BEC: 20 urte, 3.000 ekitaldi

2004ean Makina-Erremintaren Nazioarteko Biurtekoa izan zen Bilbao Exhibition Centren egin zen lehen topaketa. Ordutik 19 milioi pertsona igaro dira Barakaldoko eraikinetik, eta 1.806 milioi euroko inpaktu ekonomiko metatua sortu du

BEC martxan jartzeko 420 milioi euroko inbertsioa egin zen | Argazkia: Jon Hernaez / Foku BEC martxan jartzeko 420 milioi euroko inbertsioa egin zen | Argazkia: Jon Hernaez / Foku

Mende berriaren hastapenetan hasi ziren lehen zurrumurruak. “Euskal Herrian eraikiko da Europako erakustazoka aurreratuena” zioten egunkarietako hainbat lerroburuek. Nazioarteko erakusketariak erakarriko zituen proiektu “enblematikoa”, euskal ekonomiaren eragile handienetako bat izateko helburua zuen proiektuak. Azoka-tradizioa oinarri zuen 120 urteko historiaren lekukotza jaso —Bilboko Nazioarteko Erakustokiarena, hain zuzen— eta, aldi berean, XXI. mendeko erronkei aurre egiteko aukera emango zuena.

Cesar Azkarate (Idom) eta Esteban Rodriguez (Sener) arkitektoak arduratu ziren eraikinaren diseinuaz, baina, lehenago Europako erakustazoka bat baino gehiagora joan ziren inspirazio bila. Euren ibilbide profesionaleko erronka handiena izan zela aitortu zuten bi arkitektoek, izan ere, hiru urteetan espazio diseinatu eta eraikitze lanak amaitu behar baitziren.

Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia, Barakaldako Udala eta Bizkaiko Merkataritza Ganbera izan ziren BECen bazkide sustatzaileak, eta 420 milioi euroko inbertsioa egin zen. 2002an hasi ziren eraikitze lanak, Barakaldon, lehenago Bizkaiko Labe Garaiena izan zen orube batean, 2004ko Makina–Erremintaren Nazioarteko Biurtekoan inauguratzeko asmoarekin. Hala izan zen, ekitaldiaren 23. edizioa egin baitzen BECen, eta gerora, era guztietako 3.172 ekimen bildu dira bi hamarkadetan, hala nola, azokak, konbentzioak, kongresuak, enpresen bilerak, batzarrak, erakusketak, oposizio publikoko azterketak, kontzertuak, musika eta kirol arloko ikuskizunak edota ekoizpen zinematografikoak.

Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia, Barakaldako Udala eta Bizkaiko Merkataritza Ganbera izan ziren BECen bazkide sustatzaileak, eta 420 milioi euroko inbertsioa egin zen

Pasa den urtean soilik, 224 ekitaldi egin ziren erakustazokan, BPGan 156 milioi euroko inpaktua sortuz, inoizko handiena. Hala, hogei urte hauetan 19 milioi pertsona igaro dira Barakaldoko erakustazokatik, eta erakundeak 1.806 milioi euroko inpaktu ekonomiko metatua sortu du.

Hain zuzen ere, EAEko ekonomian halako eragina izateko helburuarekin jaio zen BEC, jarduera hiru negozio-lerro handitan banatuz: azokak eta erakusketak, konbentzioak eta Bizkaia Arenako ikuskizunak. Horretarako sei pabiloietan banatu zuten espazioa, eta erakustazoketarako 155.000 m2ko azalera eraiki zen, aintzina Bilboko Basurtu auzoan zegoen Bilboko Nazioarteko Erakusketak zuena baino ia 70.000 m2 gehiago. Bizkaia Arena, 20.000 lagun baino gehiagorentzako edukiera duen erabilera anitzeko pabilioia; BEC Batzarrak kongresuen guneak 18.000 m2 ditu; eta 4.000 ibilgailurentzako aparkalekua ere aurki daiteke barrutian.

Bienal'04 52
2004ko Makina-Erremintaren Nazioarteko Biurtekoa muntatzen | Argazkia: BEC

Hamaika industriaren topaleku

Arestian aipatu bezala, BIEMH Makina-Erremintaren Nazioarteko Biurtekoa izan zen barrutian egin zen lehen ekitaldia. Biurtekoaren lehen edizioa 1961eko martxoan egin zen Bilboko Nazioarteko Erakustazoka zaharrean. Ekitaldi aitzindaria izan zen orduan, industria arloan mugarri bilakatuz, eta lehen aldiz lurraldeko nahiz nazioarteko makina-erreminta sektoreko enpresen topalekua bilakatu zen. Hirugarren ediziorako biurteko bilakatu zen, eta ordurako jada 400 enpresa eta 4.000 tona makineria batu zituen ekitaldiak.

Egun sektoreko jardunaldirik garrantzitsuena bihurtu da nazioartean. Aurten BECen egingo den 32. edizioan, Mexiko izango da herrialde gonbidatua, eta 29 herrialdeetako 1.300 enpresa izango dira bertan. Gainera, makina-erreminta sektoreko 2.500 produktu baino gehiago izango dira erakusgarri.

Biurtekoaz gain, ekonomia sektore askotako hamaika azoka egin dira barrutian azken bi hamarkadetan. Pasa den martxoan, esaterako, Wind Europen urteroko ekitaldiaren edizio berri bat egin zen bertan. Haize energia sektorearen inguruko jardunaldi hori egiteko hirugarren aldiz hautatu zuten Barakaldoko eraikina, 2019 eta 2022an ere bertan antolatu baitzen. Azken edizioan, 30,1 milioi euroko eragin ekonomikoa izan zuen topaketak antolatzaileen arabera, 80 herrialdeetako 12.000 profesional batuz.

Wind Europen urteroko ekitaldiaren edizio berri bat egiteko hirugarren aldiz hautatu zuten Barakaldoko eraikina, 2019 eta 2022an ere bertan antolatu baitzen

+Industry industriarako produktu, prozesu eta irtenbideetako azken berrikuntza eta garapen eskaintzen dituen hainbat lehiaketa biltzen dituen plataforma da, eta urte bakoitietan, BIEMH egiten ez denean, erakustazokaren industria sektoreko jardunaldi nagusia da. Azken edizioa iaz egin zen, eta 20 herrialdetako 800 erakusketari izan ziren bertan.

Aipatutakoez gain, Gastech, Steel Tech, Egurtek, Addit3d, Basque Open Industry, BeDigital, World Maritime Week, MAN Kamioien Mundu Aurkezpena edota Skoda etxearen kontzesionarioen munduko kongresua azokak ere egin dira, besteak beste.

Bizkaia Arena: ikuskizunen etxea

Ikuskizunekin lotutako ekitaldi gehienak BECen laugarren pabilioian, Bizkaia Arenan gauzatu dira. Azken hogei urteotan nazioarteko musikari ospetsuenak pabilioiko oholtza zapaldu dute. Seguruenik lehen kontzertu entzutetsuena Bryan Adamsek 2005ean emandakoa izan zen. Ostera, Bruce Springsteen eta Chuck Berry izan ziren 2007an, eta hurrengo urteetan Bob Dylan, Leonard Cohen, Rihanna edota Elton Johnen kontzertuak egin dira. Era berean, AC/DC (2009), The Who (2007), Iron Maiden (2014) edota Deep Purple (2017) bezalako banda historikoen melodiak entzun ahal izan dira. 2018an Berri Txarrakek BECen emandako kontzertua ere mugarri izan zen, bai BECentzat, baita Lekunberriko taldearentzat ere.

2005eko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren finala BECen egin zen lehen aldiz, eta gerora beste hiru final egin dira bertan, nahiz eta azkena Iruñean, Nafarroa Arenan, egin. MTVren EMA sariak, NBA Global Games topaketa, ZEID Fest musika festibala eta Europako boxeo txapelketa ere egin dira urte hauetan guztietan.

2005eko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa finala ere BECen egin zen lehen aldiz, eta gerora beste hiru final egin dira bertan

Pandemia garaian, bereziki kolpatuak izan ziren bi sektoreri (ostalaritza eta zuzeneko musika) laguntzeko asmoz, Zerupeko Gauak zikloa ere antolatu zen, eta erakustazokaren terraza baliatu zuten zuzeneko kontzertuak eta afariak eskaintzeko.

Hogeigarren urte honetan Bryan Adams itzuliko da BECera. Artista kanadarra, 2005ean lehen kontzertua eman eta gero, beste bi aldiz izan da barrutian, eta laugarren aldiz joko du azaroaren 15ean. Maná talde mexikarra ere laugarren aldiz izango da aurten. Era berean, Ura Bere Bidean egitasmoaren edizio berri bat egingo dute, aurten bi datetan banatuta lehen aldiz.

Constru'04 43
2004ko Construlan azoka | Argazkia: BEC

Berrikuntza eta nazioarteko proiekzioa 20. urteurrenean

Aurten energiaren sektorean antolatutako nazioarteko ekitaldi garrantzitsuenak martxoan egin dira: EHEC-European Hydrogen Energy Conference eta lehen aipatutako WindEurope Annual Event. Fabrikazio aurreratuan, Makina-Erremintaren Nazioarteko Biurtekoren epe berean (ekainaren 3tik 7ra), ADDIT3D Fabrikazio Aditiboaren eta 3Dren Nazioarteko Azoka, BeDIGITAL teknologia digitalen industria aplikazioei zuzendutakoa eta WORKinn Talen Hub gazteentzako enplegu eta formakuntza foroa ere egingo dira, mundu osoko bisitari eta erakusketariak lehen mailako ingurune industrial batean murgilduz.

Aurten energiaren sektorean antolatutako nazioarteko ekitaldi garrantzitsuenak martxoan egin dira: EHEC-European Hydrogen Energy Conference eta lehen aipatutako WindEurope Annual Event

Elikagai industrian edo FoodTech delakoan, Food4Future azoka ere egin zen pasa den apirilean eta otsailean packaging sektoreko Empack azoka. Halaber, azokaren eta kongresuaren esparruko bi deialdik emango diote amaiera urteurrenari: Espainiako Azoken Elkarteak (AFE) eta Espainiako Kongresu Jauregien Elkarteak (APCE) bigarren kongresu bateratua egingo dute, AFE-APCE II Kongresua, hain zuzen, eta EMECAren Europako azoka-esparru nagusiak biltzen dituen elkartearen urteko batzarra ere egingo da. Gainera, 2025ean Enlit Europe izeneko konferentzia antolatu dute. Iberdrolak Enlit komunikazio enpresa europarrarekin adostutako aliantza estrategian oinarritutako ekitaldia izango da, zeinak trantsizio energetikoa izango duen ardatz.

Hartara, BECeko ordezkariek azaldu dutenez, jasangarritasuna, digitalizazioa edo erabiltzailearen esperientzia izango dira aurrera begira erakustazokaren zutabe nagusiak. Etorkizunean, azken hogei urte hauetan bezala, EAEko garapen sozioekonomikorako "lehen mailako espazio" izaten jarraitu nahi du, tokiko ekonomia eta industria ahaztu gabe, nazioarteko proiekzioan oinarrituta. Europa eta mundu mailako erreferentziazko zentro izateko jaio zen, eta erronka hori bete duela esan daiteke.

Informazio gehiago
Nolako sektorea, halako azoka
Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK