolakoan; aldiz, Eusko Jaurlaritzako Leandro Azkue Arrantza zuzendariak “gazi-gozo” gisa definitu du Bruselan hitzartutakoa. Azken horren ustetan, akordioak mesede egingo dio baxurako flotari, baina ez ordea alturakoari.