Confebaskek uko egin dio gutxieneko soldata negoziatzeko mahaiari

Gutxieneko soldata ezartzeak “euskal enpresen lehiakortasuna eta jasangarritasuna arriskuan jartzen dituela" dio patronalak

Lan Harremanen Kontseiluaren egoitzan bildu dira gaur sindikatuak eta Confebask Lan Harremanen Kontseiluaren egoitzan bildu dira gaur sindikatuak eta Confebask

Confebaskek ohar bidez adierazi du uko egin diola Euskal Autonomia Erkidegoan lanbideko gutxieneko soldata ezartzeko mahaia eratzeari. Gaur zen biltzekoa patronala sindikatuekin, eta horien proposamenak entzun ondoren, erabaki du negoziazioarekin aurrera ez jarraitzea, “euskal enpresen lehiakortasuna eta jasangarritasuna arriskuan jartzen dituelako”.

Patronalak azaldu du kotizazio sozialen igoerak, lan absentismoaren “erregistro altuak” eta lanaldi murrizketa arautuko duen lege berriak “negoziazio kolektiboan aldez aurretik ezarritako orekak hausten” dituela, eta enpresak kezkatuta daudela lan kostuek euren lehiakortasunean duten eraginagatik.

Oharrean zehaztu du EAEn badagoela “duela 40 urte baino gehiagotik” gutxieneko soldata propioa, “negoziazio kolektibo sektorial eta probintzial” deitzen zaiona, “sektore eta enpresa bakoitzerako gutxieneko eta gehieneko soldatak ezartzen dituena, bakoitzaren errealitate eta aukera desberdinen arabera”.

Era berean, “ziurgabetasun ekonomiko handia” dagoela gogoratu du, eta” Europako eta EAEko ekonomia hazkunde eta lehiakortasun krisia sufritzen” ari dela. Hala, gutxieneko soldata ezartzeko asmoa “errealitate desberdin horiek kontuan hartu gabe” egin nahi dela nabarmendu du.

Eusko Jaurlaritza, "harrituta" Confebasken erabakiagatik

Confebasken uko egiteak lehen erreakzioak utzi ditu harrezkero. Mikel Torres bigarren Lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak plazaratu du "harrituta" dagoela erabakiarekin, eta lanaldiari buruzko murrizketaren esparruan eta gutxieneko lanbide arteko soldataren negoziaziorako erakusten ari den jarrera desberdinak "deigarriak" direla esan du. 

Halaber, nabarmendu du enpresa elkarteen konfederazioak eta bere lurralde patronalek "aukera handia galdu" dutela gaiari buruz aritzeko eta "desberdinen arteko elkarrizketa eta akordioa ere gure lan harremanen funtsezko ezaugarria izan dadin". Ulerkor agertu nahi izan du "euskal enpresek bizi duten egoera ekonomikoaren eta aurre egin beharreko ziurgabetasun eta erronkekin", baina aldi berean lan harremanen esparru "sendo" baten beharra aldarrikatu du, "gizarte eragileen arteko etengabeko elkarrizketan oinarritua". Azkenik, gogorarazi du Lanbide arteko Akordioak, "zoritxarrez, oso urriak direla" euskal gizarte eta lan munduan.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK