Bilbobuseko beharginek gaur erabakiko dute aurreakordioa onetsi ala ez

Apirilaren 9an hasitako greba mugagabearen ondoren, hitzarmenaren alde edo kontra egingo dute. Sindikatu abertzaleek langileei eskatu diete aurka bozkatzeko

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Bilbobuseko langileek gaur erabakiko dute ontzat ematen duten edo ez atzo Biobide enpresako zuzendaritzak eta Bilbobusen enpresa batzordeak lortutako aurreakordioa. Beharginak greba mugagabean daude apirilaren 9tik, lan-gatazkari irtenbide bat eman ezinean. Hainbat hilabetetako mobilizazioen ondoren, langileen batzarrari eta Bilboko Udalari dagokie lan ituna berretsi ala ez. Sindikatu abertzaleak, ELA eta LAB, akordioaren kontra azaldu dira eta beharginei eskatu diete aurka bozkatzeko.

Hitzarmenaren arabera, Bilbobuseko 600 langile ingururen soldata-igoera sektore publikoan aplikatzen denaren berdina izango da. CCOOko iturrien arabera, 2022rako eta 2023rako funtzio publikoaren soldata-igoera %4koa izatea hitzartu da. Datozen hiru urteetako soldata igoerak ere, sektore publikoan adostutakoak izatea aurreikusten da.

Horrez gain, aurreakordioan ere egoera zaurgarrienean dauden langileen egoera hobetzeko neurriak adostu dituzte: %62ko lanaldia zuten langileek lanaldi osora pasatzea.

Ez du erosahalmena ziurtatzen

Bestalde, ELA eta LAB greba mugagabearekin jarraitzearen aldekoak dira. Haien arabera, tratuak ez du langileen erosahalmena bermatzen. ELAren esanetan, Bilbobus kudeatzen duen enpresak, Biobidek, ez du erakutsi "langileen arazoari heltzeko borondaterik". Sindikatuak mobilizazioekin aurrera jarraituko duela iragarri du, "KPIren soldata-igoerak lortzeko, lanaldi partzialeko kontratazioarekin amaitzeko eta murriztutako eskubideak berreskuratzeko".

LAB iritzi berekoa da eta uste du enpresak mahai gainean jarritako azken proposamenarekin alderatuta hobekuntza "gutxi" daudela.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK