Uda sasoian, sarritan, aurten gertatzen ari den bezala, tenperatua altuak jasan behar izaten dituzte langileek. Alabaina, zuzenbideak edozenbat neurri jaso ditu langileak berotik babesteko.
Zenbait lanbidetan, beren-beregi arautu dira beroaren aurkako lan-baldintzak, lanaldiari dagokionez. Nekazaritzan, 1561/1995 Errege Dekretuak, lanaldi bereziei buruzkoak, ezarri du tenperaturaren aldetik ezohikoak diren baldintzetan zein zeregin gauzatu. Zereginotan lanaldi arruntak ezin ditu gainditu lan eragingarriko 6 ordu eta 20 minutu egunean, eta 38 ordu astean. Zeregin horiek hitzarmen kolektiboaren bidez zehatz daitezke. Gainera, posible da hitzarmenak denbora gutxiagoko lanaldiak ezartzea.
Adibidez, Almeriako sektoreko hitzarmenak errege-dekretu horrek jasotako mugak ezarri ditu berotegietako lanetarako, ekainetik irailera bitarteko hilabeteetan. Ciudad Realeko sektoreko hitzarmenak ezarri du berotegi barruko tenperaturak 38 gradu gainditzen dituenean, langileek orduko 10 minutuko atsedenaldia izan behar dutela, eta atsedenaldi hori ezin dela konpentsatu, ez beste lanaldi batzuk ezarriz, ezta ordainsariak murriztuta ere. Antzekoa jaso du Valentziako sektoreko hitzarmenak; halaber, zehaztu du hori guztia behar bezala betetzen dela bermatzeko berotegietan termometroak ipini behar direla eta atsedenaldiak langileburuek kontrolatu behar dituztela.
Zenbait lanbidetan, beren-beregi arautu dira beroaren aurkako lan-baldintzak, lanaldiari dagokionez. Nekazaritzan, 1561/1995 Errege Dekretuak ezarri du tenperaturaren aldetik ezohikoak diren baldintzetan zein zeregin gauzatu
Baina baliteke hitzarmenak ezer zehatzik ez jasotzea horren inguruan. Hori berori gertatzen da Hego Euskal Herrian dauden sektoreko bi hitzarmenetan, alegia, Arabako nekazaritzako eta abeltzaintzako jarduerako sasoikako lanerako hitzarmenean eta Nafarroako nekazaritzako eta abeltzaintzako hitzarmenean. Orduan, baliteke tokiko ohitura eta usadioetara jotzea, Kanarietako sektoreko hitzarmenak gogorarazi duen bezala. Nolanahi ere, enpresaburuak eta langileek edo horien ordezkariek kasuan kasuko neurriak ados ditzakete. Adostasunik lortu ezean, lan-agintaritzak erabaki dezake lan-denbora murriztea bidezkoa den ala ez, eta, bidezkoa dela erabakiz gero, murrizketa horren norainokoa. Erabaki hori hartzeko, ordea, lan-agintaritzak, aldez aurretik, Lanaren eta Gizarte Segurantzaren Ikuskatzailetzaren txostena eskatu beharko du eta, hala denean, aholkua eskatu beharko die lan-arriskuen prebentzioaren arloko teknikariei.
Nekazaritzatik kanpo ere aintzat hartu
Nekazaritzatik kanpo, kontuan hartu beharko litzateke ingurumen-arriskuak dituzten lanei begira aipatu errege-dekretuak ezarritakoa. Horrela, bereziki kaltegarriak diren ingurumen-arriskuen mende, eta, beraz, beroaren mende, jardun beharreko lan-denbora mugatu edo murriztu behar da, legeria aplikagarriak dioena bete arren, lanaldi arrunta gauzatzeak langileen osasunarentzako arrisku berezia sortzen duenean, aparteko nekagarritasun-inguruabarrak izateagatik, betiere arriskua ezin bada ezabatu edo murriztu bestelako babes- edo prebentzio-neurri egokiak hartuta.
Kasu horretan ere, hitzarmen kolektiboak ezer ezarri ezean, eta enpresaburuaren eta langileen edo horien ordezkarien artean akordiorik lortu ezean, lan-agintaritzak hartu ahal izango ditu neurri zehatzak, nekazaritzaren kasuan azaldu den moduan. Edozein kasutan, lan-denbora mugatu edo murriztuko da beroak ukitutako lanpostu, toki edo ataletan, eta beroak irauten bitartean. Gainera, langileei ez zaizkie murriztuko dagozkien ordainsariak.
Beroa eta lan-arriskuen prebentzioa
Bestalde, lan-arriskuen prebentzioari buruzko arautegiak neurri zehatzak jaso ditu beroari dagokionez. Halatan, 486/1997 Errege Dekretuak, lantokietan segurtasunari eta osasunari begira gutxieneko xedapenak ezarri dituenak, muturreko tenperaturez dihardu, laneko ingurumen-baldintzak arautzean. Hala ere, kontuan hartu behar da errege-dekretu hori ez dela aplikatzen garraiobideetan, aldi baterako eraikuntza-lanetan, erauzte-industrietan, arrantza-ontzietan eta nekazaritzan.
Dena den, zer ulertu behar da 486/1997 Errege Dekretuaren arabera muturreko tenperaturez? Zarratutako lokalen kasuan bakarrik zehazten da zein den baimendutako gehieneko tenperatura: bulego eta antzekoetan gauzatu ohi diren egoneko lanetan 27 gradu, eta lan-arinak egiten diren lokaletan 25 gradu. Beraz, hortik gorako tenperatura litzateke muturrekoa. Aitzitik, aire zabaleko lantokietan eta, garatutako jarduerarengatik, zarratu ezin diren lokaletan, soil-soilik xedatu da neurriak hartu behar direla langileak, ahal den neurrian, eguraldi txarretik babesteko.
Zarratutako lokalen kasuan bakarrik zehazten da zein den baimendutako gehieneko tenperatura: bulego eta antzekoetan gauzatu ohi diren egoneko lanetan 27 gradu, eta lan-arinak egiten diren lokaletan 25 gradu
Hori gorabehera, errege-dekretu horrek lantokietako ingurumen-baldintzei buruz esaten duena kontuan hartu behar da. Horren arabera, arau orokorra da lantokietako ingurumen-baldintzen mende egoteak ez duela arriskurik sortu behar langileen segurtasun eta osasunarentzako. Era berean, eta ahal den neurrian, lantokietako ingurumen-baldintzak ezin dira izan deserosotasun- edo eragozpen-iturri langileentzako. Horregatik, saihestu behar dira muturreko tenperaturak eta tenperatura aldaketa handiak.
Eraikuntza
Eraikuntzaren sektoreari dagokionez, 1627/1997 Errege Dekretuak, eraikuntza-lanetan segurtasunari eta osasunari begira gutxieneko xedapenak ezarri dituenak, dio, inguruabarrek ahalbidetzen dutenean, eraikuntza-lanetako tenperatura egokia izan behar dela pertsonen organismoarentzako lan-denborak iraun bitartean, aintzat hartuta aplikatzen diren lan-metodoak eta langileek jasan behar dituzten zama fisikoak.
Orobat, kontuan hartu behar da eraikuntzako sektoreko VI hitzarmen orokorrak dioena; izan ere, hitzarmen horrek laneko segurtasun eta osasunaren inguruan ezarri dituen gutxieneko xedapenak nahitaez aplikatu behar dira estatu osoko esparru txikiagoko hitzarmen kolektiboetan. Bada, hitzarmen orokor horrek, langileak euren segurtasuna eta osasuna kalte ditzaketen fenomeno atmosferikoetatik babestu behar direla esan ondoren, ezarri du, tenperaturak muturrekoak direnean, bereziki osasunean ondorio larriak eragiten dituzten bero-boladen kasuan, langileen ordezkariek lan egiteko ordutegi desberdinak proposatu ahal izango dituztela, intsolazio handieneko orduak saihesteko helburuarekin. Edu berean, obretan eskuragarri izan behar dira azala babesteko kremak, eguzki-irradiazioaren moduko fenomeno atmosferikoen kontra behar besteko babes-faktorea dutenak.
Interesgarria da Andaluziako eraikuntza-industrietako eta obra publikoetako sektoreko hitzarmen kolektiboak jasotakoa. Horren arabera, eguzkipeko lanetan lanaldia geldiarazi beharko da, gerizpean 40 gradutik gora daudenean
Interesgarria da Andaluziako eraikuntza-industrietako eta obra publikoetako sektoreko hitzarmen kolektiboak jasotakoa. Horren arabera, eguzkipeko lanetan lanaldia geldiarazi beharko da, gerizpean 40 gradutik gora daudenean. Kasu horietan, hilabetean gal daitezkeen lanegunak direla eta, bost egunetik gorako lanegunak bakarrik berreskuratu beharko dira.
Lan-istripu, Gizarte Segurantzaren ikuspuntutik
Edonondik begira dakiola ere, enpresaburuek 31/1995 Legea, Lan Arriskuen Prebentzioari buruzkoa, hartu behar dute kontuan. Halatan, beroak, agente fisiko gisa, eragin ditzakeen arriskuak ebaluatu behar dira, aintzat hartuz jardueraren izaera, lanpostuen ezaugarriak, lanpostuotan jardun behar duten langileak eta langileok lan egiteko instalazioak. Behin ebaluazioa eginda, prebentzio-jarduera planifikatu behar da. Bada, planifikazioa praktikan jartzeak berarekin dakar neurri egokiak hartzea langileek arriskurik gabe jarduteko: lan-ekipamendu egokiak eta babes-tresnak ematea, eguzkipean aritu beharreko ordu-kopurua zehaztea, langileak informatzea eta prestatzea, bereziki sentiberak diren langileak babestea, baita amatasuna, adingabeak eta aldi baterako langileak ere, eta, hala denean, langileei ahalbidetzea lanpostua abandonatzea.
Gizarte Segurantzaren ikuspuntutik, lanaldi eta lantokian beroak langileengan eragindako osasun-kalteak lan-istripu izango dira. Laneko Segurtasun eta Higieneko Institutu Nazionalaren 922. Prebentziorako Ohar Teknikoaren arabera, beroak osasunean eragin ditzake, adibidez, sinkopea, deshidratazioa eta elektrolitoak galtzea, akidura edo bero-kolpea.
Horregatik, enpresaburuak beroaren aurkako neurri egokiak hartu ezean, lan-istripu horien gaineko erantzukizunak izango ditu, esaterako, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren 2021eko urtarrilaren 26ko epaiak (1528/2020 errek. zk.) edo Galiziako Auzitegi Nagusiaren 2014ko urriaren 13ko epaiak (4148/2012 errek. zk.) ezarri bezala.