Automobilgintza eta industria, geopolitikaren labirintoan

Ekialde Hurbila, Mercosur, Txinako inportazioak, Trumpen itzulera, trantsizio ekologikoa... ur nahasietan aritu beharko da urte berrian herrenka dabilen Europako industriagintza, oreka topatu nahian

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Zenbaki aldaketa baino ez bada ere, badu kutsu sinboliko handia. Ez da erreza urte berriak hartuko duen traza asmatzea, batez ere gero eta arinago aldatu eta eraldatzen den gizarte honetan. Duela urtebete egindako aurreikuspen asko ez dira bete: burtsek goranzko bideari ekin diote, ekonomia ezbaian jarriko zuen petrolioaren prezioaren gorakadarik ez da eman, etxebizitza merkatuaren burbuilarik ez da egon… Ezin da baztertu, ordea, 2025ean horrelakorik gertatzea, baina badira ekonomia baldintzatuko duten hainbat faktore eta oraingoan esan daiteke geopolitikak inoiz baino garrantzia gehiago izango duela.

Urte honetan atzean utziko dugun mende honen lehen laurdenak Mendebalde bezala ezagutzen dugun bloke ekonomikoaren ahultzea, hondamendia hainbatentzat, ekarri du. Estatu Batuek bere nagusitasun ekonomikoari oraindik eusten badiote ere, Europak nabarmen galdu du garrantzia eta Txina munduko bigarren ekonomia bilakatu da eta AEBri gailentzeko moduan egon liteke aurki.

Bada Europaren gainbehera argi azaltzen duen adibidea. Asiako erraldoiak Munduko Merkataritzaren Erakundean sartzeko negoziazioetan murgilduta hasi zuen XXI. mendea, hurrengo urtean akordioa sinatuta. Garai horretakoak dira, era berean, Europar Batasuna eta Mercosurren arteko hartu emanak merkataritza akordioa sinatzeko. Mende laurdena igarota Europak ez du oraindik Mercosurrekin hitzarmena sinatu, nahiz eta Von der Leyenek aurreakordioa lortu, eta Txinak Hego Amerikara nabarmen hurbildu da, geopolitika eraginkor baten bidez.

Are gehiago, Europa krisi poliedriko baten gatibu da. Lidergo sendorik ez du batasunak eta ultraeskuinak gora egin du nabarmen. Alemania eta Frantziak krisi politikoan murgilduta daude, eta Erresuma Batuak batasuna utzi izanak are eta gehiago ahuldu du bere nazioarteko eragina. Ekonomiak, gainera, ez du esperantzarako tarterik uzten. 2008ko krisian gutxietsitako Portugal, Espainia, Grezia eta Italiako ekonomia periferikoak dira hazkundeari eusten diotenak (Next Generation funtsen eta zerbitzuen bultzadari esker zenbait kasutan) eta litekeena da Alemaniak 2024a atzeraldian murgilduta bukatzea.

Autogintza, bidegurutzean

Europako ekonomiaren bultzatzaile garrantzitsu izan diren eskualde industrialek buru makur bukatu dute 2024. urtea. Autogintzaren alorrean Volkswagen izan da adibiderik aipagarriena. Sindikatuek eta enpresak eguberriaren atarian adostu zuten lantegiak ixtea ekiditeko zuen akordioa. 35.000 langile kaleratuko ditu erraldoi alemaniarrak hurrengo bost urteetan, eta zuzendaritzako kideen soldatak murriztuko dituzte. Neurriek kostuak arintzea dute helburu eta urtero 4.000 milioi euro aurreztea aurreikusten dute, etorkizunari aurre egiteko beharrezko inbertsioak burutu ahal izateko.

Ez da erraza azaltzea nola heldu den guztiz ahalduna izandako Alemaniako industria egoera honetara. Errusiako hidrokarburo merkera ohituta —mendekotasunaz ere hitz egin liteke—, energia prezioen gorakadak gogor kolpatu zuen bere ekonomia. Iraultza digitalaren eraldaketara ez zen egoki moldatu eta protekzionismoak bere esportazioei min handia egin zien. Bada, halaber, espero ez zuten beste eragile bat: Txinako autogintzaren gorakada teknologikoa. Hala, bere garaian Alemaniako goi mailako inportatzailea zenak aurrea hartu dio Alemaniari prezioetan zein teknologian.

Paradoxikoa izan baliteke ere, mehatxu bezain aukera da gaur-gaurkoz Txinaren motorraren industria herrenka dabilen Europako autogintzarako

Paradoxikoa izan baliteke ere, mehatxu bezain aukera da gaur-gaurkoz Txinaren motorraren industria herrenka dabilen Europako autogintzarako. 2024ko azaroan ibilgailu elektrikoen kuota %13,2ra heldu zen (%12,5 aurreko urtean), Europako markei aurrea hartuta. Europak zerga-mugak ezarri dizkie Txinan ekoiztutako ibilgailuei, bere eragina mugatu nahian.

Protekzionismoaren gerra horretan Beijingek beste urrats bat eman du Txinatik ekarritako osagaiekin ibilgailuak ekoizteko lantegiak irekiz. Horren adibide da Chery talde txinatarrak Bartzelonan Nissanek zuen lantegian abiatu duen estrategia. Aspaldi desagertutako Ebro marka berpiztu eta EV Motors enpresarekin batera ibilgailu berriak ekoiztuko ditu. Nissanek kaleratutako lanpostu asko berreskuratu ditu lantegi berriak. Txinatik bukatu gabe helduko dira Bartzelonara ibilgailuak, bertan bukatzeko. Teknologiaren ikuspegitik askoz balio erantsi gutxiago dakar lantegi mota berri horrek, baina autogintzaren alorreko lanpostuen galera saihesteko modua ere bada. Ebroren lantegia martxan jartzeko akordiora Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea eta Salvador Illa Generalitateko presidentea joatea garrantzi horren erakusle da.

Txinari ezarritako zerga-mugak saihesteko bidezidorra da kit desmuntagarriak muntatzeko lantegiak irekitzea beste herrialdeetan. Katalunian bezala Tailandian edo Mexikon, besteak beste, ireki dituzte ekoizpen guneak Txinako enpresek

Chery taldeak Bartzelonan erabiliko duen estrategia ez da berria. Txinari ezarritako zerga-mugak saihesteko bidezidorra da kit desmuntagarriak muntatzeko lantegiak irekitzea beste herrialdeetan. Katalunian bezala Tailandian edo Mexikon, besteak beste, ireki dituzte ekoizpen guneak Txinako enpresek. Estrategia honekin Pekinek bere teknologia babestu nahi du mendebaldeko industriaren aurrean. Abantaila konpetitibo handia ekarri dio Txinari azken urteotan berrikuntzan egindako inbertsioak eta gobernua beldur da teknologia kopiatuko dioten. Kit desmuntagarrien bidez piezak muntatu baino ez dute egin behar atzerriko lantegietan, teknologia agerian utzi barik.

Pekinek baditu mesfidati izateko arrazoiak. Jim Farley Ford konpainia estatubatuarraren zuzendari exekutiboak duela hilabete batzuk Txinara bidaiatu zuen bertako autogintzaren gorakadaz kezkatuta. Xiaomi etxearen SU7 autoa erosi eta Chicagora eraman zuen. Duela gutxi AEBko podcast batean aitortu zuen ibilgailua “zoragarria” dela eta markarekiko miresmena aitortu zuen. Txinako ibilgailu gehiago eskuratu du Fordek xehe aztertu eta abantaila konpetitiboak aztertzeko.

Hala ere, Txinako ibilgailuen mehatxuak mundu mailako auto ekoizle nagusiak urduri jaso ditu. Espero gabeko mugimendua eman zuten Japoniako Nissan eta Honda etxeak eguberri bezperan. Abenduaren 23an bat egite baterako lehen urratsaren berri eman zuten bi konpainien zuzendari nagusiek. Toyota eta Volkswagenekin lehiatzea eta ibilgailu txinatarren erasoari aurre egitea da fusioaren helburua, munduko hirugarren ekoizlea sortuz. Erregai bidezko autoetatik mugikortasun elektrikorako bidean aurrea hartu du Txinak, eta Hondak eta Nissanek argi ikusi dute balizko fusioa biziraupena bermatzeko tresna izan daitekeela.

Europaren elektrifikaziorako hautua ezbaian

Eta bitartean mugikortasun elektrikoaren aldeko hautua egin du, edo egin nahi, Europak. Apustua, baina, ez da homogeneoa. Elektrifikazioaren aldeko hautuan ozenen aritu den enpresa da Frantziako Valeo. Autogintzarako osagaiak ekoizten ditu Valeok, 11.117 milioi euro fakturatu zuen 2024ko lehen seihilekoan eta 100.000 langile ditu. Christophe Périllat enpresako kontseilari ordezkariak errekuntzako-motorren ikerkuntza albo batera utzi eta elektrifikazioarena indartuko zuela adierazi zuen 2023an. Iazko azaroan lehen lerrora azaldu da Périllat berriro Europako agintariei Txinarekin zorrotzago jokatzeko eskatzeko. Oso kritiko agertu da kit desmuntagarrien estrategiarekin eta kanpoko enpresek Europan inbertsio maila minimoa burutu dezaten nahi du Périllatek, AEBn gertatu bezala. Automobilewoche aldizkariari egindako adierazpenetan zera nabarmendu zuen: “Europak merkatuan sartzen diren kanpoko enpresei exijitu behar die Europan balioa sortzeko gutxieneko maila lortzea [...]. Gogoratu behar da Estatu Batuetan balioa sortzeko gutxieneko balio hori %75ekoa dela".

Beste aldean, baina kritikak ere jaso ditu Europak, batez ere petrolio konpainien partetik, erregaiak baztertzeagatik. Josu Jon Imaz Repsol taldeko kontseilari ordezkaria izan da kritiko agertu den ahotsetako bat. Erregai sintetikoen aldeko apustua egin du Repsolek eta elektrifikazioaren albo-kalteak aintzat ez hartzea leporatu dio.

2025ean indarrean sartuko dira emisio kutsakorren mugak betetzen ez dituzten Europako ekoizleei ezarriko zaizkien isun berriak. Clean Air for Europe politikak jaso bezala ibilgailuek 2020an baino %15 gutxiago kutsatu behar dute

2025ean indarrean sartuko dira emisio kutsakorren mugak betetzen ez dituzten Europako ekoizleei ezarriko zaizkien isun berriak. Clean Air for Europe politikak jaso bezala ibilgailuek 2020an baino %15 gutxiago kutsatu behar dute, hau da, 93,6 gramo CO2 kilometro bakoitzeko. Muga hori gainditzen duen CO2 gramo bakoitzeko 95 euroko isuna ordaindu beharko dute ekoizleek, 3.000 ibilgailu bakoitzeko batez beste. Repsol enpresaren estimazioen arabera autoen konpainiek 20.000 milioi euro bitarteko isunei egin beharko diete aurre. Erabakiak zatiketa eragin du ekoizleen artean. Hala, ibilgailu elektrikoen merkatuan atzean gelditu den Volkswagen taldea kexu agertu den bitartean, bere egoera ekonomikoa are gehiago okertu duelako, etxeko lanak egin dituzten Stellantis edo Volvo bezalako konpainiek Bruselari atzera ez egiteko eskatu diote.

Mercosur, ihesbide?

Ez da erreza Alemania eta Europa osoko autogintzaren ikur izan den Volkswagen etxearen egungo krisi egoera ulertzea, baina estrategia arazoa izan daiteke gako nagusia. Gama altuko ibilgailuetan oinarritu zuen elektrifikazioarako ildo nagusia, baina ekaitz perfektua etorri zaio gainera. Alde batetik, joera aldaketa nabaria egon da Europan autoen erosketan. Mugikortasun berrietarako trantsizioak jabetzarako hautua ahuldu du. Autoa partekatzeko Car Sharing plataformen loraldiak eta gailenduko den ibilgailuen inguruko ziurgabetasunak erosketa patroiak aldatu ditu. Inflazio eta kostuen gorakadak erosleen erosahalmena murriztu du, eta Txinatik etorritako prezio baxuko ibilgailuek itzala egin diote Volkswagen taldeko autoei. Bestetik, Alemaniako esportazioen jomuga zen Asiako herrialdeetan, Europako markek ospea galdu dute eta bertako produktuak kontsumitzen hasi dira. Europako teknologiak galdu du Txinako merkatua liluratzeko xarma.

Txinak Europako zerga-mugen politikari emango dion erantzunaren beldur ere bada Alemania, bere ibilgailuak zigortuko ote dituen, hango salmentak are gehiago kaltetuz. Zerga-mugak ezartzearen kontra bozkatu zuen Alemaniak, baina aldeko erabakia gailendu zen. Erabaki horretan espainiar estatuak abstentziora jo zuen eta Frantziak alde bozkatu zuen. Erabakiak Paris eta Berlinen arteko harremanean beste pitzadura bat sortu zuen, eta ez azkena izan.

Txinak Europako zerga-mugen politikari emango dion erantzunaren beldur ere bada Alemania, bere ibilgailuak zigortuko ote dituen, hango salmentak are gehiago kaltetuz. Zerga-mugak ezartzearen kontra bozkatu zuen Alemaniak, baina aldeko erabakia gailendu zen

Asiako merkatuaren gainbehera ikusita merkatu berriak behar ditu Europak eta Hegoamerikara begira jarri da, Mercosurrek suposatzen duen 700 milioi biztanleko merkatura, hain zuzen. Horretan ere, talka izan da Frantzia eta Alemania artean, lehen sektorean izan dezakeen ondorioagatik. Europako Batzordeak erabaki estrategikotzat jo du Mercorsurrekiko akordioa, Txina eta AEBen arteko polarizazioan bere burua kokatzeko aukera bezala. Von der Leyenek batzorde berria aurkezteko egunean egindako adierazpenak argi erakusten dute apustuaren sakontasuna. “Edozein ahulezi eta menpekotasunez aprobetxatzen den mundu honetan, gure askatasuna eta burujabetza inoiz baino gehiago gure sendotasun ekonomikoaren menpe dagoela” nabarmendu zuen batzordeko presidenteak. Mundu mailako merkataritza akordio nagusiena izango dena “politikoki beharrezkoa” dela azpimarratu du Von der Leyenek, Europako enpresei zerga-mugetan 4.000 milioi euro aurreztuko dizkielako, besteak beste.

Akordioak, Europako autogintzaren industriarako ihesbide izateaz gain, balio estrategiko handia du. Trantsizio energetikorako kritiko diren lehengaien hornidura bermatzeko akordioa ere bada, Errusia eta Txinarekiko menpekotasuna murrizteko. Bateria elektrikoetarako materialen hornikuntza bermatzeko aukera suposatu dezake. Izan ere, Brasil manganeso, kobre, silizio, titanio, nikel edo tungstenoaren ekoizle garrantzitsua da.

Asiako merkatuaren gainbehera ikusita merkatu berriak behar ditu Europak eta Hegoamerikara begira jarri da, Mercosurrek suposatzen duen 700 milioi biztanleko merkatura

Txinaren estrategia geopolitikoarekin lehiatzeko tresna gisa ere bada Mercosur. Izugarri handitu ditu Asiako erraldoiak harreman komertzialak inbertsioen bitartez Hego Amerikarekin, eta egun Brasil eta Argentinako bazkide nagusia da. Txinako inportazioen %8,6 Hego Amerika eta Karibetik dator (%25 elikagaien alorrean).

Donald Trump bera Txinak Hego Amerikan duen eraginaren jakitun da eta Panamako kanalaren inguruan duela astebete egindako adierazpenak (edo mehatxuak) testuinguru horretan ulertu behar dira. Hiru aste baino gutxiago falta dira Trumpek agintea berriro eskuratzeko eta dagoeneko bere politiken ildo nagusien berri eman du. Badator Txina eta AEBren arteko talka ekonomia eta merkataritzaren alorrean, eta Europak, eta bere industriak, badu bere autonomia berresteko beharra. Krisi politiko eta ekonomikoan murgilduta dagoen kontinente zaharrak bere bidea topatu beharra du ezinbestean, geopolitikaren labirintoan harrapatuta ez gelditzeko.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK