Bizkaiko metalaren sektorerako lan baldintza duinak eskatu dituzte LABek eta ELAk

Salatu dute sektoreko langileen erosketa ahalmena %20 beheratu dela; horregatik, soldaten igoera eta lanaldien murrizketak eskatu dituzte, besteak beste.

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

ELA eta LAB sindikatuek Bizkaiko metalaren merkataritzaren eraldaketari erantzuna emango dieten “lan-hitzarmen duinak” eskatu dituzte, Lan Harreman Kontseiluaren Bizkaiko egoitzaren aurrean.

Salatu dutenez, 2019. urteaz geroztik lan-hitzarmena “erorita” dago, eta lan baldintzak eztabaidatzen duen taldea maiatzean osatu zen arren, aurrerapausorik eman ez dela azaldu dute. Horrez gain, patronalari egotzi diote maiatzaz geroztik atzerapausoak soilik eman izana, hala nola, garraioaren gehigarria etetea, antzinatasunaren gehigarria mugatzea eta bajen osagarria murriztea.

Sindikatuen esanetan, 9.100 langileri eragiten die sektoreak, zeinetatik 2.900 emakumeak diren. “Erosteko ahalmenaren %20ko galera pairatu duen kolektiboa” izanik, azaldu dute ez dutela onartuko baldintzak gehiago okertzerik.

Azkenik, gaineratu dute hurrengo lan-hitzarmenean soldaten igoera ziurtatu beharko dela, baita subrogazioaren eskubidea eta lanaldien murrizketak ere, besteak beste.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK