Bost behargin zauritu dira Bilboko Zazpikaleetan, etxe bateko zati bat behera etorri ostean

Etxebizitza konpontzeko lanetan ari ziren, eta barrualdeko zati bat behera erori da. Suhiltzaileek bi langile atera behar izan dituzte

Bilboko alde zaharra | Argazkia: iStock Bilboko alde zaharra | Argazkia: iStock

Bost langile zauritu dira goizean Bilboko Zazpikaleetako etxebizitza eraikin baten zati bat behera erori ostean, Bilboko Udalak eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak azaldu dutenez. Dendarikale kaleko 24. zenbakian gertatu da istripua. Hiru behargin euren kabuz irten dira, eta beste biak suhiltzaileek atera behar izan dituzte. Erreskatatu duten azken langileak hezur batzuk apurtuta ditu, baina ez dago egoera larrian.

Ezbeharra 10:30etan jazo da. Konpontze lanetan zegoen eraikineko barruko egituraren zati bat erori da eta azpian langileak harrapatu ditu. Segituan suhiltzaileek abisua jaso dute eta istripua gertatu den tokira gerturatu dira.

Bilboko alkateak, Juan Maria Aburtok azaldu duenez, laugarren solairua hirugarrenaren gainean jausi da. Adituen txostenaren faltan, antza denez eraikinaren egiturazko elementuren bat kaltetu da, eta horrek eragin du erorketa. 

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK