Banku-sektorea, lehen aldiz erreklamazio gehien jaso dituena EAEn

Hipoteka gastuengatiko erreklamazioen gorakadaren ondorio da

Argazkia: iStok Argazkia: iStok

Kontsultek eta erreklamazioek gora egin dute Euskal Autonomia Erkidegoan, Kontsumobideren 2024ko jarduera-balantzeari buruzko memorian jasotzen denez. Zehazki, 46.877 kontsulta erregistratu ziren, aurreko urtean baino %9,3 gehiago, eta 28.359 erreklamazio, %1,8ko hazkundearekin. 

Hazkundeaz harago, nabarmentzekoa da, lehen aldiz, bankuen sektorea izan dela kontsulta eta erreklamazio kopuru handiena jaso duen sektorea. Orain arte rankingeko lehen postuan zen telefonia gainditu du. Horren arrazoi nagusia dira hipoteka gastuengatiko erreklamazioak, sektore horretako erreklamazioen herena izan baitira. Telekomunikazioak eta hornidurako kateak —ura edo energia— ere dira lehen postuetan.

Datuok gaur goizean aurkeztu dituzte Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak eta Tontxu Rodríguezek Kontsumobideko zuzendariak. Nabarmendutakoaren arabera, 28.359 erreklamazio horietatik 15.000 inguru izenpetu dira Kontsumobiden, eta gainontzekoak kontsumitzaileen arretarako bulegoetan eta kontsumo-elkarteetan. "Positibotzat" jo dute Kontsumobiden erregistratutakoen kasuan %46 kontsumitzaileen eta enpresen arteko akordioetan amaitzen direla, bitartekaritza eta adostasun zerbitzuan, alegia.

Hala ere, zehapenei erreparatuta 447 ebatzi zituen iaz Kontsumobidek, gehienak etxetresna elektrikoetan (ekipo informatikoak eta ikus-entzunezkoak tarteko), ibilgailuen konponketa eta ehungintza (oinetako eta osagarriak barne). Denera 1,7 milioi eurotik gorako zehapenak izan dira. Zehapen larrietan gehien jaso dituen enpresa izan da Antilia Soluciones, S.L., txikizkako salmentan aritzen dena, Madrilen duena egoitza nagusia.

2023an kontsumitzaile eta erabiltzaileen estatutua onartu zen, eta hura bultzatu asmoz, aurten beste pauso batzuk eman dituzte. Webgunea berritzeaz gain, "zehapenak argitaratu egiten dira, enpresentzako eredu izateko asmoz eta disuasio-asmoz. Kontua da jardunbide egokiak eta enpresa-etika sustatzea, hori baita Kontsumobideren helburu nagusietako bat", azaldu du Hurtadok.

Bestalde, kontsumo arduratsua sustatzeko eginiko prestakuntzako datuei buruz hitz egin du sailburuak. 3.186 formakuntza ekintza egin dira denera, zeinetan 39.000 pertsonek hartu duten parte. %4ko hazkundea da.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK