Bat-egitearen itzalpeko astea

BBVA eta Sabadellen arteko balizko fusioa gailendu zaie astearen protagonista behar zuten gaiei: maiatzaren lehena, inflazioa, euriborra , bankuen emaitzak eta defizit aurreikuspenak

Muntaia: EnpresaBIDEA Muntaia: EnpresaBIDEA

Ustekabean hasitako asteak beste bira bat eman du. Zirkoan bezala, are eta jira-bira zailagoa egin du aktualitate ekonomikoak. Pedro Sánchezen hausnarketak, jokaldia hainbatentzat, baldintzatuta ekin genion asteari, estatuko gobernuko presindeteak hartutako erabakia ezagutzeko zain. Dimisioa aurkezteko aukera bazegoen ( edo ez ) eta horrek arriskuan jar lezake gobernuak heldu beharreko hainbat afera: Europako funtsak jasotzeko egin beherreko erreformak, defizit helburuetara egokitzeko politikak... Astelehen goizean eman zuen bere erabakiaren berri. Goiz horretan Eusko Jaurlaritza berria osatzeko negoziazioen lehen bilera burutu zuten EAJ eta PSE-EEko kideek. Sánchezen erabakiak balditzatu zezakeen negoziazio hori ere bai eta, hortaz, jakinmina handia zen. Goizeko hamaiketan agertu zen presidentea jarraitu behar zuela esateko. Berrikuntza demokratikoa aipatu zuen behin eta berriro eta fake albisteen garai honetan kazetaritza demokratizatu beharra ere nabarmendu zuen, kazetaririk eta galderarik egiteko aukerarik gabeko agerraldian, hori bai. Sánchez oraindik aktualitate politikoaren muinean zegoen bitartean informazio ekonomikoak normaltasuna berreskuratu zuen eta prezioen bilakaeraz edo euriborraz hitz egiten hasi ginen, berriz ere.

Inflazioa menderatzea, gero eta zailagoa

Inflazioaren datuak ezagutzeko egunak izaten dira hilabete bukaerakoak. Datu aurreratuak dira baina ekonomiaren bilakaeraren diagnostikoa egiteko baliagarriak. Espainiar estatuari dagokionez nobedadea azpiko inflazioak eman zuen. Ez da ohikoa elikagai freskoak eta energia aintzat hartu gabe aztertzen duen prezioen indikadorea inflazio orokorra baino altuago egotea. Horrela pasatu da azken 17 hilabeteotan, 2022ko azarotik. Apirilean, baina, azpiko inflazioa %2,7an kokatu zen, inflazio orokarraren azpitik, %3,3koa. Elikagaien prezioek baldintzatu dute inflazioa azken urteotan, pandemia eta, batez ere, Ukrainako gerrak eraginda. Badirudi, ordea,  jakien prezioen gorakada lausotzen ari dela. Hala, martxoan duela urtebete baino lau aldiz gutxiago garestitu ziren eta apirilean ere, antzeko ildoan dabil. Apirileko inflazioa erregaiek eta elikagaiek eragin zuten, batez ere, eta inflazioak hamarreko bat egin zuen gora martxoarekin alderatuta. Inflazioaz berba egiten dugunean, urtearteko alderaketari erreparatzen diogu batez ere, eta honek baditu bere albokalteak.

Elikagaien prezioek baldintzatu dute inflazioa azken urteotan, pandemia eta, batez ere, Ukrainako gerrak eraginda. Badirudi, ordea,  jakien prezioen gorakada lausotzen ari dela

Prezioen gorakada oso altuko garaiekin alderatuta, oraindik prezioek gora egiten jarraitzen badute ere, inflazioa moteldu dela esaten dugu. Oinarri efektua deritzo hori. Kontua da efektu hori agortzen ari dela, prezioen gorakada duela hilabete batzuk lausotzen hasi delako. Hortaz, urtearteko alderaketak gero eta zailago islatuko du inflazioaren beherakada. Badira, halere, beste bi gako nagusi apirileko inflazioa aztertzeko orduan. Alde batetik zergen aldaketa. Martxoan gertatu bezala argindarraren BEZ tasa %21era bueltatu zen. Aurreko urtean argindarraren prezioen gorakadari aurre egiteko BEZa murriztea erabaki zuen. 2023ko abenduan zerga-tasa murriztua mantentzea erabaki zuen energiaren prezioa altu mantendu bitartean. Martxoan gobernuak ezarritako mugatik behera kokatu zen eta tasa %21era igo zen berriz ere. Apirilean ere energia inoizko preziorik baxuenetan egon da eta tasa mantendu egin da. Urtearteko datuak, hortaz, bi tasa ezberdin alderatzen ditu eta horrek inflazioaren kalkulua desitxuratzen du. Kontsumitzaileen argindarraren kontratu motak ere kalkulua okertzen du. Tarifa erregulatua dutenek argindarraren merketzeaz probesten diren bitartean, merkatu librean daudenak ez.

Duela hilabete batzuk finkatu zituzten prezioak eta argindarrak behera egin arren prezio bera ordaintzen jarraitzen dute eta BEZa %21era igo egin zaie, faktura igoaraziz. Inflazioaren beste ez-ohiko gakoa petrolioarena da. Herrialde ekoizleek produkzioa murriztea erabaki badute ere, gaur gaurkoz eskaintza eskariaren gainetik dago. Hots, gehiago ekoizten da erosten dena baino.

Tentsio geopolitikoa Ekialde Hurbil osora zabalduko balitz Brent kupelaren prezioa 100 dolarretik gora garestituko litzake, Munduko Bankuaren arabera

Prezioak behera mugitu beharko lituzke horrek baina ekialde hurbileko egoera geopolitiko nahasiak prezioak garestiago kokatzen ditu. Gerraren prima deitzen zaio efektu horri. Munduko Bankuak Ekialde Hurbileko gatazkak erregaien prezioak izan ditzakeen balizko ondorioak aurkeztu zituen aurreko astean. Tentsio geopolitikoa Ekialde Hurbil osora zabalduko balitz Brent kupelaren prezioa 100 dolarretik gora garestituko litzake, Munduko Bankuaren arabera. Gazara baino ez balitz mugatuko, 84 dolarretan kokatuko litzateke. Pandemia aurreko prezioekin alderatuta, 57 dolar 2015 eta 2019 bitartean, garestitzea nabarmena da. Egoera egonkortu eta konpontzeak, hortaz, mesede egingo lieke erregaien prezioei. Esan beharrik ez dago gogorra dela oso Talaia honetatik ikuspegi ekonomikotik baino ez begiratzea Gaza pairatzen ari den egoera gogor, bidegabe eta krudelari. Frantziako inflazioari dagokionez, %2,2ra jaitsi zen apirilean eta Eurogunekoa %2,4ra. Bi kasuetan Espainiakoaren azpitik dago. Badirudi, hortaz, inflazioa menderatzeko indarra galtzen ari dela estatu espainiarra. Inflazioaren kontrola beti izan da Europako Banku Zentralaren helburu nagusia, %2ko maila xede izanda. Gerturatzen ari bada ere, %2,7an dago euroguneko azpiko inflazioa, oraindik badu bidea egiteko. Kontua da ea Europako ekonomiak eutsiko duen. Horrela esan zuen Christine Lagardek moneta politika zorroztea erabaki zuenean: tasak igoko zituela ekonomiak eutsi bitartean. Eta aste honetan ezagutu ditugu Barne Produktu Gordinaren datuak.

Aldeak hazkunde ekonomikoan

Europako Batasunak otsailean eguneratu zituen 2024ko eurogunerako aurreikuspenak, hazkundearen estimazioa hamarreko bat okertuz, %0,8ra. Aurreko urtean ozta ozta egin zion Europak izkin atzeraldiari eta aurten hazkunde oso motela espero zen. Aste honetako datuek, ordea, nahiko orekatuak izan dira, batean kale, bestean bale. Hala kontsumitzaileen eta enpresen kofindantzak atzera egin duen bitartean, Barne Produktu Gordinaren datuak espero baino portaera hobea izan du. Frantziaren BPGk %1,1 egin du gora lehen hiruhilekoan eta espainiar estatuarenak %2,4. Euroguneak, ordea, bilakaera askoz motelagoa izan du, bere BPGk lehen hiruhilekoan %0,4 gora eginda aurreko urtearekin alderatuta. Europaren ekonomia herrenka dabil nazioarteko beste eskualdeekin alderatuta. Horregatik, hain zuzen, ekingo dio Europako Banku Zentralak interes tasak jaisteari ekainaren 6ko bileran. Ez da izango ohiko erabakia. AEBko FED Erreserba Federalaren atzetik joan izan da EBZ honelako erabakietan baina aste honetako FEDaren bileran entzundakoak eta gero, litekeena da moneta politika leuntzeko erabakia are gehiago atzeratzea. Europan ekainerako espero da lehen jeitsiera, 25 puntutakoa.

Kontsumitzaileen eta enpresen kofindantzak atzera egin duen bitartean, Barne Produktu Gordinaren datuak espero baino portaera hobea izan du. Frantziaren BPGk %1,1 egin du gora lehen hiruhilekoan eta espainiar estatuarenak %2,4

Lagardek, hori bai, presarik ez duela argi esan du eta tasak ez dira jaitsiko igo ziren bezain agudo. EBZk egingo duelaren termometro ona izaten da Euriborra. 2023aren bukaeran moneta politika azkarrago lausotzea espero zuen merkatuak eta Euriborrak bizkor egin zuen behera. Usteak, baina, erdia ustel eta esperantza hori segituan hoztu egin zuen, Euriborrak berriro gora eginda. Ekaineko bilera hurbildu ahala Euriborra zertxobait makurtu da eta, hilabete luze eta gero, tasa aldakorreko hipoteka dutenek aringarri txikia izango dute maileguaren kuotetan. Apirileko urtebeterako Euriborraren batezbestekoa %3,696n bukatu zen. 150.000 euroko eta 25 urterako hipoteka mailegua duten bezeroek, Euribor + 1 prezioan, jaitsierak igoko dituzte kuotetan. Sei hilerik behin mailegua berrikusten dutenek 28 euro inguru aurreztuko dute kuotan. Urteko berrikusketa dutenek, ordea, gutxiago: 14 euro inguru.

Europarekin alderatuta, bilakaera hobea izaten ari da espainiar estatua. Espainiaren datu on hori, hain zuzen,  nabarmendu nahi izan du Carlos Cuerpo Espainiako ekonomia ministroak asteartean, Bruselari bere 2025erako aurreikuspena aurkeztean. Pandemian defizit arauak bertan behera utzi eta gero, zorrotz hasi da berriro Europako Batasuna estatuen defizita ikuskatzen. Cuerpo ministroak asteartean aurkeztutako txostenak ekonomiaren bilakaera hobea aurreikusten du: %2ko hazkundea 2024ean eta %1,9koa 2025erako. Defizitari dagokionez, aurten %3an kokatzea espero du eta 2025ean %2,5ean, datorren urterako zor publikoa %104,1era murriztuz. 

Aldarrikapenak kalean

Ekonomia ministroaren begirada baikor horrekin ez datoz bat sindikatuak. Hala aldarrikatu dute maiatzaren lehenean egindako manifestazioetan. Azken urteotan ohi bezala, bananduta atera dira sindikatu nagusiak Hego Euskal Herrian. Hala, bakoitza bere aldetik atera dira ELA eta LAB Hego Euskal Herriko kaleetan. Bilbon egindako manifestazioan ELAk karga politiko handiko aldarriak plazaratu ditu eta agintariei norabide aldaketa eskatu die. Gatazkaren garrantzia mahaigaineratu dute lorpen sozialak lortzeko. LABek Iruñean burutu du ekitaldi nagusia, bere 50. urteurrenaren harira. Lana, zaintza eta aberastasuna banatzeko eskatu du sindikatu abertzaleak kutsu internazionalista izan duen ekitaldian. Azken urteetan bezala CCOO eta UGT batera atera dira kalera, Pedro Sanchezek demokrazia indartzeko egindako aldarriarekin bat eginda. Lanaldia murriztea eta soldatak igotzea izan dira bi sindikatuen aldarri nagusia. ESK eta Steilas sindikatuak ere batera atera dira kalera. Ipar Euskal Herrian mobilizazioak batasun itxura izan dute, ondasunen banaketa hobea aldarrikatzeko. 

BBVA eta Sabadell. Bat eginda?

Bada, baina, maiatzaren lehen honetan egon den beste kezka berri bat. BBVA eta Sabadell bankuen arteko balizko bat egiteak izan ditzakeen ondorioak. Loli Garcia CCOOko EAEko Idazkari Nagusiak Radio Euskadin emandako elkarrizketan argi azaldu zuen fusioak enpleguan izan dezakeen ondorioekiko kezka. Garciak nabarmendu zuenez espainiar estatuan azken hamarkadan banku sektorearen berregituraketa oso gogorra egon da eta, aurrekari horiek ikusita, argi aldarrikatu behar da enplegua mantentzea eta lan baldintzak hobetzea. Azken ekitaldi hauetan bankuek izandako ez-ohiko mozkinei erreparatu nahi izan die CCOO buruak, eta horregatik etorkizunerako bideragarritasun plana eskatzen du. CCOO ez da izan fusio honen inguruan berba egin duen eragile bakarra. Yolanda Diez lan ministroak balizko erregulazio espedienteaz ohartarazi du. BBVAk 2021ean 2.900 lanpostutik gora murriztu zuen, sindikatuekin adostutako neurrien bitartez. BBVAk mahai gainean jarri duen bat-egitearen ondorioak Hego Euskal Herrian zer ondorio ikusteko dago. Egun 187 bulego dituzte bi erakundeek eta 1.600 langile inguru. Asteartean eman zuen BBVAk bere eskaintzaren berri eta asteazkenean argitaratu egin zuen Carlos Torres Vila Administrazio Kontseiluaren Presidenteak sinatutako gutuna, eragiketaren xehatasunak emanez. Banku bizkaitarraren jokaldiak jokoz kanpo utzi ditu merkatuak eta eragile nagusiak. Duela hiru urte eta erdi antzeko eragiketa planteatu zuten bi bankuek.

Goiz da oraindik bat-egiteak aurrera egin duen jakiteko. Europako Batasunak banku integrazioaren aldeko jarrera argia du, batez ere estatu desberdinetako bankuen artean

Testuingurua zeharo ezberdina zen eta Sabadell askoz egoera ahulagoa zegoen, TSB banku britainiarraren integrazioarekin trabatuta eta banku akzioen balioak %70 behera eginda. Bat egiteko aukerak porrot egin zuen bi asteko negozioazioen ostean, prezioan ados jarri ezinda. BBVAk Amerikako Estatu Batuetako negozioa saldu berria zen eta likidezia soberakina zuen halako eragiketa bati ekiteko. Diru hori, azkenean, Turkiako negozioa indartzeko eta akziodunei ordaintzeko erabili zuen. Sabadellek BBVAren ahalegina eta gero Kutxabankengana jo zuen, bat egiteko interesik zuen ikusteko, baina Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako aurrezki kutxen bankuan ez zuen aldeko jarrerarik ikusi. Oraingoan baliteke fusioak aurrera egitea. BBVAk eskaintza aurreko eguneko prezioaren gainean %30ko prima eskaini du akzio bakoitzeko eta egoitza operatibo bikoitza izateko aukera ere eskaini du. Goiz da oraindik bat-egiteak aurrera egin duen jakiteko. Europako Batasunak banku integrazioaren aldeko jarrera argia du, batez ere estatu desberdinetako bankuen artean. Pentsatzekoa da Europako 10. bankurik nagusiena izango litzateken fusio honen alde agertuko dela, baina banku sistemikoa izateko arriskua ere badago.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK