Itun Ekonomikoaren Batzorde Mistoak bilera izan du gaur goizean, modu telematikoan oraingo honetan, eta lau lerro nagusiri loturiko 16 akordio onartu ditu aho batez. Batzordea Espainiako gobernuak eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako erakundeetako ordezkariek osatzen dute, eta batzordearen bileretan hartzen dira Ekonomia Itunaren aldaketarako erabakiak. Legez jasota dagoenez, erabakiok aho batez onartu behar dituzte parte guztiek, eta ondoren Diputatuen Kongresuak eta Senatuak ontzat jo behar dituzte.
Gaurkoan hartutako erabakiek hogei artikuluri eta bi disposizio gehigarriri eragingo diete, Ekonomia Itunean zenbait aldaketa txertatua. Aldaketa guztiak, baina, bi multzo nagusitan sailkatu daitezke: autogobernu finantzarioa areagotuko dutenak, eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako erakundeek nazioarteko foro eta erakunde fiskaletan parte hartu dezaten ahalbidetuko dutenak.
Autogobernu finantzarioa areagotzeko hartutako neurri esanguratsuenetako bat da Ez Egoiliarren gaineko Errentaren araudiaren zabaltzea. Bestela esanda, lengoaia teknikoa erabiliz, araugintza autonomoko itundutako tributua izatera igaroko da bere osotasunean. Orain arte soilik Espainian behin betiko ezarrita izanagatik operatzen zuten zergadunen kasuan egin behar zen errenta aitorpena Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan.
Horrekin batera, hiru aldundiek 14 zergaren gaineko gaitasun arautzaile propio handiagoa izango dute, bai betebehar formalei dagokienez, bai kudeaketari loturik. BEZa da zerga horien artean ezagunena eta nabarmenena, zergadunen karga gutxitzea ahalbidetuko duelako. Zerrendan dauden gainontzeko zergak honakoak dira:
- Kreditu-entitateetako gordailuen gaineko zerga
- Energia elektrikoaren produkzioaren balioaren gaineko zerga
- Gastatutako erregai nuklearraren produkzioaren eta energia nukleoelektrikoa sortzearen emaitzazko hondakin erreaktiboen gaineko zerga
- Gastatutako erregai nuklearra eta instalazio zentralizatuetako erregai erradioaktiboak biltegiratzearen gaineko zerga
- Gasa, petrolioa eta kondentsatuak erauztearen balioaren gaineko zerga
- Ondare-eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zerga
- Aseguru-primen gaineko zerga
- Zerga bereziak
- Berrerabili ezin diren plastikozko ontzien gaineko zerga
- Berotegi-efektuko gas fluoratuen gaineko zerga
- Zenbait zerbitzu digitalen gaineko zerga
- Zabortegietan hondakinak uztearen, erraustearen eta batera erraustearen gaineko zerga
- Joko-jardueren gaineko zerga
Erakundeen nazioarteko parte hartzeari loturik, akordaturikoak ahalbidetuko die EAEko erakundeei Europar Batasuneko erakundeetan izatea, eta Espainiako gobernuak egiten dituen nazioarteko trukeetan ikusgarritasuna izatea. Halaber ECOFIN Europako Batasuneko Ekonomia eta Finantzetako Ministroen Kontseiluan parte hartze handiagoa izango dute euskal erakundeek, eta aldi berean, eta lehen aldiz, fiskalitateari loturiko OCDEko nazioarteko foruetan parte hartu ahal izango du EAEk. Foro horretan ezarri da, hain zuzen, multinazionalei ezarri nahi zaien gutxieneko %15eko zerga. Hala, aldebiko lan-saioak egingo dituzte Madrilek eta EAEko erakundeek, nazioarteko fiskalitateari loturikoak.
Aldaketez harago, kupoa ere izan du hizpide batzordeak. 2022 eta 2023rako behin betiko konpentsazio finantzarioak ezarri dituzte, baita 2024ko behin-behinekoak ere, urtean 1.500 eta 1.700 milioi euro bitartekoak.
Batzorde mistoak aurreikusi du urte amaieran berriro ere biltzea, behin neurriak Parlamentu eta Senatutik igarotzen direnean.