Diru-bilketa metatuak gora egin du Araba eta Gipuzkoako Ogasunetan

Bizkaian, aldiz, iazko epe berean baino %1,9 gutxiago bildu dute

Araban gora egin du zerga guztietan bildutakoak, hidrokarburoen gaineko zergako bilketak izan ezik | Argazkia: Arabako Foru Aldundia Araban gora egin du zerga guztietan bildutakoak, hidrokarburoen gaineko zergako bilketak izan ezik | Argazkia: Arabako Foru Aldundia

Errenta kanpaina ez da amaierara iritsi oraindik Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan; ekainaren 25ean, ekainaren 28an eta uztailaren 1ean amaituko dira, hurrenez hurren. Bitartean, baina, maiatzera bitarteko zerga-bilketaren berri eman dute hiru ogasunek, eta badira aldeak. Esaterako, Bizkaiko Foru Aldundiak urtarriletik maiatzera bitarte 3.737,8 milioi euro jaso ditu, 2023ko epe berean baino %1,9 gutxiago. 2024ko ekitaldi guztiko aurrekontua 9.829,5 milioikoa izanik, bildutakoa horren %38 da. Maiatza soilik hartzu gero, ordea, %49,1 igo da bilketa iazko hilabete berarekin alderatuta, 287,8 milioi euro jaso baitira.

Bai Araban, bai Gipuzkoan, aldiz, igoera izan da urteko lehen bost hilabeteetan aurreko urteko epe berarekin alderatuta, baina Gipuzkoan hazi da gehien diru-bilketa: %7,3 egin du gora, 1.879 milioi euro bildu baitira maiatzean, iazko epe berean baino 128,6 milioi gehiago. Araban hazkundea %4,2koa izan da, iaz baino 36,7 milioi gehiago jaso baitituzte, guztira, 903,6 milioi euro.

Bizkaia: itzulketak gora

Bizkaian Zuzeneko zergapetzea 1.866,6 milioi eurokoa izan da, %6,4ko igoerarekin (111,8 milioi euro gehiago), iazko hil beraren aldean. Sozietateen gaineko zergan 101,5 milioi euro gehiago gehiago bildu ditu, alegia, %45,6 gehiago. Halaber, igo egin dira, besteak beste, lan-atxikipenak —%4,7ko igoera—, kapital higigarriaren etekinen gaineko atxikipenak —%63,4ko hazkundea— eta lanbide eta enpresa-jardueren ordainketa zatikatuak —%11,3 gehiago—.

Datu horiek horrela, PFEZak %3,1 egin du gora, 44,1 milioi euro gehiago jaso baitira. Hala ere, aipatzekoa da itzulketek gora egin dutela: maiatzaren 31era arte Bizkaiko Foru Aldundiak 433,1 milioi euro itzuli ditu PFEZaren kanpainan, iazko urtean baino 60,3 milioi gehiago — 372,8 milioi euro itzuli zituen orduan—. Zifraren gorakadaren atzean bi arrazoi daude: batetik, errentaren kanpaina gauzatzeko aurrerapena; bestetik, itzulketa horien gehikuntza. Azken horretan eragiten du, besteak beste, prestazioen integrazioari loturiko epaiek, zehazki, 1978a baino lehen mutualitateei egindako kotizazioen ondoriozko ateratakoak.

Behera egiten duen beste zerga bat da Ez-Egoiliarren Errentaren gainekoa. Iaz ezohiko diru-sarrera ekarri zuen Bizkaiara, eta aurten 35,1 milioi euroan jaitsi da.

Gipuzkoa: sozietateen gaineko zergan beherakada

Gipuzkoako Ogasunaren kasuan, datu deigarriena da Sozietateen gaineko zergaren beherakada. Hain zuzen, diru-sarrerak 3,2 milioi jaitsi dira maiatzera arte. Aldundiak azaldu duenagatik, aldaketa horren arrazoietako bat da diru-sarrera gordinak 2,3 milioi euro gutxitu direla, eta itzulketak 0,9 milioi euro handitu direla.

Aldiz, zifra orokorrak hartuta, diru-sarrera gordinak % 5,6 hazi dira, eta itzulketak, % 1,5. Hala ere, Jokin Perona Ogasun diputatuak gogorarazi nahi izan du "hurrengo hilabeteetan itzuliko zaiela pentsiodunei mutuei buruzko epaian adierazitakoa, eta horrek aurtengo diru-bilketan eragin zuzena izango duela". Alegia, Bizkaian dagoeneko itzulketa horrekin hasi badira ere, ez hala Gipuzkoan.

Era berean, zuzeneko zergen bilketak %15,7 egin du gora, zeharkako zergetatik %1 gutxiago jaso da eta Espainiarekiko egokitzapenenak %6,9 igo dira. 

PFEZaren kasuan, %11,9 igo dira lan-etekinen gaineko atxikipenak, hau da, aurreko urteko aldi berean baino 105,6 milioi gehiago izan dira. PFEZren bilketak ere gora egin du, %15,4 hau da, 108,4 milioi euro gehiago jaso dira.

BEZari dagokionez, bilketa %1,4 jaitsi da aurreko urtearekin alderatuta. Atal honetan, Gipuzkoako sarrerak 15,6 milioi euro igo dira, %2 eta lurralde horretako itzulketak 0,8 milioi euro jaitsi dira. Era berean, lurralde arteko doikuntzek 24,4 milioi euro egin dute behera, %20,5eko jaitsiera. 

Hidrokarburoen gaineko zergaren kasuan, %9,8 jaitsi da, hau da, 11,9 milioi euro gutxiago. Era berean, Estatuarekin egiten diren doikuntzetan, bilketa metatua 3,8 milioi jaitsi da BEZean eta 11,5 milioi hobetu da zerga berezietan.

Araba: "aurreikuspenekin" bat

Arabako Ogasunaren kasuan, zuzeneko zergen diru-sarrerak 395,4 milioi eurokoak izan dira eta horietatik 329,9 milioi euro PFEZari dagozkio. Itziar Gonzalo Ogasun, Finantza eta Aurrekontu Saileko foru diputatuak adierazitakoaren arabera, "igoera horiek bat datoz 2024rako dirubilketaren aurreikuspenekin". Lan atxikipenengatik 418,3 milioi euro bildu dira, hau da, aurreko urtean baino 24,7 milioi euro gehiago, igoera %6,3koa izanik.

Bilakaera horri esker, PFEZren bidez 329,9 milioi euro bildu dira, aurreko ekitaldian baino 10,9 milioi euro –%3,4– gehiago. Sozietateen gaineko zergaren bidez 49,7 milioi euro bildu dira, hazkundea %1,3koa izanik

Zeharkako zergei dagokionez, bilketa 446,4 milioi eurokoa izan da, %5,3ko igoerarekin. Zeharkako zergen bi kontzeptu nagusien bilakaerak bi norabidetan joan dira: BEZak %7,4ko hazkundea izan badu, hidrokarburoen gaineko zergan %4,9 beherakada izan da.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK