Etapakako Europako lasterketen erreferentziazko lasterketa Frantziako Tourra da. 1903an jaio zen, eta arrakasta ikusita, denek imitatu nahi izan zuten. “Tourra ekonomia sustapenerako ideiarekin sortu zuten”, adierazi du Jose Antonio Díaz Sáez kazetariak. Batetik, Frantzian “ehun oso garrantzitsua” zegoelako bizikleten ekoizpenari lotua, 200 eta 300 fabrika bitarte. “Industriak interesa zuen bizikletak sal zitezen. Esaten da 1907. urtean, 2,2 milioi bizikleta zeudela herrialdean errodatzen”, gaineratu du. Bestetik, L'auto kiroletako egunkaria promozionatzeko helburua izan zuen, eta haiek antolatu zuten.
Euskal Herrian, hasiera-hasieratik jarraitzen zer Tourra, bizikleta zaletasun handia baitzegoen. “Gure errepideetatik aritutako lehen bizikletak 1868. urtekoak dira, beraz, ez zen fenomeno berria. Egia da 1900 urte aurretik bizikletan aritu eta lehian aritzen zirenak aberatsak zirela, egun bakar bateko lasterketetan”. 1900 urtetik aurrera, baina, prezioak jaitsi, eta jende gehiagorengana iritsi zen bi gurpildun garraioa.
Hala ere, 1924ean lehen Itzulia antolatu zenean I Vuelta al País Vasco edo Gran Premio Excelsior izenpean, lehiako bizikletari loturiko euskal ehun ekonomikoak ez zuen apenas indarrik oraindik. “BHk 1923an bizikletak egiten zituen, baina paseokoak ziren, Eibarreko langileentzako garraio izateko. Orbeak 1930era arte ez zuen salto egin mundu horretara”. Aldiz, egunkari bati bultzada ematea ere izan zen lehen itzuliaren sorreraren helburuetako bat: Excelsiorrena, hain zuzen.
Negozio aukera
Lehen edizioaren aurretik, halako lasterketa antolatzeko saiakerak egin ziren. Horren adibide dira Irun-Pamplona-Irun (1909) eta Vuelta a las Vascongadas y a Navarra (1913an). Baina Excelsior sortu zenean, Jacinto Mikelarena lehen zuzendariak Tourraren adibidea hartu nahi izan zuen euren egunkariari bultzada emateko asmoz.
1924ean lehen Itzulia antolatu zenean, lehiako bizikletari loturiko euskal ehun ekonomikoak ez zuen apenas indarrik oraindik. “BHk 1923an bizikletak egiten zituen, baina paseokoak ziren [...]. Orbeak 1930era arte ez zuen salto egin mundu horretara”
“L'Autoko arduradunarekin hitz egin zuen, eta oso ideia ona iruditu zitzaion. Baina are hobeagoa iruditu zitzaion Automotori, bizikleten ekoizpenean aritzen zen enpresa frantses handietako bat zena, bizikletak saltzeko negozio aukera ikusi baitzuen”, plazaratu du Díazek. Izan ere, EAEk biztanleria-masa bazuen, eta euskal industriak indarra zuen.
1924ko edizioa, abuztuaren 7tik 10era egin zen, hiru etapatan, Bilbon hasi eta bukatuta. Automotok babestu zuen. “Enpresa horrek mundu mailako korrikalari onenak zituen, Tourrera eramaten zituenak, eta etortzera derrigortu zituen”, azaldu du. Pelissier anaia ezagunek, esaterako, kontra egin zuten hasiera baten, baina azkenean etorri egin ziren, eta lasterketaren alderdi onak azpimarratzen bukatu zuten, antolaketa kasu.
Garaiko lasterketetan, oraindik ere ohikoa zen sariak jenerotan jasotzea: “Nivea potea, urdaiazpikoa, txorizoa, zigarreta-kaxa. Dirutxo bat ere kobratzen zuten, baina batez ere erromantikoa zen”. Baina nazioarteko jendea ekarrita, Itzuliak sailkapen “profesionalizatuagoa” izan zuen lehen ediziotik. “Etapak egiten ziren tokietan sariak jenerotan banatzen ziren. Baina sailkapen nagusian dirua ere ematen zen”. Francis Pelissierrek irabazi zuen lehen edizioa eta 2.000 pezeta jaso zituen, “garairako dirua zena”.
Arrakasta
Bai Excelsiorrek, bai Automotok euren helburuak lortu zituzten. Díazek emandako datuen arabera, Excelsiorren lehen zenbakia 1924ko martxoaren 31ean kaleratu zuten, 20.000 aleko tiradarekin. Abuztuaren 7koan, lehen etapa egin zenean, 60.000koa egin zuten. Bestalde, Automotok, Itzuliaren aurretik, bizikletetan 70.000 franko saltzen zituen hilean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan; 4 urteko epean, 4 milioi franko saltzera igaro zen.
Lehenengo urte horietan abiada hartuta zuen Itzuliak, baina 1931 eta 1934. urte bitartean ez zen egin. “Urte horietan, nahiz eta nazioarte mailako indarra izan, ez zen sartu UCI txirrindularien nazioarteko batasunaren egutegian, garai hartako Espainiako federazioak ez zuelako eskatzeko ardura hartu, eta testuinguru sozial eta politikoko tentsioak zirela eta”, adierazi du.
Automotok, Itzuliaren aurretik, bizikletetan 70.000 franko saltzen zituen hilean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan; 4 urteko epean, 4 milioi franko saltzera igaro zen
1935ean, aldiz, izapide administratiboak gauzatu, eta Itzulia bueltatu egin zen. Edizio horretan izan ziren babesle lehen aldiz Orbea eta BH. “Ordurako enpresa sendoak ziren, eta lehiaketarako bizikleta garrantzitsuak egiten zituzten”, dio.
Eibarko Bizikleta
1936an Gerra Zibilak eztanda egin zuen, Itzulia bertan behera utzita. 1940ko hamarkadan halako lasterketak antolatzeko saiakerak egin baziren ere, 1952. urtera arte ez zen iritsi 'aro berriaren lehen bultzada.
Urte horretan sortu zuen Eibarko Bizikleta (aurrerago Euskal Bizikleta), Eibarko Txirrindulari Elkarteak bultzatua. 1968. urtera arte hark izan zuen protagonismoa, eta 1969an Vuelta al País Vasco-Bicicleta Eibarresa antolatu zen lehen aldiz, aipatutako elkarteaz gain La Voz de España egunkariaren babesletzarekin. “Kasu horretan ere prentsa zegoen interesatua, egunkari gehiago saltzeko, telebista oraindik ez zegoelako”.
Ordurako, baina, baziren hainbat aldaketa, txirrindularitza mundutik kanpoko babesleak ere sartzen hasi zirelako. “Nivea izan zen bizikleta mundutik kanpo sartu zen lehen babeslea, Italiako Giroan, kasu horretan”. Zentzu berean, Díazek azaldutakoaren arabera, lehen partean ehun industrialak izan zuen garrantzia galdu egin zen. “Egun ere ikusten dugu BH eta Orbeak duten garrantzia eta taldea babesten jarraitzen dutela. Baina bestelako enpresek hartzen dute”. Eta, horrez gain, aipatzekoa da Itzuliak dirulaguntza publiko bitartezko finantzazioa ere jasotzen duela. Hedabide honek ez du zifra zehatza topatu.
1974an Eibarko Bizikleta eta Itzuliak euren bideak banandu zituzten, harik eta 2009an berriro bat egin zuten arte, egungo Itzuliara iristeraino
1974an Eibarko Bizikleta eta Itzuliak euren bideak banandu zituzten, harik eta 2009an berriro bat egin zuten arte, egungo Itzuliara iristeraino. Hain zuzen, etapa berri horretan jaio zen itzulia.eus domeinua eta lasterketaren euskarazko webgunea. Horren atzean izan zen Tropela Elkartea. "Guk eskua bota genien horretan, sare sozialetan, eta ingelesezkoa ere sortzen. Gainera, harro gaude Itzulia hitza erabiltzea ere sustatun genuelako", azaldu du Egoitz Lizasok.
Hala ere, Lizasoren ustez, Itzuliaren biziraupenerako garrantzitsua litzateke esparru ekonomikoan beste salto bat ematea. "UCI Nazioarteko Txirrindularitza Batasuneko Elite mailako lasterketa izanda, uste dut diru publikoarekiko duen dependentzia gutxitu beharko lukeela. Lasterketak bere biziraupenerako errekurtso propioak izango balitu hobe litzateke", plazaratu du.