Gaur, otsailak 20, amaitzen da Espainiako Gobernuak bankuei eta energia enpresei ezohiko zerga berria ordaintzeko ezarri zien epea. Enpresa gehienak azken egunera arte egon dira, eta gaur bertan ordainduko dute zergaren %50, neurriarekin ados ez badaude ere. Falta den beste erdia irailean ordaindu beharko dute.
Adostasun ezaren ondorioz, helegite bana aurkeztu diote zerga berriari hamaika bankuk, bankuen bi patronalek eta Energia Enpresen Elkarteak, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Zerga berriaren arabera, 2019an interes marjinaren eta komisio garbiaren artean 800 milioi euro baino gehiago lortu zituzten entitateek %4,8 ordaindu beharko dute bi kontzeptuen artean 2022an eta 2023an. Bankuen kasuan, Kutxabank, BBVA, CaixaBank, Bankinter, Santander, Sabadell, Unicaja, Abanca, Ibercaja, Cajamar eta BNP Paribas dira baldintza hori betetzen dutenak. Salbuetsita daude kutxa txikiak eta atzerriko banku batzuk.
Hori horrela, banku horiek jada idatzita daukate zerga berriaren aurkako beste helegite bat ere, eta ordaindu eta ordu batzuetara soilik aurkeztuko dute epaitegietan, konstituzioarekin kontrakotasuna, zergapetze bikoitza eta araudiarekiko bateraezintasuna argudiatuz.