Bilboko portuak 2024ko lehen seihilekoan 39,2 milioi euro fakturatu ditu, iazko epe berean baino %16,8 gehiago (33,6 milioi euro). Bilboko Portu Agintaritzak azaldu duenez, portuko trafikoak ere gora egin du, 18 milioi tonara ailegatuz, eta 2023ko lehen seihilekoan baino %10 tona gehiago mugitu ditu.
Ricardo Barkala Bilboko Portu Agintaritzako presidenteak eta Andima Ormaetxe portuko eragiketa, logistika eta estrategia zuzendariak egin dute agerraldia gaur. Aipatutako datuez gain, kai-mutur nagusia eraikitzeko bigarren faseko lanak Sacyr eta Amenabar enpresei esleitu dietela jakinarazi dute. Bigarren faseko lanak amaitzeko epea 26 hilabetekoa izango da.
Inbertsioan egindako esfortzua nabarmendu dute Barkala eta Ormaetxek. Europako dirulaguntzetan 30,8 milioi euro eskuratu, eta euren jardueretara 102,1 milioi euro bideratu dituztela adierazi dute.
Bizkaiko portua “berdea” izan behar duela azpimarratu du Barkalak, eta era berean, “lehiakorra”, eta merkatu berriak erakartzeko gai izan behar dela. Halaber, Europako Batasunak bultzatu nahi dituen hidrogenozko korridoreak baliatu behar dituztela ere azaldu dute, EAErentzat “aukera handia” dela gogoratuz.
Europako Inbertsio Bankuarekin duen zorrari dagokionez, seihilekoa ixtean 39 milioi eurokoa da, eta zorraren handitze bat ez dutela gauzatuko argitu dute, ez aurten, ez hurrengo urtean ere. Hala ere, portuak 66 milioiko diruzaintza du egun, abian diren inbertsioei aurre egiteko.