Asteburuan izan da, berriz ere. AEBetako Silicon Valley eta Signature bankuekin bezala, tamaina ertaineko beste banku baten porrotak zalantzak piztu bertako eskualde mailako kaudimenaren inguruan. Aspaldi ezagunak ziren Kaliforniako First Republic Banken arazoak. Aurreko astean bere kapitalizazioaren % 78 galdu zuen burtsa merkatuetan eta urtea hasi zenetik hondamendia % 97koa izan da. Agintariek esku hartzea erabaki zuten, eta ostiral arratsaldez AEBko banku nagusiei First Republicen aktiboak erosteko eskaintza egiteko eskatu zien. JPMorgan Chase izan da Kaliforniako bankuaren aktiboak erosi dituena.
AEBko bigarren banku porrotik handiena izan da eta ikusteko dago gehiago egongo diren. Jamie Dimon JPMorganen kontseilari ordezkariak banku krisia bukatutzat eman zuen atzo, baina oraindik beste porroten bat egon daitekeela aipatu zuen. Eskualde mailako bankuen porrota interes-tasen gorakadarekin lotzen dute analista gehienek. Inork ez zuen espero halako igoera malkartsurik eta horren kontrako estaldura estrategiarik ez izateak porrotera eraman zituen bankuak. Gaur bilduko dira berriz ere Erreserba Federaleko kideak, eta ikusteko dago bankuen sektoreko azken ekaitzak moneta politikaren erabakiak baldintzatuko dituen.
Martxoan tasak % 0,25 igo zituen, % 4,75 eta % 5eko tartean kokatuta. Baina erabakia bezain garrantzitsua FEDeko kideek bi egunez izandako eztabaiden edukia da, eta bileren aktek argi azaldu zuten hainbat kideren zalantza igoeren inguruan. Bihar ezagutuko dugu Erreserba Federalaren erabakia, eta litekeena da beste 25 puntu igotzea. Azken, edo azken aurreko, igoera izatea ere izan liteke. Moneta politika gogorraren helburua ekonomia estutzea zen, kredituaren txorrota murriztuz. SVB, Signature eta, oraingoan, First Republicek bankuen alorrean piztutako finantza gorabeherek krediturako baldintzak gogortzea ekarriko dute eta, hortaz, FEDen eskuaren beharrik ez da izango.
Ostegunean, EBZren txanda
Hurrengo egunean, ostegunean, Europako Banku Zentralak lekukoa hartuko dio Erreserba Federalari. 50 puntu igo zituen tasak martxoan Christine Lagardek zuzentzen duen erakundeak. Bilera aurreko asteetan tasak igotzearen jarrera sutsuki defendatu bazuen ere, AEBko bankuen arazoak eta Crédit Suissen porrotak diskurtsoa aldarazi zioten. Ez zuen igoerekin jarraitzeko konpromisorik hartu nahi izan, eta EBZk erabakia unean uneko egoeraren arabera hartuko zuela adierazi zuen.
Inflazioa menderatzea du helburu Lagardek abiatutako moneta politika, baina inoizko tasen igoerarik azkarrenaren albo kalteak ere ezin ditu ahaztu. Ekonomiaren bilakaera albo kalterik garrantzitsuena da eta datuek, momentuz, hazkundeari eutsiko diola diote. Hala, Eurostaten arabera, Euroguneko 20 herrialdeen ekonomiak % 0,1 egin zuen gora, eta Europako Batasuneko herrialdeenak % 0,3. Atzeraldia saihestu du Europako ekonomiak, baina ezin da esan datuak onak direnik. Izan ere, 2022ko lehen hiruhilekoan hazkundea % 1,3koa izan zen. Gainerako adierazle ekonomikoek ere Europak atzeraldiaren mamua atzean utzi duela diote, baina alaitasunerako aukera asko eman barik.
Litekeena da interes tasa 25 eta 50 puntu artean igotzea EBZk. Galdera da noiz arte igoko duen.
Gaur ezagutuko da Europako ekonomiaren osasuna neurtzeko hiriu adierazle garrantzitsu: PMI indizea, moneta masa neurtzen duen M3 moneta-agregatua eta inflazioa. PMI Manufakturatutako Erosketen Indizeak manufaktura-sektoreko erosketa-kudeatzaileen jarduera-maila neurtzen du, eta ekonomiaren bilakaeraren iragarle gisa erabiltzen da. Herrialde eta eskualde bakoitzeko bi indize erabiltzen dira, industriarena eta zerbitzuena. Gaur Europako estatu gehienen indize industriala ezagutuko dugu, eta eurogunearena ere bai.
Indizea ulertzea erraza da. 50etik gorako edozein irakurketak hedapena adierazten du; aldiz, 50etik beherako irakurketak uzkurdura adierazten du. Azken hilabeteetan batere ohikoa ez den dibergentzia bat eman industria eta zerbitzuen indizeen artean. Zerbitzuen PMI indizeak 50etik gorako baloreak eman baditu ere, industriarenak ez. Hala, Euroguneko zerbitzuen PMI indizea 56,6n kokatu zen apirilean, esperotako baino 2,2 puntu altuagoa. Industriarena jakiteke, martxoko balioa 45,5ekoa izan zen.
Azken hilabeteetan batere ohikoa ez den dibergentzia bat eman industria eta zerbitzuen indizeen artean. Zerbitzuen PMI indizeak 50etik gorako baloreak eman baditu ere, industriarenak ez
Biak uztartzen dituen indize konposatuak 54,4ko balioa eman zuen. Datua positiboa bada ere, kezkarako motiboa ere badu. Europako ekonomiak zerbitzuei esker egiten du aurrera, baina industriak pisua galtzeko arrisku handia du. Datuek, hortaz, euroguneko ekonomiak aurreikusitakoa baino dezente hobeto eutsi diola diote. Horrek aukera ematen dio EBZri, beharrezkoa balitz, politika murriztaileagoa aplikatzeko, nahiz eta moneta-masaren hazkundea moteltzen ari den.
Horrekin batera M3 moneta-agregatuaren datua jakinaraziko dute. Moneta-agregatuek moneta-eskaintza neurtzen dute, hau da, zirkulazioan dagoen diru kopurua, eta funtsezkoak dira ekonomiaren bilakaera iragartzeko. AEBn, esaterako, M3 agregatuak % 1,7 egin zuen atzera urtarrilean, 1960tik eman den atzeraldirik handiena. Europako datua positiboan badago ere, atzeraldi bidean dago. % 4,1ean bukatu zuen 2022 urtea M3 agregatuak, eta aurten beherako bidea hartu du. Otsailean % 2,9ra murriztu zen. Datua asko okertzeak EBZren erabakia baldintzatu lezake.
Inflazioa, menderaezina
Azkenik, Euroguneko inflazioaren datua ere jakingo da gaur. Martxoan inflazio orokorra moteldu egin zen, % 6,9ra jaitsita, energiaren prezioen bilakaeraren ondorioz. Elikagaiena (% 15,5), ordea, Europako hiritarren kezka nagusietakoa bilakatu da. Adituen arabera elikagaien prezioen gailurrera iristen ari gara, eta litekeena da hurrengo hilabeteetan beherako bidea hartzea. Badira, baina, elikagaien prezioei nabarmen eragingo dieten mehatxu berriak, aldaketa klimatikoaren ondorioz gero eta sarriago ematen diren lehorteak, esaterako.
Inflazioaren bilakaera apalki moteldu bada ere, oraindik urrun dago EBZk helburu duen % 2ko tasatik. Moneta politika da banku zentralaren tresna bakarra, baina egungo egoerak agerian utzi du inflazioa ez duela sortu gehiegizko kontsumoak, bestelako baldintza batzuek baino. Interes-tasak beste koska bat igotzea espero dute aditu gehienek, 25 eta 50 puntu artean. Galdera, ordea, zenbat baino, noiz arte da. Ostegunean Lagardek emango duen prentsaurrekoan xehe aztertu beharko dira bere hitzak.