Autoeskoletako azterketak: atzerapenen bukaera irailean

Gipuzkoako Autoeskolen Elkartearen arabera, lau eta sei hilabeteetako atzerapenak izan dira azterketa praktikoak egin ahal izateko urteko lehen lauhilekoan. Administrazio langileen faltak eragin ditu atzerapenak

Aztertzaileen eta bulegoko langileen beharrak eragin du tentsio uneak izatea ikasleen eta autoeskolen artean | Argazkia: iStock Aztertzaileen eta bulegoko langileen beharrak eragin du tentsio uneak izatea ikasleen eta autoeskolen artean | Argazkia: iStock

Maiatzean manifestazioa egin ostean, Gipuzkoako Autoeskolen Elkarteak azterketa praktikoak egiteko egoera hobetzera deitu zuen, Espainiako Barne Ministeriori egoeraz jakitun eginda. Aztertzaileen falta izan da manifestazioaren pizgarria, hilabeteetako atzerapenak ekarri izan dituena urte guztian zehar azterketak gauzatu ahal izateko. 2024a hasi denetik, arazo ugari izan dira autoko azterketa praktikoak prestatzeko unean, nahiz eta egun egoera zertxobait hoztu egin den sektoreko profesionalen arabera. Klase praktikoak hasteko hilabeteak itxaron behar izan dituzte lurraldeko hainbat ikaslek.

Arantxa Bravo Bidebieta autoeskolako irakaslea eta Gipuzkoako Autoeskolen Elkarteko bozeramailea da, eta egoera gaurkotu du maiatzeko manifestazio hartatik: “Aztertzaile aldetik hobeto gaude, baina bulegoko langileak behar ditugu orain”. Espainiako Barne Ministerioarekin adostu dutenaren arabera, irailean egoera hobetzea espero dute, hainbat profesional lanean hasiko baitira. “Ministerioa gurekin konprometitu da sei bat pertsona etorriko direla Donostiako buruzagitzara”, argitu du Bravok. Horietatik bi edo hiru ofizinako langileak izango direla azaldu du, eta elkartetik irailean azterketen erritmoa “normalizatuko" dela espero dute.

Aztertzaileen eta bulegoko langileen beharrak eragin du tentsio uneak izatea ikasleen zein autoeskolen artean. Testuinguruaren kronologia aurkezteko urte hasieran kokatu da Bravo: “Abenduaren bukaeran aztertzaile batzuk Donostiako buruzagitzatik beste kokapen batzuetara desplazatu ziren”. Berez, zortzi aztertzaile izan ohi dira lantaldean, eta urtarrilean lau soilik zeudela kontatu du. Babes gutxirekin gelditu direla argudiatu du, eta urtarriletik apirilera arteko azterketa guztiak atzeratu egin behar izan direla. “Tapoia sortu da, azterketen kopurua %50era murriztu baita”. 

Arantxa Bravo: "Ulertzen dugu aztertzaile batek ez jakitea administrazio lanak egiten, normala da, ez dago ohituta, baina guzti honek atzerapenak sortu ditu”

Autoeskolen elkargotik haien eskuetan dagoen guztia egin dutela argi du bozeramaileak: “Mobilizatu egin gara, protestatu egin dugu eta gogor egin dugu lan egoera ez enkistatzeko”. Dena den, lehen aztertzaileen beharra zela, orain bulegoko operadoreak falta dira. “Azterketen antolakuntza lana aztertzaileak egiten ari dira, eta ez ofizinako operadoreak”, dio. Bajak direla medio ez dute langilerik izan, eta aztertzaileak izan dira lan administratiboak egiten aritu direnak. “Ulertzen dugu aztertzaile batek ez jakitea administrazio lanak egiten, normala da, ez dago ohituta, baina guzti honek atzerapenak sortu ditu”.

Hilabete askotako atzerapenak

Atzerapenak hainbat arazo sortu ditu azterketa sisteman, froga teorikotik praktikora igarotzeko hilabete ugari itxaron behar izan dutelako. Joneren kasua da honakoa (ez du izen erreala eman izan nahi): “Irailaren bukaeran egin nuen teorikoa, eta autoeskolatik pazientzia pixka bat izateko esan zidaten”. Gaur oraindik ez ditu klase praktikoak hasi, eta bere ikaskide batzuk bost hilabete itxaron ostean hasi ziren azterketa praktikoa prestatzen. “Ekainean autoeskolarekin kontaktuan jarri nintzen, eta berriz ere egoera luzatu dela azaldu zidaten”, azaldu du. Azterketa teorikoa egitean autoeskola oso “pendiente” egon dela kontatu du, tratua “oso ona” izan dela, baina, egoera luzatzean, hurbiltasun tratu bera mantentzea faltan bota du Jonek.

Ez da egoera ohikoena Bravoren iritziz, atzerapenak lau edo sei hilabete artean luzatu ahal direla argudiatu baitu, baina ez urtebete. “Bolumen handiak dituzten autoeskolak dira honako atzerapenak izan ditzaketenak, baina ez dut inor ezagutzen ia urtebete esperoan egon denik”. Bravok uste du kasu hau ezin dela "estrapolatu" egoera egoki azaltzeko. “Nik neuk maiatzean teorikoa izan duten ikasleak prestatu ditut eta orain praktikora aurkeztu dira”, gehitu du.

Arantxa Bravo: “Bolumen handiak dituzten autoeskolak dira atzerapen handiak izan ditzaketenak, baina ez dut inor ezagutzen ia urtebete esperoan egon denik”

2023. urtea ona izan da autoeskolako irakaslearen arabera. “Aztertzaileen plantilla ia beteta izan genuen. Egunero 120 ikaslek egiten zuten azterketa praktikoa”. Bulegoko langileak ere kubrituta zeudela gehitu du, buruzagitzaren lan aproposa islatuz. Hala ere, autoeskolen eta ikasleen arteko tentsioak eman egiten dira: “Gu gara tentsio horiek jasaten ditugunak”. Espainiako Ministerioaren eta ikasleen artean bitartekari lanak egiten dituztela dio, eta egoera baretze aldera ministerioarekin kontaktuan daudela. “Eman behar genituen pausuak eman ditugu, eta hori transmititzen diegu ikasleei”.

2024 hasierarekin sortutako atzerapenak saihesteko ministerioaren konpetentzia Eusko Jaurlaritzara eskualdatzeaz mintzatu da: “Guretzat errazagoa izango litzateke zuzenean Eusko Jaurlaritzarekin lan egitea”. Hainbat urte daramate elkartetik transferentzia hori eskatzen, "atzerapenak eta desorekak” ez gertatzeko.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK