
Martxan da CAF-Elhuyar sarien edizio berria. 'Begi berriz kontatzeko' lelopean, zientzia eta teknologiaren arloko ikerketa eta artikuluak sarituko dira, baita audio bidezko azterlanak eta argazkilaritza ere. Gazteenek ere saria irabazteko aukera izango dute.
Dibulgazio artikuluen kategorian zientzia eta teknologiaren arloko dibulgazio lanak sarituko dira, betiere, euskaraz sortuak izan badira. 2.000 euro emango zaizkio azterlan onenari. Zientzia-kazetaritza kategoria, izenak dioen moduan, kazetaritza lanei bideratuta egongo da, izan audioz sortutakoak (irrati-piezak ala podcast-audioak), zein idatzizko artikuluak (euskarazko hedabide batean argitaratutakoak); 1.000 euro eskuratuko ditu pieza onenak.
Azkenik, argazkilaritza-lanen kategoria berria aurkeztu da edizio berrian. Sari honek bi azpikategoria edukiko ditu: helduena (18 urtetik gorakoentzat, 2.000 eurokoa) eta gazteena (14 eta 18 urte artekoentzat, 1.000 euro inguruko balioa duen esperientzia batekin, zientzia edota teknologiarekin zerikusia duena).
Hiru kategoria horiez gain, sari gehigarria ere eskainiko da: Neiker saria. 2.000 euro eskuratuko ditu, hala, lehen sektoreari lotutako artikulu onenak. Gainera, saridunek Elhuyar aldizkarirako urtebeteko harpidetza eskuratuko dute.
Lanak aurkezteko azken eguna uztailaren 1a izango da.