Baterien segurtasun egoera iragartzeko proiektua, Mondragoneko euskarazko gradu amaierako lan onena

Mondragon Unibertsitateak eta Mondragon Taldeak antolatuta, Ikerlanentzako egin du proiektua Ainhoa Mugertza ikasleak. Bigarren izan da Elene Gisasola, Danobatentzat egindako proiektu batengatik

Aurtengo irabazleak erdian Mondragoneko ordezkariekin batera| Argazkia: Mondragon Korporazioa Aurtengo irabazleak erdian Mondragoneko ordezkariekin batera| Argazkia: Mondragon Korporazioa

Mondragon Unibertsitateak eta Mondragon Korporazioak euskaraz egindako gradu amaierako lan onenak aitortu dituzte, Mondragonek Otalora Jauregian duen egoitzan.  Mondragon Unibertsitateko bi proiektu saritu dira. Lehen sariaren irabazlea Ainhoa Mugertza izan da, Industria Elektronikako Ingeniaritza graduko ikaslea, IKERLANentzako egindako Baterien segurtasun egoera iragartzea (SOS) lanagatik eta 1.500 euroko saria jaso du.

Bigarren sariaren irabazlea Elene Gisasola izan da, Industria Diseinuko eta Produktu Garapeneko Ingeniaritza Graduko ikaslea, Danobatentzat egindako proiektu honengatik: Lean metodologiaren hobekuntza bertikalki artezteko makinaren muntaketa prozesuan. Kasu honetan, saria 500 eurokoa izan da.

Sari hauen hamahirugarren edizioa da eta helburu dute euskararen erabilera areagoatzea, unibertsitateko ikasleek gradu-amaierako lanak enpresetan euskaraz egitera bultzatuz.

Datuei dagokionez, guztira 947 proiektu garatu dira Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultatean, Goi Eskola Politeknikoan eta Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean. Horietatik 308 euskaraz egin dira, alegia, %32,5. Era berean, Mondragon taldeko kooperatibetan 211 proiektu landu dira eta horietatik 61 euskaraz izan dira (%28,91 eta iaz %27,7).

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK