Testuinguru konplexua izanik ere, 2024an errotzea bermatzeko enpresek eginiko inbertsioa eta I+Gan inbertitutako diruak gora egiten jarraitzen duela nabarmendu dute, besteak beste, Saray Zárate Arabako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko eta Jasangarritasuneko diputatuak, Ainara Basurko Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko diputatuak, eta Ane Insausti Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatuak. 2025erako testuinguru makroekonomikoaren eraginak zuhurtziaz hitz egitera eraman ditu hiruak, baina deskarbonizazioari, talentuari, mugikortasunari zein kuantikari loturiko apustuekin aurrera egiten jarraituko dute, norberak bere erakundetik.
Zein da 2024ko albiste ekonomiko garrantzitsuena, ekonomia publikotik sustatzeari dagokionez? Zergatik?
Saray Zárate (Arabako Foru Aldundia): Guretzat, 2024 honetako albisterik onena da Arabako enpresek gure lurraldearen aldeko apustua egiten jarraitzen dutela, errotzea bermatzen duten inbertsio garrantzitsuak egiteko. Aurten berri handiak izan ditugu: Mercedesek 1.000 milioi euroko inbertsioa egin du Gasteizen duen lantegian; DHLk 40 milioi eurotik gora inbertitu ditu Forondan, hegazkinak mantentzeko Europako hangar berri bat sortzeko; eta Pepsicok eta Otua Taldeak inbertsioak egin dituzte deskarbonizazioan erreferente izateko eta karbono-planta neutroak sortzeko, besteak beste.
Ainara Basurko (Bizkaiko Foru Aldundia): Albiste ekonomiko garrantzitsuenak hiru adierazleren ingurukoak dira argi eta garbi. Bata da langabezia tasa. Azken hamabost urteetako indizerik baxuena dugu. Bestea da Barne Produktu Gordinaren hazkundea, %1,9ren bueltan dagoena. Eta hirugarrena da I+G+bn egiten den inbertsioa, horrek baldintzatzen baitu balio erantsiko produktu eta zerbitzuak garatuko ditugula eta, beraz, lanpostuen kalitatea hobea izango dela. Azken hilabeteetan berri pozgarria izan dugu EAEn, %2,3ren bueltan kokatu baikara. Europa mailan, lurralde aurreratuenekin alderatuta, 72. postuan gaude, 259ren artean. Gainera, Eustatengatik jakin dugu enpresen %26,2k berrikuntzan inbertitzen dutela, eta 10 langile baino gehiagoko enpresen kasuan %38,4raino igotzen dela zifra hori. Uste dut gure politikekin saiatu behar garela aldagai horietan eragiten. Badakigu mehatxu eta zailtasunak hor daudela, baina 2024ko argazkia ondo geratu da aipatu ditugun aldagaiak aintzat hartuta.
Ane Insausti (Gipuzkoako Foru Aldundia): Egia esan, urte honetan egindako lan guztia nabarmenduko nuke. Alde batetik, gure enpresa ehuna bultzatu eta babesteko abian jarri ditugun dirulaguntza eta ekimenak, eta I+Ga bultzatzeko martxan jarritakoak. Besteak beste, gure enpresa ehuna bultzatu eta babesteko abian jarritako dirulaguntzei dagokionez, 2024an 722 onuradun baino gehiago izan ditugu. Guztira 9 milioi euro baino gehiago aurreratu zaizkie bere erronkei aurre egiteko, aldundia bidelagun izanez. Beste alde batetik, proiektu estrategikoak aipatzean 2024an Ziurren kasuan 700 enpresa baino gehiago lagundu ditugu bere zibersegurtasuna bermatzeko lanetan. GANTTen kasuan 949.000 euro bideratu ditugu terapia aurreratuen ekosistema indartzera. Hor lau proiektu bultzatu ditugu, horien artean VIVE-Biotech dagoelarik. Quantumen estrategiari dagokionez, ekainean Gipuzkoa Quantum Hub bultzatu genuen. Eta, bukatzeko, Mubil aurrera doa bere eraikina bukatzear dagoelarik.
2025era begira titular edo albiste hori moldatu ahalko bazenu, zein nahiko zenuke titularra edo albistea izatea?
A. B.: Orokorrean, hobekuntza izatea aldagai guztietan. Alegia, langabezia-tasaren jaitsiera, BPGaren hazkundea, I+Gn inbertsio igoera eta hori guztia islatu dadin mundu mailako zein Europako rankinetan. Baina bakar bat aukeratu beharko banu, ekonomia sustapeneko sailetik bereziki garrantzitsua litzateke ikustea I+G+bko inbertsioa gorantz doala. Jaurlaritza hasi da harrezkero esaten %3ra heldu beharko ginatekeela eta oso urrun gaude.
Erronka horrek lotura zuzena du industriarekin eta teknologiarekin, eta balio erantsiarekin Gora egiten badu, gure enpresek lortuko dute ezberdintzea mundu global eta konplexu honetan. Sail honetako esfortzuak, bereziki, horretara joan behar dira. Nola lagundu diezaiekegun gure enpresei inbertsio hori bizkortzen.
A. I.: 2025era begira titularra moldatzea baino gehiago, titular horri eustea litzateke helburua, hau da, Gipuzkoako enpresa ehuna tinko mantentzen jarraitzea eta aldundiaren ikuspuntutik bide horretan lagun izaten jarraitzea. Egungo egoera makroekonomikoa ezegonkorra da eta horren erakusgarri da merkatu batzuen dezelerazioa. Horren aurrean, gure helburua da gure ehun ekonomikoak bere tinkotasuna mantentzen jarraitzea eta ekonomia ehun berriak sustatzen jarraitzea.
S. Z.: Titularra aldatu baino gehiago, Arabako Foru Aldunditik beste titular batzuk ezabatu nahi genituzke, hala nola enpresa-proiektu berriak hartzeko lurzoru industrialik eza. Erakunde guztien artean ahalegina egin behar dugu lurraldean industria berri eta hobea iristeko guneak izan ditzagun, arabarrentzat enplegua, berrikuntza eta, azken batean, bizi-kalitatea sortzeko. 2025ean punta-puntako espazioetan kokatu beharreko proiektu berriak lortzea gustatuko litzaiguke, hala nola Miñaoko Parke Teknologikoan, Jundizen, Aiarako haraneko eta Arabako Lautadako espazio industrialetan, eta abar.
Nola ikusten duzu 2025a?
A. I.: 2024a ondo amaituko da eta 2025erako aurreikuspenak ere ez dira txarrak, baina zuhurrak izan behar gara testuinguru makroekonomikoa ezegonkorra baita, eta merkatu batzuen dezelerazioak ondorioak izan ditzakeelako gure lurraldean. Datorren urteari begira, gure enpresa-ehuna bultzatzen eta gure merkatua dibertsifikatzen jarraitu behar dugu, gure ehun ekonomikoa sendotzen jarraitzeko eta lan-aukera berriak sortzen aurrera egiteko.
S. Z.: 2025erako aurreikuspen makroekonomikoak zailak dira, Europako ekonomia nagusiak hozten ari baitira, eta horrek bereziki eragiten digu Arabako industria oso esportatzailea delako eta, gainera, neurri handi batean automobilgintza bezalako sektore baten mende dagoelako, bere urterik onena bizitzen ari ez dena.
Hala ere, enpresek nolabaiteko baikortasuna helarazi digute datorren urterako, BPGaren hazkundearen estimazioek Europako ekonomia nagusien gainetik jartzen gaituzte, eta zerga-bilketaren datuek ere erakusten dute Arabako ekonomiaren eta enpleguaren osasuna ona dela.
Eta horrela egiten diogu aurre guk ere urteari, baikortasunez, gure lurraldea eta enpresak prest daudelako testuinguru global honetan lehiakorrak izaten jarraitzeko.
A. B.: Momentu konplexuan gaude. Uneko argazkia ona den arren, nahastuta dago mundua. Sarri esaten ari garen bezala, Txinaren apustu teknologikoa emaitzak ematen ari da, eta AEB ere horri aurre egin nahian dabil. Onartu behar dugu Europa apur bat geldi ibili dela azken urteetan. Orain Draghiren txostena mahai-gainean dugu, eta badirudi adostasuna dagoela eta inbertsio potoloak egin behar direla, batez ere teknologiaren alde. Bizkaiak ere erronka horiek ditu. Energiaren sektorea eta automozioarena oso garrantzitsuak dira lurraldean, eta elektrifikazio eta deskarbonizazioaren erronkak kritikoak dira bi sektore horientzat. Bizkaiak aprobetxatu behar du sektore garrantzitsuak izaten jarrai dezaten, hori aukera bihurtu eta erronka horren inguruan industria eta teknologia berriak garatzeko. Horregatik, esfortzu berezia egin dugu Aldunditik aurrekontuan, %20 gehitu baititugu digitalizaziora eta deskarbonizaziora bideraturiko laguntzak. Gainera, EIC Energy Intelligence Center fundazioa sortu dugu, eta espero dugu horren bitartez industria eta teknologia berria sortzen laguntzea, hidrogeno eta erregai berriztagarrien inguruan.
Arabako Foru Aldundiaren kasuan, ikasturte hasieratik Iraunkortasuneko diputatua ere bazara, Saray. Esparru horrekin lotutako zein proiektuk edo lan-ildok izan dezakete berehalako eragina 2025ean?
S. Z.: Lehenik eta behin, deskarbonizaziorako Arabako aliantza handi bat sustatzen ari gara. Aliantza horretan, enpresek, elkarteek, erakundeek, zentro teknologikoek eta abarrek indarrak batuko dituzte gure ekonomia deskarbonizatzeko erronkari erantzuteko eta industria-ekoizpenaren eta ingurumen-babesaren arteko erabateko oreka bilatzeko.
Datozen hilabeteetan gure ibilbide-orria aurkeztuko dugu, Eusko Jaurlaritzaren tresnekin koordinatuta lantzen ari garena, eta eremu estrategikoetan aurrera egiteko aukera emango diguna, hala nola energia berriztagarriaren sorkuntzan, isurien konpentsazioan edo isurketa gutxiago dituen industriaren aldeko apustuan.
Bizkaiko Foru Aldundiaren kasuan, Bizkaia with the talent marka garatu duzue talentua garatu, erakarri eta fidelizatzeko, eta 10 milioi euroko inbertsioa egingo du Aldundiak 2027era bitarte. Zer esan nahi du hura garatu, erakarri eta fidelizatzeak kasu honetan?
A.B.: Ezer baino lehen argitu behar da ZTIM talentuari loturiko estrategia dela Bizkaia with the talent. Oro har edozein profili loturiko talentua falta da eta behar dugu, eta ez diogu inolako garrantziarik kendu nahi gainontzeko profilen beharrari ere, behar direlako. Baina lehen aipatu dudan erronka horri aurre egiteko — ikerkuntza eta garapena, nola egin aurre digitalizazioari eta deskarbonizazioari...—, ekonomia sustatzeko sailean ZTIM profileko pertsonetan jarri dugu fokua.
Garatu diogunean, esan nahi dugu formakuntza eskaintza zabaldu unibertsitate mailan eta lanbide heziketan. Eta ez bakarrik gazteenak formatzeko. Birziklatzeko nahia edo beharra duten —reskilling—, edota formazio baten sakondu behar duten —upskilling— pertsonei laguntzea da helburua. Dagoeneko urteak dira 42 Urduliz abian jarri genuenetik, eta Smart Grid Innovation Huba ere bultzatu dugu Iberdrolarekin eta beste hainbat enpresekin elkarlanean, sare adimendunei loturikoa. Hala ere, eskaintza gehitu behar dugu, eta ez soilik, bertakoentzat, kanpotik etorriko den jendearentzat ere.
Fidelizatuz ari garenean, esan behar da ondo ikusten dugula talentua kanpora ateratzea hemen lortu ezin duten formakuntza esperientzia lortzeari dagokionez, eta gainera talentu ihesaldia jaso ohi dena baino txikiagoa dela. Baina jarraipena egin behar diegu eta enpresak talentu horrengandik oso hurbil izan daitezen lagundu, une baten itzuli daitezen. Elkarlan estua da gakoa unibertsitate, lanbide heziketa zentro eta enpresen artean.
Azkenik, erakarri diogunean da kanpotik etor daitezen hona ikastera edo lan egitera. Horren adibide dira Deustuko Unibertsitatearekin eta Mondragoneko egiten ari garen lana.
Une honetan, garatu, fidelizatu eta erakarri marko horren baitan 19 proiektu lantzen ari gara denera, eta 37 erakunde gara. Eta Aldundiak egiten duena da proiektu horietako bakoitzaren kosteen parte bat gain hartu. Ahaldun nagusiak iragarri bezala, legealdi honetan 10 milioi euroko inbertsioa egiteko konpromisoa hartu dugu. 19 proiektu horietan 7,5 milioi konprometituta ditugu. Oraindik marjina badugu, beste proiektu batzuk abiatzeko.
Hainbat proiektu estrategiko daude Gipuzkoako Ekonomia Sustapeneko departamentuaren aterkipean. Denek bere bidearekin jarraituko badute ere, baten batek bultzada berezia izango duela aurreikusi duzue 2025an?
A. I.: 2025. urtea gure proiektu estrategiko askoren urtea izango da. Aurrerapauso garrantzitsuak aurreikusten dira proiektu estrategiko guztietan, baina bi mugarri aipatzearren, Mubilen eraikin berriaren inaugurazioa eta Quantumen super ordenagailuaren ezarpena aipatuko nituzke.
Hala, espero dugu datorren urtean esparru estrategiko horietan ematen diren aurrerapenek aukera berriak ekarriko dituztela eta jauzi kualitatiboa bat ematen lagunduko dutela Gipuzkoako ekonomia eta industria estrategian.