Debabarreneko emakume ekintzaileen esperientziak ezagutzeko topaketa egin du Aspegik bigarrengoz

Eibarko Errebal eraikinean egin den jardunaldiak eskualdeko emakume ekintzaile eta zuzendariak ezagutarazteko balio izan du

Atzokoan, Eibarren elkartu ziren dozenaka emakume ekintzaile | Argazkia: Aspegi Atzokoan, Eibarren elkartu ziren dozenaka emakume ekintzaile | Argazkia: Aspegi

Aspegik Debabarreneko emakume ekintzaileak bildu ditu Konektatuz ekitaldiaren bigarren edizioan, Emakume berritzaile eta ekintzaileen esperientziak Debabarrenan izenburupean. Gipuzkoako emakumeen enpresari elkarteak ohar bidez azaldu duenez, ekimenaren xede nagusi euren eragin-eremua Gipuzkoako lurralde osoan zabaltzea da, topaketak eskualdeetan deszentralizatuz. Egitasmoaren bigarren aldia Eibarko Errebal eraikinean egin da, eta Debabarrena eskualdeko emakume ekintzaile eta zuzendariak ezagutarazteko balio izan du.

Hala, Aspegiren arabera "ezagutza eta hausnarketa bultzatuko dira, aldaketa soziala lortzeko, eta aukera eta eskubide berdintasuna lortzen lagunduko da eremu ekonomikoan, sozialean eta laboralean, gizonen eta emakumeen artean, eta emakumea lan eta enpresa-munduan sartzea sustatzen eta errazten duten ekimenak eta jarduerak bultzatuko dira, ikusgarritasunaren aldeko apustua egiteaz gain".

Bigarren edizioak emandakoa

Arestian esan bezala, Emakume berritzaile eta ekintzaileen esperientziak Debabarrenean lelopean egin da Konektatuz egitasmoaren bigarren aldia. Oraingo honetan, Maite Aperribay Helmet Houseko sortzailea, Elena Guisasola bere zentro quiropraktikoko ekintzailea, Esther Velasco HRE Hidraulic-eko gerentea, Lina Amenabar Laboral Kutxak Soralucen duen bulegoko zuzendaria, eta Leire Askasibar Laboral Kutxak Elgoibarren duen bulegoko zuzendaria izan dira euren esperientziak kontatu eta partekatu dituztenak.

Bestalde, instituzioen babesa ere izan da ekitaldian: Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusia, Miren Elgarresta Emakundeko zuzendaria eta Nerea Isasi Eusko Jaurlaritzako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako zuzendaria. Eskualdeko udaletako alkate eta zinegotziak ere izan dira.

Hain juxtu, Mendozak itxi du ekitaldia, berdintasunaren alorrean Gipuzkoaren posizioa nabarmenduz: “Gure lurraldean berdintasunari dagokionez ondo kokatuta gaude Europa mailan. Baina, aldiz, botere ekonomikoari dagokionez enpresa mailan, erronka daukagu horri buelta emateko. Horretarako, elkarlanean jarraitu behar dugu elkar konektatuz”.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK