Jokoz kanpo harrapatu zuen pandemiak Europa. Erronka historikoari erantzun berriak eman behar izan zizkion Europako Batasunak. Jarduera gehienak izoztuta hazkunde ekonomikoa hondoratu egin zen, eta 2008ko krisiaren atzeraldiaren mamuak indarra hartu zuen. Estatu gehienek gerra garaiko ekonomia programak abiatu zituzten gastu publikoa astinduz. Osasun arloan egindako inoizko inbertsiorik handienari gizarte babeserako neurriak gehitu zitzaizkion, enplegua aldi batera erregulatzeko programa eta enpresentzako laguntzen bitartez. Europako Batasunak ere, egoeraz jakitun, ziaboga historikoa egin zuen ortodoxia fiskalaren ikuspegitik: estatuen defizit eta gastu publikoa kontrolatzeko egonkortasun programa eten zuen eta malgutasunez jokatu zuen. Pandemiak hasiera batean, eta krisi energetikoak eta Ukrainako gerrak beranduago, eragindako ondorioei aurre egiteko gastu publikoari barra librea eman zion Europak, gaur arte.
Batasunak zorra eta defizitaren kontrolari ekin dio berriz ere, eta horretarako Egonkortasun Itun berria adostu nahi du. 2024ean estatuen aurrekontuek Europako Batzordeak ezarritako bide orria bete beharko dute, % 3ko defizitaren helburua argi finkatzen duena. Ez du lan erraza izan, Europako estatuen arteko zatiketa historikoa kudeatu behar izan duelako: zorroztasun fiskalaren aldekoak, alde batetik, eta malgutasuna aldarrikatzen dutenak, bestetik.
Trantsizio urtea
2022ko azaroan ekin zion batzordeak itun berria adosteari. 2023ko martxoan itunaren nondik norakoak ezagutzera eman zituen, eta maiatzaren 9an Europako Legebiltzarrean eurodiputatuei azaldu zien. “Historian atal berria irekiko duen” tresna gisa definitu zuen Estrasburgon Maros Sefcovic erakundeen arteko harremanetarako komisarioak proposamen berria. Batzordea, dena dela, jakitun da estatu askok gaur-gaurkoz zailtasun handiak izango dituztela irizpide berria betetzeko, eta horregatik aurtengoa eta hurrengo urtea "trantsizio" bezala hartu daitezke, fiskalitatearen ikuspegitik behintzat.
Defizitaren arauaren beharra argudiatzeko, honakoa adierazi zuen Valdis Dombrovskis batzordearen presidenteorde ekonomikoak: "Europako ekonomia jada ez dago atzeraldian. Pandemia aurreko mailara errekuperatu da. Krisi energetikoaren lehen fase sakona gainditu dugu". Hitzok, halere, ez dute ekarriko indarrean dagoen Egonkortasun Itunera bueltatzea. Estatu bakoitzak helburu fiskalak txertatu beharko ditu bere egonkortasun plangintzetan, eta Europako Batzordeari aurkeztu.
Estatuen zor publikoaren langa BPGaren % 60an ezarri nahi du batzordeak eta defizitarena % 3an
Datorren urteko apirilean Eurostatek argitaratuko dituen 2023ko datuetan oinarrituko da batzordea estatuz estatu gomendioak egiteko. Batzordea estatu bakoitzaren egonkortasun eta konbergentzia programetan ezarritako zerga-helburuetara egokitu beharko da, betiere helburu horiek bateragarriak badira zor publikoaren ratioak beheranzko joerari edo zuhurtasun-mailari eusteko bermearekin eta aurrekontu-defizita epe ertainean BPGren % 3ko erreferentzia-balioaren azpitik egoteko bermearekin. Dombrovskisen esanetan, "batzordearen 2024rako proposamenak herrialde bakoitzaren zor publikoaren inguruko erronken arabera zenbatu eta desberdinduko dira".
Isunen mehatxua
Hortaz, bide orria finkatu du Europako Batzordeak. Bidea, baina, luzea izan daiteke. Estatu guztien adostasuna behar du Egonkortasun Itun berriak, eta hori lortzea ez da samurra izango. Espainiar estatuak beteko du batasuneko lehendakaritza urteko bigarren seihilekoan, eta Pedro Sanchezen gobernuari egokituko zaio itun berrirako negoziazioak kudeatzea.Paolo Gentiloni ekonomia eta finantzetarako komisioak arau fiskal berriak 2025ean indarrean sartzea aurreikusten du.
Apirilaren 28an batasuneko finantza ministroek bilkura egin zuten, eta itunaren inguruko lehen arrakalak azaleratu ziren. Batzordearen jatorrizko proposamenak zor publikoaren langa BPGaren % 60ean finkatzen du, eta defizit publikoa % 3an. Defizitaren muga gainditzen badu, urtean % 0,5eko doikuntza egin beharko dute estatuek. Zorroztasuna lehiakortasunarekin orekatu nahi du batzordeak, eta horretarako gastu publikoaren bilakaera erabiliko da adierazle nagusi gisa, baina inbertsioetarako marjinarekin. Horrela ez da itoko Europako lehiakortasuna.
Espainiak urte erdi bakoitzeko 660 milioi eurorainoko isuna ordain lezake eta Frantziak 1.320 milioikoa
Proposamenari malguegi deritzo Alemaniak, eta urtean egin beharreko doikuntza % 1ekoa izatea eskatzen du. Era berean, Berlingo gobernuak eskatu du, batzordeaz gain, herrialdeekiko negoziazioetan kide diren estatu guztiek argi berdea ematea. Alemania ez da batzordeaz fio, eta 27 estatuen adostasuna aldarrikatzen du. Ez du lan erraza batzordeak oreka topatzeko, eta horregatik malgutasuna zorroztasunarekin uztartu nahi du. Horren adibide da isunak ezartzeko proposamena. Aurreko sistemaren eskakizun-maila altuak inoiz ez aplikatzea ekarri zuen. 2016an, esaterako, Europak Espainia eta Portugali prozedura ireki bai, baina ez zien isunik ezarri.
Oraingo proposamenak hitzartutako egonkortasun-bideak betetzen ez dituzten herrialdeek beren BPGaren % 0,05eko isuna ordaindu beharko dute sei hilean behin. Isunak metatu egingo dira, gehienez ere BPGaren % 0,5era arte. Espainiar estatuaren kasuan, esaterako, 660 milioi euro inguru izango lirateke urte erdi bakoitzeko eta 6.600 milioi euro gehienez. Frantziak, ordea, sei hilerik behin 1.321 milioi euroko isuna metatuko luke, eta gehienez 13.211 milioi ordainduko luke.
Aurreko sistemaren eskakizun-maila altuak inoiz ez aplikatzea ekarri zuen. 2016an, esaterako, Europak Espainia eta Portugali prozedura ireki bai, baina ez zien isunik ezarri
Europako Parlamentuko kideek ere iritzi kontrajarriak agertu dituzte itun berrirako proposamenaren inguruan. Maros Sefcovic komisarioak proposamena aurkezteko Europako Parlamentuan egindako agerraldian antzeko kritikak jaso zituen. Europako alderdi popularreko eledunak itunaren arazo nagusia "betetzea dela" esan zuen eta ez "malgutasuna", eta horregatik "zorrotzagoa" izatea eskatu zuen. Eskuin muturretik ere antzeko kritikak bildu zituen, "gehien gastatzen duten estatuen disziplina" zaintzeko eskatuz. Badira, aldiz, kontrako jarrera babestu duten alderdiak. Europako berdeak, esaterako, defizita eta zorra murrizteko neurriak "oinarri zientifikorik gabekoak" direla kritikatu dute, eta "zor publikoak gizarte bidezkoagoak" sortzeko tresna behar duela aldarrikatu dute.
Espainia eta Frantzia ataka larrian
Egonkortasun Itun berria ez dator unerik gozoenean Espainiar eta Frantziar estatuentzat. 2025era bitarteko trantsizio garaia dute defizit publikoa % 3ra eta zor publikoa BPG % 60ra mugatzen duen araua indarra sartu bitartean. Helburu bikoitz horri heltzeko plangintza aurkeztu beharko diete batzordeari nahiz estatuei, argi berdea emateko.
Pandemiari eta inflazioaren gorakadari aurre egiteko politikek nabarmen ahuldu zuten herrialdeen kontabilitatea eta, azken lau urte hauetako malgutasuna eta gero, defizitaren kontrolari berrekin beharko diote. Hamaika estatu kidek gehiegizko defizita izan zuten 2022an, horien artean Frantziak eta Espainiak. Italiak izan zuen defizitik altuena (% 8) eta, ondoren, Hungariak eta Errumaniak (% 6,2). Espainiak % 4,81eko defizita izan zuen eta Frantziak % 4,70, Egonkortasun Itunak ezartzen dituen langatik nahiko urrun. Defizit araua betetzen duen estatuen artean Alemania (% 2,6), Portugal (% 0,4) eta Grezia (% 2,3) daude. Herbehereek ez zuten defizitik izan (% 0), eta Luxenburgok % 0,2ko superabita izan zuen.
Espainiak % 4,81eko defizita izan zuen iaz eta Frantziak % 4,70ekoa. Herbehereek ez zuten izan eta Luxenburgok % 0,2ko superabita
Zor publikoaren aldetik ere, zailtasun nabariak dituzte bi estatuek % 60ko mugara hurbiltzeko. Aste honetan Espainiako Bankuak emandako datuen arabera, % 1ean kokatu zen zor publikoa, eta inoizko kopururik altuenera heldu da, 1,535 bilioi euro, bere BPGaren % 113. Urte arteko datuak aztertuta, estatuko administrazio publiko guztien zorra handitu zen. Horrela, estatuarenak % 7 egin zuen gora iazko datuen alderatuta, erkidego autonomoenak % 4 eta udalenak % 2,7. Apirilaren 28an igorri zuen Espainiako gobernuak 2023-2026 bitarteko Egonkortasun Programa. Aurten defizita % 3,9ra murriztea jasotzen du programak eta datorren urtean % 3ra, Europak agindu bezala. Inflazioaren ondorioz zergen bilketak gora egin du nabarmen Espainian, eta horrek defizita espero baino gehiago murriztea lagundu du , % 4,8an kokatuz. Pandemiak defizita % 10,1ra eraman zuen 2020an.
Gobernuak hazkunde ekonomikoan oinarritzen du hurrengo urteetarako defizit murrizketa. Hala, BPGak aurten % 2,1 gora egitea aurreikusten du, eta % 2,4 datorren urtean, Europako Next Generation funtsen bultzadaren harira. Zor publikoari dagokionez, 2024ean BPGaren % 109,1ra jaistea jasotzen du Bruselara bidalitako txostenak. Frantziak ere ez ditu arau fiskalak betetzen, baina Bruselara igorritako txostenak 2027rako defizita % 2,7era eta zor publikoa % 108,3ra murriztea jasotzen du. Bruno Le Maire ekonomia ministroak azaldu berri du "zorpetzea murriztea azkartu" nahi duela, eta horretarako gobernuak aurrezteko proposamenak eskatu dizkie gobernuko ministroei.
Inbertsio berderako galga
Defizitaren kontrolak talka egiten du estatu kideek abian jarri nahi duten inbertsio programekin. Trantsizio energetikorako proiektu anbiziotsua abiatu nahi du Europak, energia burujabetza lortze aldera, baina horrek inbertsio publiko handiak eskatzen ditu. New Economics Foundation etxeak egindako txostenak defizitaren kontrolak suposatu lezakeen galga aztertu du. Hala, soilik Irlanda, Danimarka, Suedia eta Letoniak aurre egin ahal diote % 3ko hazkundeari inbertsio berdean Europako Egonkortasun Itunak jasotzen duen defizit helburua hautsi barik.
Frantziar eta Espainiar estatuak, aldiz, kontrako egoera daude beste sei herrialderekin batera. Europako BPGaren % 34 suposatzen dute zortzi herri horiek, eta ezingo lukete inbertsio berdea ezta % 1ean handitu defizit helburuei muzin egin barik. Orain arte burututako inbertsioak ez dira nahikoa izan Europako Itun Berdearen helburuak lortzeko. Defizit helburuak ekar lezakeen inbertsio publikoaren lausotzeak, hortaz, trantsizio ekologikorako beste oztopo bat suposatu lezake.