Astea bi gakotan: lan harremanak eta bankuak

Yolanda Diaz lan ministroak lanaldiei buruz esandakoak hizpide izan ditugu aste honetan. Bankuen astea ere izan da, finantza erakunde nagusiak 2023ko emaitzak aurkezten hasi dira, eta EBZk tasak uda partean jaitsiko dituela iradoki du

Muntaia: EnpresaBIDEA Muntaia: EnpresaBIDEA

Bi gako nagusi utzi digu aste honek. Alde batetik lan harremanei buruzko kontu ugari ezagutu ditugu, eta bestetik, bankuen astea izan dela esan genezake. Astelehenean LAB sindikatuak prentsaurrekoa eman zuen Bilbon. Mende erdia beteko du aurten sindikatu abertzaleak eta, horrekin lotuta, urteurrenaren kanpainaren berri eman zuten Izaskun Garcia antolakuntza idazkariak eta Igor Arroyo koordinatzaile nagusiak. Azken urteotan ELA sindikatuarekin batera burututako batasun sindikala gailenduta, norabide propioa aldarrikatu du LABek, eta horretarako Euskal Herrian duen indarra izango du oinarri. 49.476 afiliatu ditu egun sindikatuak, %44 emakumezkoak, inoizko zifrarik altuena.

Ekonomia zeharo aldatzen ari den abagune honetan albiste ona da, zalantza barik, langileen ordezkariak osasuntsu eta indartsu aritzea. Nabarmena izan da, historian zehar, langile mugimenduen garrantzia Euskal Herrian. Estatu mailan, esaterako, langileek deitutako greben erdia EAEn egin ziren 2022an. Gatazka maila horri esker lortzen da estatuko soldatarik onenak izatea, sindikatuen aburuz. Mobilizazioek, baina, badituzte albo kalteak, eta kale nagusietan trafikoa moztu behar izaten da manifestariek aldarriak plazara ditzaten. Juan Maria Aburto Bilboko alkateak eragozpen horiek salatu ditu aste honetan irrati kate batean egindako elkarrizketa batean. Mobilizazioak mugatzea eskatu du, manifestazioak espaloietan egiteko proposatuz, besteak beste. Alkatearen proposamenak hautsak harrotu ditu. Javier Hurtado, Eusko Jaurlaritzarako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak Madrilgo Fitur turismo azokatik egindako adierazpenetan, esaterako, alkatearen hitzen aurka agertu da, manifestaziorako eskubidea langileen lorpena dela esanez.

Nabarmena izan da, historian zehar, langile mugimenduen garrantzia Euskal Herrian. Estatu mailan, esaterako, langileek deitutako greben erdia EAEn egin ziren 2022an

Astelehenean bertan Yolanda Diaz Espainiako gobernuko presidenteorde eta Lan ministroak bere sailaren legegintzaldi honetarako lan ildoak aurkeztu zituen. Bi neurrik izan zuten oihartzun handiena. Alde batetik, lanaldia 40 ordutik 35 ordutara murriztea. Bestaldetik, kaleratzearen kostua handitu eta langileek enpresen zuzendaritzan parte hartzeko neurriak proposatu zituen. Azken hau gako interesgarria da, zalantza barik, enpresa barruko gardentasuna indartu eta lan gatazkak murrizten lagundu dezakelako. Europan antzeko neurriak badaude, Alemanian esaterako.

Lanaldi murrizketaren proposamenak sortu du zalaparta

Baina, lanaldia murriztearena izan da, zalantza barik, zalaparta gehien sortu duena. Asteko lan orduak 2024 eta 2025 urteak bitartean 37,5 ordutara eta 2026an 35 ordutara jaistea du helburu Lan ministroak. PSOE eta Sumarrek urrian sinatu zuten akordioan biltzen ziren aste honetan Diazek aurkeztu duen neurria. Hasiera batean aldaketak eragile sozialekin adostuta zirela esan bazuten ere, aste honetan Lan ministroak, enpresariak kontra egonda ere, aurrera eramango duela nabarmendu nahi izan du. Hasierarik utzi zuen argi patronalak neurria bere gustukoa ez zela. Hala adierazi zuen urrian Lorenzo Amor estatuko langile autonomoen ATA patronalak. Eduaro Abad UPTAko buruak, autonomoen beste elkarte bat, ordea, neurriak “lan merkatua kaltetuko ez zuela” esan zuen. Adostasunik ez, hortaz, autonomoen artean.

Aste honetan Antonio Garamendi Espainiako enpresarien elkarteko buruak honelako neurrien aurrean kontrako jarrera irmoa adierazi du, eta merkatarien elkarteko gobernuaren proposamena onartezintzat hartu du. Enpresarien aburuz, “gertuko merkataritzari lehiakortasun galera ekarriko dio on-line salmenten plataforma erraldoien aurrean”. Enpresarien elkartearen kalkuluen arabera neurriak 12 milioi langileri eragingo die. Sindikatuek, aldiz, kopuru hori 10 milioira mugatzen dute. Datuen arabera egun alor pribatuko langileen %14k dute lanaldi hori eta sektore publikoan langileen gehiengoari eragiten dio.

Asteko lan orduak 2024 eta 2025 urteak bitartean 37,5 ordutara eta 2026an 35 ordutara jaistea du helburu lan ministroak. PSOE eta Sumarrek urrian sinatu zuten akordioan biltzen ziren aste honetan Diazek aurkeztu duen neurria

Lanaldiaren inguruko debatea ez da berria, baina indarra hartu du azken urteotan. Gurean badira aldeak Ipar eta Hego Euskal Herriaren artean, lanaldia Espainia zein Frantziako araudiek arautzen dutelako. Hala, Frantzian 35 ordutako lanaldia dute 2002tik aurrera, Lionel Jospin lehen ministroak astean lan egin beharreko ordu kopurua 39 ordutatik 35era mugatu zuenetik. Espainiako estatuan, aldiz, 1982an Felipe Gonzalezen gobernuak egin zuen azken aldaketa, lanaldia 42 ordutik 40ra jaitsiz. Europara joz gero, denetarik topa daiteke, Belgika (38) eta Frantziak (35) lanaldirik laburrenak dituzte. Ikusteko dago Yolanda Diazek neurria aurrera eramateko babes nahikorik duen. Sindikatu eta enpresariekin aldaketak adosteko borondatea adierazi badu ere, patronalak kontra eginez gero, sindikatuekin baino ez hitzartzeko asmo irmoa ere azaldu du. Aste honetan, ordea, lanaldiaren negoziazioan gobernua negoziaziotik kanpo uzteko ados jarri direla ezagutu dugu. Langileen Estatutuaren 83. artikuluak lanaldia enpresa eta sindikatuen arteko aldebiko akordioetan negoziatu behar dela ezartzen duela diote sindikatuek. Ikusteko dago Diaz elkarrizketa mahaitik at uzteak akordioa erraztu edo oztopatuko duen.

Bankuen mozkin historikoak

Bankuei ere so egingo diegu talaia honetatik, hipoteka maileguen gastuak erreklamatzeko epea, bankuen emaitza historikoak eta Europako Banku Zentralaren bilera albiste izan direlako azken zazpi egunotan.

Astelehenean bukatzen zen hipoteka gastuak erreklamatzeko epemuga. 2019ko urtarrilaren 19an estatuko Auzitegi Gorenak bezeroei gastuak itzultzearen inguruko jurisprudentzia ezarri zuen. Bankuei notariotza, erregistro edo tasazioa bezalako gastuak itzultzeko aukera zabaldu zuen ebazpen horrek, eta bezeroek bost urteko epea izango zuten, legediak arautu bezala. Hala, aste honetan bost urte betetzen ziren, epea agortuta. Europa Batasuneko Justizia Auzitegiak, baina, bost urteko epea indargabetzen duen ebazpena zabaldu zuen atzo, gastuak erreklamatu nahi dituzten kontsumitzaileei behar adina denbora emanez. Atzo ezagutu genuen erabakian auzitegiak ez du eperik zehaztu, baizik eta epe hori noiz hasten den: behin bezeroak kontratua bidegabea dakiela, hots, horren ebazpena jaso ostean. Gauzak horrela, kontratua bidegabea dela dioen epaia izan arte ez da inongo epemugarik hasten. Gorenak 2015ean ebatzi zuen lehen aldiz bezeroari gastuak esleitzea bidegabea zela, eta 2019an neurriak zer gasturi eragiten zion argitu zuen. Atzo Europak bide berria ireki zuen kontsumitzaileek epaitegietara jo eta bankuei gastuak itzultzeko eskatzeko. Kontratatutako hipotekaren zenbatekoaren arabera bada ere, bueltatzeko kopurua 800 eta 1.200 euro bitartekoa izaten ohi da.

Europa Batasuneko Justizia Auzitegiak bost urteko epea indargabetzen duen ebazpena zabaldu zuen atzo, hipoteka gastuak erreklamatu nahi dituzten kontsumitzaileei behar adina denbora emanez

Europako epaileen albistea bankuak 2023ko emaitzen berri ematen hasi diren aste berean heldu da. Bankiter izan da bere emaitzak publikatu dituen lehen finantza erakundea, eta 2023an behin da berriz esan bezala, historikoak izan dira. 845 milioi euro irabazi ditu kargua utziko duen María Dolores Dancausak zuzentzen duen erakundeak, aurreko urtean baino % 51 gehiago. Mozkin hauen gakoak interes-marjinean datza, hau da, maileguengatik gehiago kobratu, aurrezkietan gehiago ordaindu barik. Europako Banku Zentralak moneta-politika gogortu ahala euriborrak gora egin zuen nabarmen, hipoteken kuotak garestituz. Horrek finantza-erakundeentzat diru-sarrerak areagotu zituen, euren galdu-irabazi kontuak potolotuz. Espainiako Gobernuak “zerutik eroritako” mozkinen hazkunde hori zergatzea erabaki zuen, behin behinekoa behar zuen, eta luzatuko den, ez-ohiko tributu baten bitartez. Bada, Bankinterren kasuan 77 milioikoa izan da zerga berezia.

Bankinter emaitzen berri ematen lehena izan bada ere, hurrengo asteetan banku gehiagok aurkeztuko dituzte 2023ko datuak. Bilbon egoitza duen BBVA erakundeak, esaterako, hurrengo asteartean aurkeztuko ditu, hilak 30ean. Kasu honetan ere, mozkinak historikoak izatea espero da. 2024ari begira aurreikuspen onak ere badituzte bankuek. S&P kalifikazio agentziak aste honetan aurtengo aurreikuspenak aurkeztu ditu, eta bankuek aurreko urteko mozkinei eutsiko diela iragarri du, kredituak uzkurtzen jarraituko badu ere. Kredituaren joera horren berri eman du INE estatuko estatistika institutuak aste honetan. Horrela, azaroan % 12,7 hipoteka gutxiago sinatu dira Nafarroan eta % 17,6 Euskal Autonomia Erkidegoan. Azken hilabeteetako beheranzko joerari eutsi dio, hamar hilabetez segidan urte arteko tasa negatiboa izan baita hipoteken eraketan.

EBZ: tasen jaitsiera uda partean?

Europako Banku Zentralak bilera egin zuen atzo. Ez zegoen, egia esan, jakin-min handirik bileraren inguruan. Adostasun zabala zegoen tasak % 4,5an uztearen inguruan. Hirugarrenez segidan mantendu ditu tasak Christine Lagardek buru duen erakundeak baina, ohi bezala, bere hitzak xehe aztertu dituzte adituek. Presarik ez dute tasak jaisteko, eta merkatuko espektatibak hoztu nahi izan ditu EBZko presidenteak, nahiz eta uda partean lehen jaitsiera etor litekeela aurreratu. Sorpresarik ez, hortaz, atzoko bileran. Diruaren prezioaren merkatzeak maileguak dituztenei egingo die mesede, zalantza barik.

Presarik ez dute tasak jaisteko, eta merkatuko espektatibak hoztu nahi izan ditu EBZko presidenteak, nahiz eta uda partean lehen jaitsiera etor litekeela aurreratu

Tasa ofizialei baino euriborrari begira dabiltza Euskal Herriko hipotekadunak. % 3,679ean itxi zuen urtebeterako euriborrak 2023ko abenduan, hilabete bakar batean 34 oinarrizko puntu jaitsita. 2024ean beheranzko joerari eutsi badio ere, urduri xamar ibili da hipotekentzako erreferentziazko indizea. Atzo % 3,662ra jaitsi zen, eta urtarrileko batezbestekoa, gaur gaurkoz, % 3,617an dago. Jaitsiera nabarmena bada ere, duela 12 hilabeteko euriborra baino altuago dago eta, hortaz, hipotekaren errebisioa dutenei kuota igoko zaie. Litekeena da urtero errebisioa duten bezeroen kasuan kuotak lasaitzen hastea martxoa eta apirila bitartean. Espainiako Bankuak aste honetan kaleratutako txosten baten arabera, 2024ko lehen hiruhilekoan familien %29ri kuota jaitsiko zaie.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK