Elma Saiz Espainiako Gobernuko Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio ministroak baja malgua ezartzeko asmoa iragarri du. Neurri horrek langileei gaixotasun baja hartuta lanera partzialki itzultzeko aukera emango lieke, betiere borondatez eta langilearen osasuna bermatuta. Saizek azaldu du gizarte eragileekin eztabaidatuko duela proposamena, eta helburua dela lanera pixkanaka itzultzea ahalbidetzea, erretiro malguaren eredua jarraituta.
EH Bilduko kongresuko bozeramaileak, Mertxe Aizpuruak, gogor kritikatu du egitasmoa, "eskubideetan atzerapausoa" izango litzatekeela argudiatuz. Aizpuruaren esanetan, "gaixorik dagoenean, baja hartu behar da, medikuak ematen dizu baja eta ezin da lan egin". Gehitu du ez dakiela ministroak "beste zerbait esan nahi ote zuen", baina proposamena aurkeztu den moduan, "astakeria bat" dela berretsi du.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak, Mikel Torresek, ideia hori "interesgarria" dela adierazi du, baina "segurtasun juridiko osoarekin" ezarri behar dela. Torresen ustez, neurri berritzailea da, erretiro malguarekin parekatu du, eta aztertu beharreko aukera bat izan daitekeela aipatu du, betiere langileek beren eskubideak bermatuta dituztela ziurtatuz.