Badatoz barrakak!

Bi urteko etenaldiaren ondoren, barrakek argiak piztu dituzte berriro ere. Urteok, ordea, ilun samarrak izan dira sektorearentzat, eta zenbaitek bestelako lanak ere topatu behar izan dituzte

Argazkia: Nafarroako Industrialari Feriazaleen Elkartea Argazkia: Nafarroako Industrialari Feriazaleen Elkartea

Autotxokeak, zaldiko-maldikoak, uso-tiroa, txurroak, tonbola, txurro denda, zezen mekanikoak... festetako barrakak bueltan dira bi urteko etenaldi gogorraren ondoren. Haur eta gazteek biziki eskertzen dute halakoak herrian bueltan izatea batetik bestera pozarren ibiltzeko, eta guraso eta heldu asko ere, hasieran nagitasun apur batekin bada ere, azkenean haien ilusioarekin kutsatuta, zarata, musika kirrinkari eta mila argiz betetako agertokietan murgiltzeko prest. Gure herri eta hirietako jaietako ezinbesteko osagaiak bihurtu dira barrakak. Herrietako festak hastearekin bat hasten da feriaren lan denboraldi nagusia; jendea disfrutatzen ari den bitartean lan egitea tokatzen zaie, halakoxea da euren bizimodua.

Ospakizun egunak iritsi baino egun batzuk lehenago hasten gara feriaren etorreraren lehen ikurrak sumatzen gure herrietako kale eta zelai guneetan. Euren postu eta barrakak denbora errekorrean prestatzen dituzte, denetariko postuak nahiz egitura erraldoienak ere. Hainbat kamioi eta autokarabana ikusten hasten gara, mugimenduan nahiz aparkatuta, batzuk ia mende erdia dutenak, eta asko Sevilla, Jaén, Ciudad Real, Zaragoza edo Murtziako probintzietako matrikula zaharra daramatenak. Kamioi horiek berdin gordetzen dute barruan denboraldiko etxebizitza bat —bere telebista antenarekin eta arropa zabaltzeko esekitokiarekin—, edo peluxe kargamentu bat tonbolan zozkatzeko.

Alberto Domínguez: “Banku maileguak ordaintzen jarraitu dugu, ibilgailuen udal zergak ere bai, pabilioien zergak… eta dena diru sarrerarik gabe”

Baina distira eta magia horren guztiaren atzean, ondorio larriak ekarri dizkien bi urte oso gogor jasan ditu feria sektoreak, eta kostako zaio egoerari buelta ematea. Erakundeek atzean utzi izanaren sentipen garratzaren zamarekin itzultzen ari dira gure herriak alaitzera EAEn barraketatik ozta-ozta bizi diren mila langile inguru. Euskadiko Feria Autonomoen Elkartea (AFADE) 1987an eratu zen, irabazi asmorik gabe, industrialari guztien interesak ordezkatu, kudeatu eta zaintzeko, eta feria atrakzioen legeak ezartzen dituen segurtasun-parametro guztiak bete daitezen. Egun 100 bazkide inguru ditu, hauetariko asko barraka bat baino gehiago kudeatzen dituztenak. Jardueran aritzeko autonomoak izan behar dute, edo sozietateren bat izan, beste edozein merkataritza-jarduera bezala. “Azkenean, autonomoak gara, eta horretan dihardugu. Irekitzen ez badugu, ezin dugu lanik egin eta ez dugu besterik bizitzeko. Pandemiaren ondorioz azken bi urtetan aurreztutakoarekin, familiaren laguntzarekin eta elkar babestuz egin ahal izan dugu aurrera”, erantsi du Alberto Domínguezek, elkarteko idazkari orokorrak. “Banku maileguak ordaintzen jarraitu dugu, ibilgailuen udal zergak ere bai, pabilioien zergak… eta dena diru sarrerarik gabe“, gehitu du. Inor haietaz oroitzen ez den sentsazioarekin bizi dira, eta, are okerrago, uste dute oraindik ere ahaztuak izaten jarraituko dutela.

Beste ogibideen bila

“Osasun-krisiak eragin larria izan du, zuzenean eragindako sektoreetako bat izan baikara. Ez da onartu bi urtez feriako barrakak irekitzea. Urte horietan, diru-sarrerarik ez izateaz gain, agintari eskudunen aldetik ez dugu inolako dirulaguntzarik jaso. Horrek galera ekonomiko larriak eragin ditu, eta erkidegoko ferietako langile batzuk lanbidea utzi behar izan dute beste ogibide batzuen bila, euren familiak mantendu ahal izateko”, dio Arantza Oiarzabal AFADEko lehendakariak.

Arantza Oiarzabal: “Batez beste 15.000 euroko inbertsioa behar izaten da txabola bakoitzeko, eta 900.000 euro inguru azken belaunaldiko helduen aparatu baten truke”

Herriz herri, festarik, barrakekin lan egiteko apustua egiten duten langile hauek inbertsio garrantzitsuak egin behar izaten dituzte, negozioa abian jartzeko garaian batik bat. “Barraka baten kostu prezioa asko alda daiteke motaren arabera. Adibidez, batez beste 15.000 euroko inbertsioa behar izaten da txabola bakoitzeko, eta 900.000 euro inguru azken belaunaldiko helduen aparatu baten truke. Gero, negozio horien amortizazioa oso aldakorra izan daiteke azoka kopuruaren eta azoka egiten den herriaren arabera", gehitu du Oiarzabalek.

Nafarroan ere, erregaien igoerak jota

Nafarroako ferietako langileen egoera nahiko parekoa da. José Javier Goldárazek, Nafarroako Industrialari Feriazaleen Elkarteko idazkari nagusiak, erakundeen inplikazio eta babes eza salatu du: “bi urtez ezin izan dugu lanik egin, eta urte asko dira gure sektorearentzat; gainera, ez dugu zuzeneko laguntzarik izan, nahiz eta Espainiako elkarte eta gremio guztiek eskatu duten, eta laguntzetan emaitza eskasa izan da”. Esan duenez, Nafarroan, zorionez, ez dago enpresabururik feriak alde batera utzi dituenik, “nahiz eta diru-sarrerarik ez izan eta senideen laguntzatik bizi izan, eta gai izan dira bere lanbideari jarraitzeko eta jardunean jartzeko, hala ere”.

Ezin ahaztu beste aldagai garrantzitsua: erregaien eta argindarraren prezioaren igoera historikoak. Izan ere, horniduren krisiak eta prezioen igoerak eragin zuzena dute sektore horretan. “Galdutakoa ez dugu berreskuratuko, eta are gehiago une honetan gasolioen igoera dela eta gastua hain handia denean. Gure profesional guztiek ibilgailuak erabiltzen dituzte euren instalazioak mugitzeko eta errepidean jartzeko, eta ekipo elektrogenoak behar  dituzte energia elektrikoz hornitzeko; biek gasolioarekin funtzionatzen dute, eta ahaztu gabe, gainera, ferietako barrakek energia elektrikoa kontsumitzen dutela eta horrek ere kostu handia duela”, gehitu du Goldárazek.

José Javier Goldáraz: “Fitxen prezioak igo behar izan ditugu. Inoiz ez dugu berreskuratuko galdutakoa, sektorearentzako zuzeneko laguntzarik ez badugu behintzat”

Bestalde, kontuan izan behar da udalek eremu publikoa okupatzeagatik euren diru sarrerak kudeatzen dituztela. “Hala ere, esan behar dut aurten sektoreari laguntzeko gai izan diren udalekin ere topo egin dugula, eta zenbateko guztiak edo batzuk barkatu dituzte. Edozein kasutan, fitxen prezioak igo behar izan ditugu. Inoiz ez dugu berreskuratuko galdutakoa, sektorearentzako zuzeneko laguntzarik ez badugu behintzat”, azpimarratu du.

Faktore horiek guztiak kontuan izanik ere, sektoreko arduradunak euren lanbidea aurrera ateratzeko kementsu dira. Oiarzabalek esan duen moduan, “sektorea pixkanaka berreskuratzea espero dugu, baina zaila izango dena da pandemia aurreko zifretara iristea, jarduerarik gabeko bi urte hauetan aisialdiko aukerak aldatu egin baitira”.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK