Bizkaiko Foru Aldundiak bi dirulaguntza deialdi onartu berri ditu. Lurraldean antzerki, dantza eta musika ikuskizunak sustatu nahi ditu erakundeak, eta 825.000 euro baino gehiago bideratuko ditu sektorera.
Lehenengo dirulaguntza 721.000 eurokoa da, eta Sarean programan dauden Bizkaiko udal eta erakunde autonomoek antolatutako ikuskizunen programazioak egiteko balioko du. 721.000 euroetatik, 566.000 euro udalen eta udal erakunde autonomoen esku egongo dira, eta 155.000 euro udal-sozietate publikoetara bideratuko dira.
Bigarren dirulaguntzak 105.000 euroko aurrekontua izango du, eta arte eszenikoko konpainiak sortu eta garatzea izango du helburu, aldundiaren esanetan.
Lehen deialdirako eskabideak gaur bertan, abuztuaren 29an, aurkeztu ahal izango dira, eta 2024ko irailaren 26ra arte egongo da zabalik izen-ematea. Bigarren deialdira aurkezteko, aldiz, irailaren 2an irekiko da epea, eta irailaren 24ra arte egongo da irekita.