Berlusconi, negozioak eta politika ikuskizun bihurtu zituen Il Cavaliere

Futbola, komunikabideak eta banka. Hiru zutabetan oinarritutako inperioa utzi die Berlusconik oinordekoei, eta heriotzaren albistea zabaldu eta berehala bere enpresen akzioek % 10 bitartean egin dute gora. Bere jardunak populismoa izan du ardatz, eta negozioetan zein politikan eta legearen mugekin jolastea leporatu zaio hainbatetan

Argazkia: Niccoló Caranti ( Wikimedia Commons) Argazkia: Niccoló Caranti ( Wikimedia Commons)

Populismoa mundu osoko politikagintzan gailendu den sasoian hil da Silvio Berlusconi. Badira bere inguruan berba egiteko erabili daitezkeen hitz ugari: matxista, homofobo edo populista, besteak beste. Aitzitik, egiari zor ezin da ukatu aitzindaria izan zenik. Bezeroak eta, oro har, gizartea erakartzeko gakoak identifikatzen jakin zuen enpresari italiarrak eta horri esker enpresaren alorrean inperioa eraiki zuen. Politikan ere marka lortu zuen, hiru aldiz Italiako lehen ministroa izatera helduta. Espektakuluan oinarri zuen bere negozioetarako estrategiaren muina. Politikara jauzi egiteko orduan ere berdin jokatu zuen, tifosien neurrira diseinatutako izena zuen Forza Italia alderdia sortuta. Negozioetan zein politikagintzan legearen mugen hegietan jokatu zuen Berlusconik, baina eskandaluak eskandalu, senatari izanda eta 6.900 milioi euroko aberastasuna lortuta hil da.

Silvio Berlusconiren negozioen uzta oparoa Fininvest holdingean biltzen da. Konpainia formalki 1978an eratu bazen ere, Berlusconiren enpresa ibilbidea bi hamarkada lehenago hasi zen. Dirua irabazteko kantari bezala aritu zen baina horrek ez zuen bere aitaren asmoa gogobetetzen eta xurgagailuak saltzen ere ibili zen. Banka alorreko langilea zuen aita eta semearentzat bestelako helburuak zituen. Aitak lan egiten zuen bankuak emandako kreditu bati esker Silvio Berlusconik aberasteko lasterketari ekin zion, 25 urte zituela. Goiz hasi zen Berlusconi gaztea susmopeko portaerekin. Kreditua emateko orduan mesede-traturik egon ote zen zalantzak egon zen. Kredituaren dirua etxegintzaren alorrean aritzeko erabili zuen eta , higiezinen alorreko loraldiak hauspotuta lortu zuen arrakasta. Bezeroen asmoak erraz ulertzen jakin zuen eta beste inork eskaintzen ez zuen etxe mota merkaturatu zuen: lorategi zeukana. Etxeak ez ezik, merkataritza guneak ere eraiki zituen.  

Ikus-entzunezkoen inperioa

1977an izan zuen komunikabideekin lehen hartu emana, Italia osorako hedapena zuen Il Giornale egunkaria argitaratzen zuen Società Europea Edizioni enpresa erosita. Berlusconik argi zuen komunikabideen alorra kontrolatzeak ospea eta dirua emango ziola, eta baita bere irudia zabaltzeko bidea ere. Etxeak saltzen zituela erraz ohartu zen familiek egongelaren erdian telebista kokatzen zutela eta telebista kate txikiak erosteari ekin zion, Telemilano  edo Canale 5, besteak beste.

Garai horretan soilik RAI kate publikoak igorri ahal zuen herrialde osoan eta Berlusconik arazoak izan zituen. 1990an bere laguna zen Bettino Croxi lehen ministroak legea aldatu zuen telebista pribatuek ere Italia osoan igorri ahal izateko. Garai horretarako Fininvest holdingak telebista kate gehiago, ikus-entzunezkoen ekoizpen etxeak bat eta telebistaren inguruko aldizkariak erosi zituen. Kontsumo azkarreko telebista programazioan oinarritutako eskaintzak arrakasta lortu zuen eta 1990an bere negozioa Espainiar estatura hedatu zuen, Telecinco telebista katearen bitartez. Italiako eredua errepikatuz arrakasta lortu zuen Telecincok eta Fininvest konpainiak ikus-entzunezkoen alorrean inbertsioak egiten jarraitu zuen, Endemol bezalako ekoizpen etxea erosiz.

Telebista kate txikiak erosiz lortu zuen Italia osoan igortzen hastea, legez kontrakoa bazen ere. Politikarien mesedeei esker lortu zuen baimena

Asialdian, futbola eta kutsu matxistako programazioan oinarritu zuen Berlusconik Italia eta Espainiako telebista kateen arrakasta, urteek aurrera egin ahala realityak eta txutxumutxuen edukiak gehituz. Ikus-entzunezkoen alorra Mediaset Italia eta Mediaset España enpresetan batu zituen. 2023ko apirilean konpainiak berregituraketa korporatibo bat egin du eta Italia eta Espainiako filialak Herbeheretan egoitza duen MFE MediaforEurope enpresan integratu ditu. Orain arte Mediasat Españako akzioak Madrilgo burtsan negoziatzen baziren, fusioaren ondorioz Balore Merkatuaren Batzordeak kotizazioa eten du. Bihar ekingo dio MFEk Madrilgo burtsan akzioak berriro ere negoziatzeari. Ikus-entzunezkoekin batera liburuen eremua izan da Fininvest jorratu duen beste negozio ildoa, Mondadori taldearen bitartez. Italiako liburuaren sektorean % 25 inguruko merkatu kuota du eta aldizkarien eremuan ere arrakasta handia du.

Futbola, pasio bezain negozio

Futbola izan da Berlusconiren pasioetako bat. Zaletasuna, baina, negozio bihurtzen ere jakin izan du enpresa gizon italiarrak. 1986an erosi zuen Fininvestek Milan taldea, porrot egoeran zegoela. B Seriera jaitsi berria zen eta finantza egoera oso larrian zegoen. Salbatzaile gisa agertu zen Berlusconi zaletuen aurrean eta, bere ikuskizunetarako joerari jarraituz, helikoptero batean agertu zen estadioan, jokalariekin batera, Wagnerren Valkirien musikarekin. Hogei urtez izan zen Berlusconi AC Milanen presidente eta uzta oparoa utzi zuen: 31 garaikur, tartean 5 Champios League.

Uztak, aldiz, bazuen bere albo kaltea, gehiegizko zorpetzea. 2017an, 220 milioi euroko zorra zuela, taldea saldu zion Txinako inbertitzaile bati 740 milioi euroren truke. Egun AEBko RedBird Capital Partners inbertsio funtsa da taldearen jabe. Milanekin lortutako arrakasta errepikatzeko asmoz, eta Berlusconiren handikeria nahiarekin bat eginez, 2018an ekin zion bigarren aldez futbolaren munduari, Lombardiako Calcio Monza taldea, C Seriean jokatzen zuena, erosita. Lau urte geroago lehen mailara eramatea lortu zuen.

Banca Mediolanum: EBZk zaplaztekoa eman zionekoa

Hedabideena eta futbolarekin batera bankuen mundua izan da Berlusconiren negozioen hirugarren ardatza. Ennio Doris enpresari italiarrak 1982an eratu zuen Banca Mediolanumen akzioen % 30 kontrolatzen du Fininvestek. Parte hartze hori handiagoa nahi zuen Berlusconik, eragiketa korporatibo baten bitartez. Europako Banku Zentralak, berriz, ukatu egin zion eragiketa hori egiteko aukera. Kontrol zorrotza ezartzen du EBZk Europako bankuen gainetik eta, besteak beste, finantza erakundeetan parte hartze kualifikatuak dituzten akziodunen gainean azterketa egin behar du, bere erreputazioa egokia den erabakitzeko.

Banca Mediolanumen parte hartzea handitu nahi izan zuen baina EBZk betoa ezarri zuen: Berlusconik ez zuen erreputazio egokirik

2015ean Banca Mediolanum eta Mediolanumen enpresek bat egitea adostu zuten. Berlusconik Fininvest holdingean zituen akzioen ondorioz Berlusconi Banca Mediolanumen parte hartzaile kualifikatu bihurtuko zen eta EBZk beto eskubidea erabili zuen. 2013an Silvio Berlusconi zerga iruzurragatik kondenatu zuten eta, hori argudiatuta, EBZk Berlusconi ospe egokiko pertsona ez zela ebatzi zuen. Berlusconik EBZren erabakia auzitegietara eraman zuen baina 2022ko maiatzean Europako Batasuneko Auzitegi Orokorrak EBZren alde ebatzi zuen. Fininvestek, hortaz, Banca Mediolanumen % 30eko partehartzea baino ez du.

Berlusconiren enpresen akzioak gora

Aberastasun handia metatu du Berlusconik bere negozioen bitartez. 2021ean, esaterako, Fininvestek 3.818 milioi euroko diru sarrerak eta 360 milioiko mozkina izan zuen. Forbesek emandako informazioaren arabera Berlusconiren ondarea 6.900 milioi ingurukoa da. Enpresari italiarraren oinordekotzaren nondik norakoak ezagutzen ez badira ere, pentsatzekoa da bere bost seme-alabek eta bere egungo bikotearen artean banatuko dela. Bere alabarik zaharrena, Marina Elvira Fininvesten lehendakaria da eta bere beste seme alabek zuzendari lanak burutzen dituzte. Fininvestek atzo kaleratu zuen prentsa oharrak enpresaren jarraitutasuna nabarmentzen du.

Oharrak, ordea, ez du balio merkatuak baretzeko eta Fininvestek parte hartzen duten negozioetan eragiketa korporatiboak gauzatzeko aukeraren inguruko zurrumurruak zabaldu dira. Gauzak horrela Fininvesten enpresa nagusien akzioen kotizazioek gorakada handia izan zuten atzo. Horrela, MFE enpresaren akzioek % 11 egin zuten gora atzo Milango burtsan. Berlusconiren heriotza jakitean Milango burtsak MFEren akzioen negoziazioa eten egin zuten tarte batez. Madrilgo burtsako kotizazioari dagokionez, bihar hasiko dira kotizatzen berriz ere eta gorakada nabariak espero dira. Fininvesten beste enpresen akzioek ere, Mondadori edo Banca Mediolanum, besteak beste, gora egin zuten atzo nabarmen.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK