Astea lau gakotan: Talgo, tasak, prezioak eta Erresuma Batua

Espainiak Talgo erosteko egindako eskaintzari ezarritako betoa asteko albiste nagusia izan da, eta azken orduan jakin dugu Magyar Vagonek atzera egin duela erosketa eskaintzarekin. Burtsen eboluzioa, abuztuko inflazioa eta Starmer Lehen Ministroak iragarritako neurriak ere hizpide izan dira

Goian eskubian, Jerome Powell Fed-eko presidentea. Behean ezkerrean, Keir Starmer eta Olaf Scholz, lehenengoak Alemaniara eginiko bisitan | Muntaia: EnpresaBIDEA Goian eskubian, Jerome Powell Fed-eko presidentea. Behean ezkerrean, Keir Starmer eta Olaf Scholz, lehenengoak Alemaniara eginiko bisitan | Muntaia: EnpresaBIDEA

Sei hilabete behar izan ditu Espainiako Gobernuak Magyar Vagon talde hungariarrak euskal jatorria duen Talgo tren ekoizlea erosteko eskaintzari erantzuna emateko. Asteartean Ministroen Kontseiluak bozkatu zuen eragiketari ezezkoa ematea, Ekonomia Ministerioaren menpe dagoen Atzerriko Inbertsioen Batzordearen txostena aztertu ostean.

Denbora luze honetan batzordeak eragiketaren hari muturrak aztertu ditu, batez ere zabalera aldagarriaren ardatzaren teknologiari dagokionez. Talgo aitzindaria izan zen horrelako teknologia lantzen. Espainiako tren sareak Frantziakoak ez bezalako bide-zabalera du eta zailtasun hori gainditzeko garatu zuen Talgok zabalera aldagarriaren teknologia. Egun Europan badira antzeko bost patente inguru eta Errusia eta Ukrainaren arteko gerraren testuinguruan gobernuak berebiziko garrantzia eman dio patente horri, estrategikotzat hartuz. Hori da ezagutu den argudio bakarra, batzordearen txostena isilpean mantendu du baitu gobernuak. Erabakiak isla zuzena izan zuen merkatuetan eta, hasiera batean Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak Talgo konpainiaren akzioen kotizazioa tarte batean bertan behera utzi eta gero, tituluen prezioak % 9 inguru egin zuen atzera asteartean.

2020an, pandemiaren testuinguruan, onartu zuen Espainiako Gobernuak estrategikotzat jo zitezkeen enpresen salmentei ezezkoa emateko ahalmena ematen zion legea

2020an, pandemiaren testuinguruan, onartu zuen Espainiako Gobernuak estrategikotzat jo zitezkeen enpresen salmentei ezezkoa emateko ahalmena ematen zion legea. Ez da ohikoa betorik ezartzea segurtasun eta irizpide estrategikoak argudiatuta eta are gutxiago Europako Batasuneko estatu batek babestutako enpresa bat denean. Egungo Europako Batasuneko presidentea Viktor Orban izateak, gainera, interesa gehitu dio egoerari.

Hemendik aurrera zer? Momentuz, bart gauean jakin zen taldeak erretiratu egin zuela Talgoren gaineko erosketa publikoko eskaintza, besteak beste. 650 milioi euroko abala eratu behar izan zuen enpresa hungariarrak eskaintza aurkezteko, urtero 40 milioiko kostua duena. Erosketa publikotik erretiratu izanagatik ere, auzitegietara jotzeko helburua irmoki mantendu du.

Hala ere, erosketa eskaintza erretiratzeak ageriko zailtasun bat atzean utzi du. Izan ere, Espainiako Erosketa Eskaintza Publikoen legeak debekua ezartzen dio erosia izango den enpresari eragiketari trabak jarriko dizkion mugimenduak egitea. Pasibotasunaren behar horrek Talgori eskuak lotzen badizkio ere bada debeku hori altxatzeko aukera, Balore Merkatuen Batzorde Nazionalak horrela ebazten badu.

Pegaso Transportation International izeneko partzuergoa da Talgoren %40,22aren jabe. Partzuergo horren baitan akziodun nagusia da Trilantic inbertsio funtsa (%63arekin), eta Oriol familia (Talgoren familia sortzaileetako bat) eta Juan Avelló enpresaria, Torrealen bitartez. Gobernuaren erabakia eta gero Trilanticek 250 milioi euro irabazteari utzi dio eta baliteke beste akziodunekin batera aritzeko zuen akordioa haustea. Gobernuaren erabakiak burtsetan akzioen beherakada ekarri zuen akzioa 3,95 eurora jaitsita, akziodunei 130 milioiko galera eraginez. Aspaldi dabil Trilantic Talgoren trenetik salto egin nahian eta, hortaz, pentsatzekoa da bide berriak arakatzen hasiko dela.

Bart gauean jakin zen taldeak erretiratu egin zuela Talgoren gaineko erosketa publikoko eskaintza

Uztailean Txekiako Skoda taldeak Talgorekin lankidetzan aritzeko interesa azaldu zuen, proposamenari buruzko informazio asko eman barik. Gobernuak ondo ikusiko luke mugimendu hori eta ildo horretan bat egingo luketen inbertsiogileen bila ari da. Criteria La Caixa taldearen inbertsio tresnako arduradunei dagoeneko amua bota die, eta beste eragile batzuekin ere harremanetan dago. Eusko Jaurlaritza ere proposamen berrian sartu liteke. Aste honetan bertan Imanol Pradalesen taldeak ITPn egindako jokaldi bera errepikatzeko aukera aipatu du, kapitalaren zati txiki bat hartuta.

Ez da erraza Talgoren etorkizunari buruzko aurreikuspenik egitea. Momentuz, Europako Batzordeko bozeramaile Francesca Dalbonik adierazi du erabakia estatuarena dela, eta Batzordeak ez duela erabaki hori lehenago onartu behar. Talde hungariarrak estatuko zein Europako auzitegietara jotzeko asmoa du, arestian aipatu bezala, eta beraz, luze jo dezake bere bideak. Baina baliteke bestelako aukerak ere agertzea. Tren ekoizle historikoak eskari zorro handia du, eta hurrengo hamarkadarako lana badu bermatua. Izan ere, Talgoren arazoa ez da ekonomikoa, produktiboa baizik. Eskariei garaiz aurre egiteko ekoizpen gaitasunik ez du, eta horrek entregetan atzerapenak eragin ditu. Talgok bere gaitasuna handitu behar du, eta horretarako kide berri bat topatzea ezinbestekoa du.

Jackson Hole, bankarien gailurra

Irailaren 14ko data gorriz markatuta dute ekonomialari eta analista guztiek. Europako Banku Zentrala egun horretan bilduko da moneta politikaz hausnartzeko. Ekainean orain arteko bidean ziaboga egin eta tasak 25 puntu jaitsi zituen. Uztailean, ordea, tasak ez ukitzea erabaki zuen inflazioaren bilakaerari buruzko datu sendoagoak izan arte. Atzo Espainia eta Alemaniaren inflazio datuak ezagutu genituen. Gaur Frantziakoa eta eurogunekoa ezagutuko ditugu. Bi aste barru Lagardek zuzentzen duen erakundeak hartuko dituen erabakiari buruzko zantzuak emango digu inflazioak, batez ere Jackson Holeko bilera eta gero.

Munduko banku zentral nagusien arduradunak bildu ziren asteburuan Wyomingen (AEBn) ekonomiari buruz hausnartzeko. Jerome Powell AEBko Erreserba Federaleko buruak tasak jaisteko unea heldu dela adierazi zuen bertan. Bi urte daramatza Powellek ekonomia hoztu nahian, inflazioa menderatzeko, baina atzeraldia eragin barik. Oreka konplikatua da, baina bide onean doala ematen du. Azken hilabeteotan zertxobait handitu bada ere, langabezia maila baxuetan dabil (%4,3), eta %9ra heldu zen inflazioa egun %3 azpitik dabil.

Historikoki Erreserba Federalak eman izan ditu lehen urratsak, baina EBZk aurrea hartu zion ekaineko erabakiarekin. Powellek moneta politika lasaitzearen aldeko mezua zabaltzeak berretsi lezake EBZk tasak jaistearen aldeko erabakia

Irailaren 6an ezagutuko dugu AEBko langabeziaren datua. Garrantzi berezia izango du datu horrek uztaileko ustekabea eta gero. Laugarren hilabetez gora egin zuen langabezia tasak eta burtsa merkatuak urduri jarri ziren. Abuztuaren bukaerarako merkatuetara bakea bueltatu dela dirudi, enpresa nagusien emaitza onek lagunduta.

Inflazioa apaldu da

Historikoki Erreserba Federalak eman izan ditu lehen urratsak, baina EBZk aurrea hartu zion ekaineko erabakiarekin. Powellek moneta politika lasaitzearen aldeko mezua zabaltzeak berretsi lezake EBZk tasak jaistearen aldeko erabakia.

Inflazioa xehe zorroztuko du Lagardek eta atzo ezagutu genituen datuak alde ditu. Alemanian inflazioak behera egin du, uztaileko %2,3tik abuztuko %1,9ra. Espainiar estatuan inflazioa nabarmen moteldu da abuztuan. Hala erakusten du estatistika institutuak atzo aurreratu zuen datuak. Inflazio orokorra %2,2ra jaitsi zen, uztaileko datuarekin 6 hamarreko behera eginda. Azken urteko daturik onena da, eta adituek esperotakoa baino baxuagoa. Azpiko inflazioa ere jaitsi egin zen, %2,7ra. Pozik agertu zen atzo Ekonomia ministerioa familien erosahalmena berreskuratzen ari delako.

Kontsumoaren geldotzearen seinalea ere izan daiteke prezioen apaltzea.

Bada, ordea, beste irakurketa bat. Kontsumoaren geldotzearen seinalea ere izan daiteke prezioen apaltzea. Azken turismo datuek joera hori berretsi dute, eta kontsumorako maileguek azken hilabeteotan izan duten gorakada ere aintzat hartu beharko da.

Aurreko urteko datuekin alderatuta nabaria da petrolioaren eragina. Israel eta Hezbolaren arteko gatazkak urre beltzaren prezioa hauspotuko lukeela espero bazen ere, erregaien garestitzea ez da hain nabaria izan. Erregaia eta elikagaiak izan dira abuztuko inflazioaren datu ona bideratu duten aldagai nagusiak.

Erresuma Batua, labirintoan

Uda honetako protagonista nagusietakoa izan dugu Erresuma Batua. Uda hasierako bozek Alderdi Laborista gobernura eraman zuten, kontserbadoreen hamarkadetako agintea eta gero.

Astindu andana bizi izan dute britaniarrek azken hamarkada honetan. Sei lehen ministro izan dituzte, tartean bi hilabete baino iraun ez zuen Liz Truss, eta Europako Batasuneko harremana erabat aldatu duen Brexitaren erreferenduma izan zuten 2016an. Kontinentearekiko harremana hautsi izanak kalte nabariak eragin dizkio bertako ekonomiari, eta gobernuek hartutako neurriek haserrea zabaldu zuten britainiarren artean. Adibiderik argiena Trussena izan zen. Zergak merketuko zituela iragartze hutsak merkatuen gainbehera eragin zuen, eta lehen ministroak dimisioa aurkeztu behar izan zuen. Rishi Sunakek hartu zion lekukoa, aurreko gobernuetan ogasun arduraduna izan eta gero. Krisi egoerari aurre egiteko austeritate politikak abiatu zituen iritzi publikoaren babesa galduz. Babes galerak behartuta hauteskundeak deitu zituen uztailaren 4rako, alderdi kontserbadoreak inoizko emaitzarik okerrenak lortuz. Keir Starmer laboristak garaipen zabala eskuratu zuen, eta horrekin batera Downing Streeterako sarbidea.

Aste honetan bertan Starmerrek “mina eragingo duten” erabaki ekonomikoak iragarri ditu. Urriaren 30ean aurkeztuko du bere gobernuaren aurrekontu berria, eta murrizketak ekarriko ditu

Egoera ekonomikoari buelta ematea bere helburu nagusia izanda ere, kutsu xenofobo eta arrazistaz betetako kale istiluak baretzea izan du zeregin nagusi uda honetan. Ekonomiak aferak, baina, bertan dirau. 22.000 milioiko zuloa uztea leporatzen diote laboristek aurreko gobernuari, eta neurri zorrotzak iragarri ditu. Aste honetan bertan Starmerrek “mina eragingo duten” erabaki ekonomikoak iragarri ditu. Urriaren 30ean aurkeztuko du bere gobernuaren aurrekontu berria, eta murrizketak ekarriko ditu. Bere hitzetan egituraren bihotza ustelduta dagoenean, ezin da konponbide arinekin sendatu. “Dena erreformatu behar da, arazoaren erroetara joz, denbora eta esfortzu gehiago eskatzen badu ere”.

Laboristen politiken bigarren jomuga nagusia Europarekiko harreman komertzialak hobetzea da. Atzo bertan, Berlinera egindako bisita ofizialean, Alemaniarekin alde biko hitzarmena sinatzeko asmoa azaldu du. Ez da Starmer Olaf Scholtzekin biltzen den lehen aldia, eta hurrengo hilabeteetan hitzarmena gauzatzea espero da. Europako Batasunarekin harremanak hobetzeko lehen urratsa izan daiteke.

Starmerrek argi utzi du ez duela Brexit aurreko egoerara bueltatzeko asmorik, ezta langileak askatasun osoz mugitzeko akordio batera heltzeko ere ez

Halere, Starmerrek argi utzi du ez duela Brexit aurreko egoerara bueltatzeko asmorik, ezta langileak askatasun osoz mugitzeko akordio batera heltzeko ere ez. Scholzek, bere aldetik, Londres “ezinbesteko bazkide” gisa ikusten du, baina azpimarratu du harreman horrek ezin duela Europako Batasunarekiko harremana ordezkatu. Brexit ondorengo negoziazioak gogorrak izan ziren, oso gogorrak, eta oraindik Europako zenbait hiriburu suminduta daude. Negoziazio horiek 2025ean akordioa berrikusteko aukera jasotzen dute.

Starmerrek ekonomia zuzentzeko neurrien emaitzak jasotzeko bi legegintzaldi beharko direla nabarmendu du. Ikusteko dago gizarteak bere apustua berretsiko duen. Europarekiko harremana hobetzea ere ez du erraza izango, are gehiago gobernubururik ez duen Frantziako egoera ikusita, Londresekiko harremanetan historikoki jarrera oso zorrotza izan duena.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK