CEBEK Bizkaiko Enpresarien Konfederazioak egindako inkestaren arabera, Bizkaiko enpresen %38k ekonomia desazelerazio fase batean dagoela uste du, eta %56k, aldiz, “egoera normala” dela iritzi diote. Enpresarien elkarteak Bizkaiko 487 enpresa inkestatu ditu, beren egoera ekonomikoa aztertzeko asmoz. Ia 500 enpresetatik %55 industriakoak dira, %19 merkataritza sektorekoak eta %26 zerbitzuetakoak. Halaber, enpresen %36k beren eskari zorroan ahuleziak sumatu dituztela aitortu dute, eta beren ekoizpen gaitasuna murriztu dela ere uste dute, 2022ko bigarren seihilekoaren alderatuta.
Enpresen errentagarritasunari dagokionez, %44k iazko maila beren mantenduko dutela azaldu dute, baina %35k beren negozioaren errentagarritasuna apaldu egingo dela diote. Edonola ere, inkestatutako enpresen %58k aurreikusitako inbertsioei eutsiko die, eta %20k murriztuko ditu.
Halaber, enpresen %72k egungo plantillarekin jarraituko du urte amaiera arte, %21k handitu egingo du, eta %7k murriztu. Dena den, %59k beren lanposturako pertsona egokia kontratatzeko zailtasunak ditu, eta %52k kontratatzeari utzi dio arrazoi horiek direla eta.
Diru laguntza gehienak digitalizaziorako eta ziberseguritaterako eskatzen dituzte enpresek. Kezka handiena, halere, errentagarritasuna da, eta %47k lehengaien prezioaren igoerak beren kostuetan eragin handia izan duela aitortu dute.