CAF-Elhuyar sariak banatu dira Donostian

Sarien xedea da ikertzaileek egindako lana ezagutaraztea, eta, hala, jendearen kezkei, beharrei edo interesei erantzutea

CAF-Elhuyar sariak | Argazkia: Elhuyar CAF-Elhuyar sariak | Argazkia: Elhuyar

CAF-Elhuyar sari banaketa burutu zen atzo arratsaldean, Donostiako Tabakalerako Kutxa Kultur Plazan. “Konta(kta)tu” lelopean, 30. edizioko irabazle nagusiak izan dira Ander Tobalina, Antton Babaze, Uzuri Albizu, Enekoitz Telleria eta Mikel Ojinaga. Sari horiek bi helburu nagusi dituzte: egileak beren ikerketen berri ematera bultzatzea, eta gizartearekin konektatzea, jendearen interesei eta beharrei erantzuteko asmoarekin.

Dibulgazio-artikuluen kategorian, Ander Tobalina gasteiztarrak irabazi du saria Arau berriak, jostailu berriak izeneko artikuluarekin. Fisika kuantikoari buruzko azalpena eskaini du Tobalinak, eta epaimahaiak aitortu du teknika konplexuak argi eta ulergarri aurkezteko duen gaitasuna eta gaiaren gaurkotasuna. Antton Babazek ere, doktore-tesiaren artikuluaren kategoriako irabazleak, gai bea landu du haren Argi ibili kuantikarekin lanean. Uzuri Albizu Malleak egindako lana ere nabarmendu du epaimahaiak, Matematika, hezkuntza eta generoa gurutzatzen diren lekuen kartografia izenekoa. 

Zientzia-kazetaritzaren kategorian, Enekoitz Telleria Sarriegik Silfioaren enigma lanarekin lortu du garaipena. Epaimahaiak azpimarratu du egileak gai ezezagun bati buruzko ikerketa sakona egin duela. Lehen sektoreko lan onenaren saria, aldiz, Mikel Ojinaga Juárez bermeotarrak irabazi du, Birusen aurkako gudari irrabarratsua lanarekin, sektorearentzat garrantzi handiko gai bati buruzko azalpena eskaini du.

Saridun guztiek 2.000 euroko diru-saria eta Imanol Andonegi Mendizabalen eskultura bana jaso dute. Horrez gain, CAF-Elhuyar sariketak 5.000 euroko sorkuntza-beka ere ematen du urtero, zientzia eta gizartearen arteko zubi-lana egiten duten proiektuak sustatzeko. Aurten, beka Femias Kolektiba taldeak irabazi du, FemPRONT izeneko genero-arrakalarik gabeko adimen artifizialeko irudiak sortzeko gida interaktiboaren proiektuagatik. Taldea Alejandra Bueno de Santiago, Laura Martinez Martin eta Aiskoa Perez Alonsok osatzen dute.

Azkenik, Elhuyar Fundazioak CAF-Elhuyar merezimendu saria Miren Basaras Ibarzabal mikrobiologoari eman dio, euskarazko zientzia-dibulgazioan egindako lanagatik. Patronatuak nabarmendu nahi izan du COVID-19aren pandemian zehar gaixotasunaren zabalkundea ulertarazteko eta prebentzio-neurriak azaltzeko egin zuen lan argia, euskaraz, eta ikuspegi sozial handiarekin. 

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK