Azaroan gora egin dute industria prezioek Nafarroan, baina behera EAEn

Energiaren prezioak izan du gorakada nabarmena Nafarroan, %19,6 hazi baita urte artean; EAEn, ordea, %5,5 jaitsi da epe berean

%4,2 hazi dira prezioak Nafarroan | Argazkia: iStock %4,2 hazi dira prezioak Nafarroan | Argazkia: iStock

Azaroan, industria prezioek gora egin dute Hego Euskal Herrian, aurreko hilabetearen aldean. Batik bat Nafarroan izan da gorakada, %3,6koa; EAEn prezioak %1,8 igo dira. INE Espainiako Estatistika Erakundeak eguneratu ditu gaur datuak.

Urte artean (alegia, aurreko urteko azaroaren aldean) prezioak Nafarroan %4,2 hazi diren arren, %1,6 jaitsi dira EAEn. Urte arteko metatuan (urtarriletik azarora) portaera antzekoa izan da: %4,0 handitu dira prezioak Nafarroan, baina %0,4 txikitu EAEn.

Ondasunen helburu ekonomikoaren arabera lau indize sailkatzen dira: kontsumo ondasunak (iraunkorrekoak eta ez-iraunkorrekoak), ekipamendu ondasunak, bitarteko ondasunak eta energia.

Urte arteko datuei erreparatuta, kontsumo ondasunei dagokienez, prezioak %2,6 igo dira Nafarroan, eta %1,3 jaitsi EAEn: kontsumo ondasun iraunkorren kostua, ordea, jaitsi egin da Hego Euskal Herrian, %2,1 Nafarroan eta %0,8 EAEn; kontsumo ondasun ez-iraunkorrenak %2,9 gehitu dira Nafarroan eta %1,3 gutxitu EAEn.

Ekipamendu ondasunei erreparatuta hazkundea izan da prezioetan, %3,5ekoa eta %2,0koa, Nafarroan eta EAEn, hurrenez hurren. Kontrara, beherakada izan da bitarteko ondasunen kasuan, %2,7koa eta %0,1ekoa, hurrenkera berean. Azkenik, energiaren prezioak nabarmen egin du gora Nafarroan, hots, %19,6; haatik, %5,5eko beherakada izan du EAEn.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK