
2007az geroztik Bilboko zinegotzia da Asier Abaunza Robles (Bilbo, 1978). Hiri Plangintzako, Proiektu Estrategikoetako eta Espazio Publikoko zinegotzia da egun. Ingeniari agronomoa ikasketaz, hiriaren azken urteotako eraldaketari buruz mintzatu da EnpresaBIDEArekin, baita egun martxan dituzten proiektuen inguruan ere.
Zer moduz doa 2023tik hona hasitako legegintzaldi berria?
Aurreko agintaldiko proiektu garrantzitsu batzuk abian jartzen gabiltza eta zenbait esparru eraldatzeko prozesuan ari gara. Alde batetik, Peñascal auzoa dugu non Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean 220 etxebizitza eraitsiko diren, beste hainbat etxebizitza berri eraikitzeko. Jada hasi gara lehenengo eraisketak egiten eta eman dugu lizentzia 82 etxebizitza eraikitzeko. Beste aldetik, Punta Zorrotzan master plan berri bat aukeratzeko lehiaketa egin genuen. Auzo berri bat eraikiko dugu lehen fabrikek okupatuta zeuzkaten lur eremuetan eta jarduera ekonomiko berrientzako esparrua aurreikusita daukagu non batez ere industria audiobisuala sustatu gura dugun. Abandoko geltokiaren inguruan ere aukeratu dugu master plan bat zonaldearen eraldaketa sustatzeko eta Espainiako ministeritzarekin batera lanean ari gara tren geltokiaren proiektu berria zehazteko.
Zorrotzaurreko proiektua abiadura handia hartzen ari da. Eskuinaldea bukatuta dago guztiz. Uhartearen barruan, iparraldeko puntaren urbanizazioa bukatu zen iaz, eta hegoaldeko punta orain egiten ari da. Etxebizitzak altxatzen ari dira bai iparraldeko bai hegoaldeko puntan. Parke teknologikoa ere aurrerantz doa, eta laster erabakiko da zer enpresa mota etorriko diren bertara. Uharteren erdiko partea ere hasi gara kudeatzen eta birpartzelazio proiektua lantzen. Aurten onartu nahi dugu behin betiko proiektua eta beraz jada datorren urtera begira hasiko gara eraisketekin.
2013an ekin zenioten Zorrotzaurreko egitasmoari, noizko dago aurreikusia bukatzea?
Ezin dugu horretarako epe bat ipini. Epe luzeko egitasmoa da, eta abiadura handian jorratzen ari gara hainbat proiektu aldi berean, uhartearen albo guztietan. Urteetako proiektua izango da. Kontuan hartu beharra dago Zorrotzaurreko proiektua momentura arte Bilbok izan duen eraldaketa proiekturik handiena dela. Abandoibarra baino askoz handiagoa eta konplexuagoa da, eta Abandoibarra garatzeko 20 urte behar izan genituen.
"Zorrotzaurreko parke teknologikoa ere aurrerantz doa, eta laster erabakiko da zer enpresa mota etorriko diren bertara"
Zer eskainiko dio hiriari Zorrotzaurrek?
Alde batetik, etxebizitza eskaintza berri bat non %50 gainera babes ofizialekoak etxebizitza tasatuak izango diren. 5.500 etxebizitza berri izango dira Beste alde batetik, jarduera ekonomiko berriak erakarri gura ditugu Bilbora eta bertan edukiko dugu Bilboko lehenengo parke teknologiko urbanoa. Leku oso estrategiko batean, izan ere, unibertsitateen hirukiaren barruan geratuko da. EHUko unibertsitatea bai Sarrikoko kanpusarekin bai ingeniaritza eskolarekin eta Deustuko unibertsitatea ditugu. Hiruki horren erdian kokatzen da Zorrotzaurreko uhartea, eta bertara erakarri ditugu beste unibertsitate berri batzuk, adibidez, Mondragon Unibertsitatea, Digipen edo Kunsthal bezalako unibertsitateak. Beraz, jakintza eta teknologia unibertso horren barruan kokatuta egongo litzateke parke teknologikoa. Unibertsitate eta enpresa arteko harreman hori indartu gura dugu kokapen horrekin eta teknologikoki balio handiko enpresak erakarri.
Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailarekin berbetan gabiltza formakuntza profesionalak ere bere lekua eduki dezan. Horrela lortuko genuke bateratasun hori lortzea, hezkuntzaren eta enpresaren arteko harremana sustatzeko. Formakuntza profesionala, unibertsitatea eta enpresa elkartuko genituzke zonalde berri batean. Jarduera ekonomiko berriak erakartzeko indar handia ematen dio Bilbori.
Etorkizuneko hiriaren kontzeptuaren barruan sartu nahi da Zorrotzaurre? Leku berean lan eta bizitzeko hiriaz?
Bai, erabilera anitzeko auzo berri bat sustatu gura dugu. Ez dadila izan bakarrik bizitzeko den auzo bat baizik eta lan egiteko, ikasteko eta aisialdirako behar diren egitura eta eraikin guztiak dituen zonalde bat. Alde horretatik pixka bat denetarik izango dugu hemen.
2007az geroztik zara zinegotzia, zer eraldaketa izan du Bilbok urte hauetan guztietan?
Eraldaketa oso handia izan da eta nahiko arina esan dezakegu. Askotan perspektiba apurtxo bat galtzen dugu eta orain dela bost urteko aldaketak gogoratu ere ez ditugu egiten. Batzuetan merezi du apurtxo bat atzera begiratzea ikusteko zer nolako eraldaketak izan ditugun. Badaude hainbat azpiegitura proiektu garrantzitsu urte hauetan guztietan burutu direnak eta jada ahaztuta dauzkagunak. Adibidez, Bilboko geltoki intermodalaren eraikuntza oso konplexua izan zen. Sabino Aranaren zubibidearen eraisketa eta Bilborako sarrera berria edo San Mames Barriaren eraikuntza eta zaharraren eraisketa... Azken hogei urteetan hiria erabat aldatu dituzten proiektu asko ahaztuta dauzkagu.
"Erabilera anitzeko auzo berri bat sustatu gura dugu. Ez dadila izan bakarrik bizitzeko den auzo bat baizik eta lan egiteko, ikasteko eta aisialdirako behar diren egitura eta eraikin guztiak dituen zonalde bat"
Bilbok hazteko espazio gutxi zeukala esaten zen, baina haztea lortu. Etorkizunera begira, nondik hazi nahi du?
Bilbok beti eduki du leku eskasia eta eraldaketa guztiak barrurantz begira egin ditu. Orain ere berdin jarraitzen dugu. 1995eko plan orokorrean aurreikusi zen antzinako meategien zonaldea eraldatzea eta hor agertu ziren Miribilla auzoa edo Bilbo Zaharraren garapen berria adibidez. Bilboko portuko lur eremuen eraldaketa ere burutu zen.
Orain garatzen ari garena ere barrurantz begira dauden eraldaketak dira. Zorroutzarre lehen zonalde industrial bat zen, hiriaren erdian kokatuta zegoena eta guztiz eraldatzen ari gara orain, bertan zeuden industriak lekualdatuz. Punta Zorrotzan ere lur eremu industrialak berrerabiltzen ari gara zonaldea eraldatzeko. Olabeagaren kasuan, adibidez, antzina trenbideek erabiltzen zuten lur eremu batzuk berrerabiltzen ari gara. Zabalkuntza guztiak lehen erabilita egon diren lur horiek erabilita egiten dira, erabilera aldatuz eta beste garapen batzuk planteatuz, antzina industri azpiegituraz okupatuta egon diren eremuak aprobetxatuz. Aurrera begira berdin jarraituko beharko dugu, lur berderik kontsumitu barik eta barrurantz begiratuta, dauzkagun metro karratu guztiak ondo aprobetxatuz.
Espazio berdeak aipatu dituzu. Hiri jasangarriago bat bilakatzeko zer erronka edo zailtasun izan ditzake Bilbok?
Etxebizitza eskaintza handitu behar dugu aipatutako eremuak aprobetxatuz. Hiriak dituen zonalde berdeak handitu behar ditugu bai auzoetan eta baita gure inguruneko eraztun berdean, gure inguruneko mendietan ere bai. Erakarri behar ditugu jarduera ekonomiko berriak hirira. Enpresek behar dituzten kalitatezko espazioak lortzen saiatu behar gara hiri barruan, enpresa hauek Bilbon kokatu daitezen eta ez kanpoaldeko poligonoetan.