Lehen sektoreko errelebo falta gure ekonomiaren arazo nagusienetako bat da. Sektoreko jarduera bultzatzea eta belaunaldien arteko lekukotza bermatzea du helburu EAEko hiru aldundiek eta Jaurlaritzak sustatutako GazteNek programak. Egun, gazteek nahiago dute bestelako lan bat eduki, izan bulegoan edo kalean, baina baserritik urrun. Ez da lan makala nekazaria izatea eta ustiategi bat kudeatzea. Egun osoko jarduna da eta dedikazio handia eskatzen du, baldintza gogorretan askotan.
Egungo joerari kontra egin eta oinarrizko sektore honetan ekarpena egin nahi duten gazteei lagundu nahi die GazteNek-ek. 2005ean egin zuten lehen edizioa, eta harrezkero 343 baserritar baino gehiago trebatu dituzte. Aurtengo edizioan 14 gaztek eman dute izena. Euren proiektua garatzeko bost urteko jarraipena eskaintzen du programak, tutore baten bidez. 28 eta 40 urteko pertsonei zuzenduta dago, eta aurtengo edizioan bi emakume daude, horietako bat Maria Miguez da.
Ustiategi bati nola aurre egin
Getariko Askizu auzoan du baserria Miguezek. Izatez “kale umea” da, baina baserritar batekin ezkondu eta baserriko ustiategia kudeatzeaz arduratzen da. Senarrak zerbitzu enpresa bat du zeinetan traktorearekin belarra mozten eta bestelako zerbitzu batzuk eskaintzen aritzen den egun osoan zehar. Hori dela eta, baserriko behiak kendu nahi zituen, Miguezi, ordea, pena ematen zion hori galtzeak, “baserri batek abererik gabe pena ematen du”, kontatu du.
Haragitako behiak ditu laborariak, eta egun zehazki zenbat dituen ez badaki ere, intentzioa 80 behi ama izatea dela dio. 38 urte beteta, orain lau urte hasi zen behiak hezten, eta arrandegian goizez duen lanarekin uztartzen du egun. “Arrandegia utzi eta honetara dedikatu nahi dut. Oso polita eta lasaigarria da. Nahiz eta baserrian ez jaio, oso interesgarria iruditzen zait, gustatu egin behar zaizu animaliekin lan egitea”, azaldu du.
Bere aburuz, GazteNek laguntza gabe oso zaila zatekeen ustiategi bat aurrera ateratzea. “Ganadua mantentzea oso garestia da, eta programaren laguntza beharrezkoa da”. Dirulaguntzaz gain, formakuntza edota beste ustiategi eta nekazari batzuk ezagutzea ahalbidetzen du programak. “ Oso interesgarria da beste nekazari batzuen errealitatea ezagutzea, eta iritziak partekatzea, asko ikasten baituzu”.
Maria Miguez: “Arrandegia utzi eta honetara dedikatu nahi dut. Oso polita eta lasaigarria da. Nahiz eta baserrian ez jaio, oso interesgarria iruditzen zait, gustatu egin behar zaizu animaliekin lan egitea”
“Labela” dela dio Miguezek, eta senarrak zertxobait laguntzen badio ere, berak bakarrik egin behar dio aurre eguneroko jardunari. Gainera, behi ekologikoak hezten dituzte, eta horrek ere lan gehigarria du. “Senarrari ustiategiaz arduratuko nintzela esan nionean, ekologikoa izan behar zuela izan zen nire baldintza bakarra”, nabarmendu du.
Bizimodu hau ezagututa, bizi proiektu bihurtu nahi duela argi du. “Lantsua da, baina oso polita. Baserriak hiltzen ari dira eta nahi duguna da bizimodu hau mantendu”, gehitu du.
Sagasti bat Irungo Olaberria auzoan
Oihana Recaldek 2022 parte hartu zuen GazteNek programan. 25 urteko baserritarrak Irungo Olaberria auzoan Sagarrek izeneko sagastia du. Zortzi hektarea ditu denera, sagardoa egiteko euskal barietateko sagar ekologikoa ekoizten duelarik. “Autonomo bezala nago orain, eta laster nire enpresa sortu nahiko nuke”, dio.
Fraisoro Lanbide Heziketako ikastetxean abeltzaintza eta nekazaritza ikasi zuen Recaldek, baita albaitaritza ere gerora. Txikitatik bizi izan da baserrian eta lursail asko edukita ere, familiak ez zien probetxurik ateratzen. Lursail hauei erabilpen bat emateko asmoz, lanean ari zen albaitaritza klinika utzi eta 2019an ekin zion proiektuari. Hiru urte ostean, kostata, baina GazteNek programan onartu zuten. “Eskaintzen dituzten formaziotara joaten naiz, beste ustiategi batzuk bisitatzeko aukera izan dut eta urtean behin Pagoetan egiten duten ekitaldian ere egon naiz”, kontatu du.
Gazte bat lehen sektorean lan egitera ausartzeko, “pixka bat erotuta” egon beharra dagoela dio Recaldek. “Nik kontratu finko bat neukan, hirugarren sektorean lan egiten nuen eta hilero soldata bat nuen ziurtatuta, orain, ordea, ez”. Gutxieneko produkzio bat eskuratu arte ez du soldatarik, eta urtetik urtera klima eta beste arrazoi batzuk direla eta, irabazien kopurua nabarmen alda daiteke. “Hau gustatu egin behar zaizu, bestela ez zara horrelako proiektu batean sartzen. Badakizu lan gogorra eta sektore zaila dela, pixka bat ahaztuta baitago”.
Oihana Recalde: “Inbertsio oso handiak egin behar ditugu, gazteak gara, eta bankuek ez dizkizute maileguak ematen. Aurrezkiak izanda ere, ez du ematen hau guztia martxan jartzeko”
Egun Irungo Ola sagardotegiari saltzen dizkio sagarrak, baina etorkizunean bere sagardo propioa egitea gustatuko litzaioke. Horrez gain, sagastian bisita gidatuak egiteko asmoa ere badu dastaketa batekin bukatzeko. “Jendea sagardotegira joaten da eta bertan azken prozesua ikusten du, baina ez dakite nolakoak diren sagarren zuhaitzak, zer sagar mota dauden eta nola ekoizten den sagarra”, argitu du.
GazteNek programa gabe berea bezalako proiektuak aurrera ateratzea oso zaila dela uste du laborariak. “Inbertsio oso handiak egin behar ditugu, gazteak gara, eta bankuek ez dizkizute maileguak ematen. Aurrezkiak izanda ere, ez du ematen hau guztia martxan jartzeko”, adierazi du.
Recaldek argi du Sagarrek bere lan eta bizitza proiektua dela, eta enpresa eratzean, jende gehiago kontratatu beharko duela badaki, lan bolumena igoko baita. "Zuhaitzak oraindik gazteak dira, ez dago hainbesteko produkziorik eta ni bakarrik moldatzen naiz, nahiz eta ez naizen guztia egitera iristen". Lehenengo sagastiaren inaugurazio ekitaldi bat egin zuen, eta izandako harrera ona ikusita, eta beste lursail baten inaugurazioa du buruan orain. "Proiektuak luzerako emango du, eta nire ustez, ondo joango da, ez bada hondamendirik gertatzen", bukatu du.