BBVAren Erosketa Eskaintza Publikoaren erdian, Banc Sabadellek indar erakustaldia egin du: 791 milioi euroko irabazi errekorrak lortu ditu 2024ko lehen seihilekoan, eta mozkinek urtebetean %40,3 egin dute gora. Halaber, zenbaki horiekin 500 milioi euro edo ia %21 igo du agindutako dibidendua, eta orain 2.900 milioi euro banatuko ditu 2025era arte, BBVAk egindako EEParen aurrean enpresaren sendotasuna hobetuz.
Cesar Gonzalez-Bueno bankuko kontseilari delegatuak adierazi duenez, emaitzak azken hiru urteetan egin duten negozioaren erabateko eraldaketaren ondorio dira, eta irabaziak inoizko handienak direla nabarmendu du. Era berean, erakunde "indartsuagoa eta efizienteagoa" direla azpimarratu du, oinarri finantzario eta operatibo sendoa duena. Etorkizunean emaitzen "hobekuntza progresiboa" iragarri du, "segmentu guztietan" batez ere enpresa txiki eta ertainetan, tamaina eta merkatu-kuota handitzearekin batera.
Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalari (CNMV) helarazitako oharrean, bankuak zehaztu du erakundearen kaudimena neurtzen duen kalitatezko kapital-ratioak (CET1) %13,48raino egin duela aurrera, hau da, 18 puntuko hazkundea izan du hiruhilekoan eta 27 puntu gehiago abenduko itxierarekin alderatuta.
Bilakaera eta sendotasun horri esker, administrazio-kontseiluak inbertitzaileari ordaintzeko konpromisoa indartzea erabaki du, eta irabazien %60 bere akziodunen artean banatuko duela iragarri du.