Basque Culinary Centerrek (BCC) ekimen berri bat jarri du martxan Chefs Community for Innovation izenekoa. Helburua da gastronomiaren arloko berrikuntzak partekatzea, mundu osoko sukaldarien artean. Hala, elkarlana bultzatu nahi dute, ikuspegi berritzailea ardatz izanik. Bide batez, sektoreko erronkei erantzuna emateko proiektuen gainean eztabaidatuko dute. Istanbulen (Turkian) egin den Gastromasa nazioarteko kongresuan aurkeztu du ideia erakundeko zuzendari den Joxe Mari Aizegak.
Ekimenaren bitartez sortutako komunitate horretako parte izango dira hainbat gastronomiako profesional, eta proiektuetan lagunduko dute, hala nola, ekitaldi gastronomikoetan, sukaldaritzako jaialdietan eta BCCek sustatutako beste jardunaldi batzuetan. Aldi berean, gastronomia jasangarriago eta arduratsuago baten aldeko apustua egin nahi dute proiektuaren bidez. Fundazioak gehitu du sareak joera globala “abangoardian egotea ziurtatuko” duela, “chef talentudun batzuekin eta nazioartean ospetsuak direnekin esperientziak trukatuta”.