Confebaskek 15 neurri fiskal proposatu ditu, EAEren lehiakortasuna indartzeko

2024an erkidegoko ekonomiaren hazkundea %2 ingurukoa izango dela, eta 16.000 lanpostu sortuko direla uste du patronalak

Adegiko, Confebaskeko, Seako eta Cebekeko ordezkariak gaurko prentsaurrekoan | Argazkia: Confebask Adegiko, Confebaskeko, Seako eta Cebekeko ordezkariak gaurko prentsaurrekoan | Argazkia: Confebask

Euskal Autonomia Erkidegoaren lehiakortasuna indartzea du helburu Confebaskek. Hori adierazi du Tamara Yagüe patronaleko presidenteak gaurko kontseilu nagusian Bilbon eskainitako prentsaurrekoan. Confebaskek 15 neurri fiskal hartzea proposatu du, tartean, Sozietateen gaineko Zergaren gutxieneko tributazioa %17tik %15era murriztea, Ondarearen gaineko Zerga ezabatzea eta kalitatezko enplegua sustatzeko kenkari berri bat osatzea. Deskarbonizazioarekin lotutako beste bat sortzea ere proposatu du Yagüek.

Egoera ekonomikoaren azterketa batekin hasi du prentsaurrekoa presidenteak. 2024an EAEn %2 inguruko hazkunde ekonomikoa aurreikusten du, eta 16.000 lanpostu berri sortuko direla kalkulatu du. Horrek langabezia-tasa %7 ingurukoa izatea ekarriko lukeela azaldu du. Yagüek azpimarratu duenez, erkidegoaren aurrerapen ekonomiko eta sozialerako "funtsezkoak" diren bi gai daude: fiskalitatea eta lan-gatazkak.

Bestalde, start-upetan lortutako galerak monetizatzen uztea proposatu du. Bere planteamenduetan berrikuntzarako pizgarri fiskalaren erakargarritasuna hobetzea ere barne hartzen du, kenkariaren ehunekoa (gaur egun %15) handituz.

Kenkari berriak ere proposatzen ditu, kalitatezko enplegua sustatzeko eta enpresen deskarbonizazioan aurrera egiteko. Yagüek absentismoaren ondorio negatiboak jarri ditu mahai gainean, eta adierazi duenez EAEra talentua erakartzeko zailtasunetako bat etxebizitza lortzea da. Hori dela eta, eskaintza handitzen eta prezioak moderatzen lagunduko duen politika bat eskatu du.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK