Ahoz batez sinatu dute Bizkaiko ehungintza merkataritzako lan hitzarmen berria Bizkaidendak eta CECOBI patronalek eta ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek. 2015etik lehen aldiz berritu dute hitzarmena eta hainbat aldaketa ekarri ditu. Hala, aurten soldatak %12 igoko dituzte 2015ko hitzarmenarekin alderatuz. 2024, 2025 eta 2026 urteetarako ere, %4, %3,5 eta %2,5eko igoerak adostu dituzte, hurrenez hurren.
CECOBIk azaldu duenez, 150 langile baina gehiagoko dendetan guztizko salmenten %10a gutxienez Internetetik egiten bada urteko aparteko ordainsaria jasoko dute denda horietako langileek: 1000€ 2024an, 1.040€ 2025ean, 1070€ 2026an eta 1.100€ 2027an.
Lan jardunaldiari dagokionez, patronalaren arabera, zortzi orduko murrizketa onartu da hurrengo bi urteetan, 2024an lau ordu eta 2025ean beste lau, urtean 1.735etik 1.727ra igaroz.
Bestalde, erretiro sariak eta iraunkortasun indemnizazioak kentzea ere adostu da, izan ere, enpresa askorentzat karga handia zekarrela jakinarazi du CECOBIk, eta hitzarmeneko beste zenbait artikulu ere aztertu dira, hala nola, ordaindutako lizentziak, langileek egindako erosketak edota aldi baterako ezintasunen osagaiak.