Dirua mugitzea: merkeago eta azkarrago

Datorren urtean indarrean sartuko den berehalako transferentzien araudi berriak Europa barruko diru bidalketak azkartzeaz gain, kostuak murriztea ahalbidetuko du

Egun Espainiako Estatuan egiten diren transferentzien %53 berehalakoak dira. Europan %16 baino ez | Argazkia: iStock Egun Espainiako Estatuan egiten diren transferentzien %53 berehalakoak dira. Europan %16 baino ez | Argazkia: iStock

Berehalakotasunaren gizartean bizi gara. Azken uneko albisteen berri berehala jasotzen dugu gure sakelakoetan ,eta modan dauden produktuak erosi eta egun gutxitan etxean jasotzeko aukera dugu. Dirua mugitzeko orduan, aldiz, banku sistemaren protokoloek eta interkonexio sistemek diruari bidaiatzeko galga jartzen diote, orain arte behintzat.

Europako Batzordeak eta Parlamentuak onartutako 2024/886 araudiak berehalako transferentziak azkartzea du helburu, finantza burujabetza eta autonomia suspertuz eta ordainketak modernizatuz. Legedi berriak, funtsean, Europa barruko ordainbide lehiakorrak garatu nahi ditu, finantza digitalizazioa, berrikuntza eta ordainketen abiadura sustatuz. Ez da lehen aldia Europa kexu dela bere finantza autonomiagatik. Orain arteko Estatu Batuetako VISA eta Mastercard bezalako enpresen ordainbideekiko menpekotasuna are gehiago areagotu da Google edo Apple bezalako erraldoi teknologikoen agerpenarekin. Lehentasunezko helburu gisa ezarri du, hortaz, Europak ordainketa sistema propioa garatzea. Horren adibide dira Euro Digitalaren egindako apustua (garatze fasean oraindik) eta berehalako transferentzien araudi berria.

Bizum, aitzindari

Berehalako diru bidalketaren lasterketan Espainiar estatuko bankuek hartu zuten aurrea 2016an, Bizum sortuz. Estatuko finantza erakunde nagusiek Bizum enpresa sortu zuten, ordainketen esparruan lidergoa eskuratzeko. Teknologia alorreko enpresa erraldoiek suposatu lezaketen konkurrentziari hesia jarri zioten, berehalako transferentzietan aitzindariak bilakatuz. Bankuek, baina, egun bakoitzean mugitu daitekeen diru kopurua mugatu zuten. Urte bete beranduago miloi bateko erabiltzaileen langa gainditu zuten, eta 2020an 10 milioi lagunek bazuten aplikazioa euren sakeletan instalatuta. Irabazi asmorik gabeko elkarteei dirua emateko eta saltokietan erabiltzeko aukera ere garatu zuen Bizumek hurrengo urteetan.

Berehalako diru bidalketaren lasterketan Espainiar estatuko bankuek hartu zuten aurrea 2016an

Europako Banku Zentrala, era berean, antzeko urratsak ematen hasi zen, eta TIPS (Target Instant Payment Settlement) prozedura ezarri zuen. Ordura arte Target transferentziak ziren egunean bertan dirua bidaltzeko aukera bakarra, baina bazuten hainbat muga. Dirua onuradunaren bankura azkar heltzen bazen ere, bankuko arduradunek mugimendua prozesatu arte ez zen bezeroaren kontuan agertzen. Hau da, egunean bai, baina ez berehala. Bestaldetik, finantza erakundeek komisio altuak kobratzen zituzten honelako eragiketengatik, eta, funtsean, diru kopuru handiak mugitzeko baino ez zituzten enpresek, nagusiki, erabiltzen. Egungo sistemak, SEPA Instant Credit Transfer (SCT Inst), hortaz, aurrerapen handia ekarri du. Dirua berehala bidaltzeko aukera plazaratu zuen, eta bankuak askoz komisio apalagoak kobratzen hasi ziren, ohiko transferentziak baino 2 eta 4 euro artean garestiago. Transferentzia hauen muga 15.000 eurokoa bazen ere, 2018an 100.000 eurora handitu zen. SEPA (Single Euro Payments Area) eremuko estatuko bankuek hartzen dute parte: euroguneko estatu guztiez gain, baita Islandia, Liechtenstein, Norvegia, Suitza, Monako eta San Marino ere.

Europarekin alderatuta, aldea hartu diote Espainiar estatuko bankuek Europakoei. Hala, egun estatuan egiten diren transferentzien %53 berehalakoak dira. Europan %16 baino ez.

2025ean onura gehiago

Europako Batzordeak 2024ko otsailean berehalako transferentzien inguruko zuzentarau berria onartu du, indarrean zegoen sistemari bultzada nabarmena emango diona. Bi helburu nagusi lortu nahi ditu Bruselak aldaketa honekin. Alde batetik, berehalako ordainketen potentzialitateari ahalik eta etekin handiena ateratzea eta, bestetik, Europaren finantza autonomia indartzea VISA eta bestelako erraldoi teknologien aurrean babesteko.

Arau berriak, era berean, transferentzien merkatura lehiakide berriak sartzea ahalbidetuko du. Espainiar estatuan, esaterako, orain arte ordainbideak garatzen dituzten fintech alorreko enpresak ohiko bankuen bitartez konektatzen ziren Iberpay ordainketak likidatzen dituen erakundera. Bruselak onartutako aldaketa berriak, ordea, zuzenean Iberpayrekin aritzeko aukera emango die.

Orain arte ez bezala, bankuek transferentziaren onuradunaren titulartasuna berretsi beharko dutelako. Hau da, diru mugimendua eskatu ahala onuradunaren kontu zenbakia (IBAN) eta titulartasuna bat datozen egiaztatu beharko da

Segurtasuna indartzea izango da arau berriaren beste ekarpen bat. Orain arte ez bezala, bankuek transferentziaren onuradunaren titulartasuna berretsi beharko dutelako. Hau da, diru mugimendua eskatu ahala onuradunaren kontu zenbakia (IBAN) eta titulartasuna bat datozen egiaztatu beharko da. Litekeena da hasiera batean honek arazoak sortzea, izenetan egon daitezkeen aldaerengatik. Hala, Iñaki bezala ezagutzen dugun pertsona baten izena Ignacio izan daiteke. Horrelakoetan sistemak agindu emaileri abisua eman beharko dio. Iberpayko kideak dagoeneko garatzen hasi dira IFK edo NANaren bidez titulartasuna egiaztatzeko sistema, baina oraindik abiatu barik dago.

Bruselak onartutako zuzentarau berriak, baina, ekarriko duen onurarik adierazgarriena doakotasuna izango da. Orain arte finantza erakundeek berehalako transferentziei gainkostua aplikatzen badiete, 2025eko urtarriletik aurrera kostu bera izango dute ohiko transferentziak eta berehalakoak.

Nazioartekoak, hurrengo urratsa

Europak abian jarritako aldaketa berriak SEPA eremuko bankuei soilik eragiten badie ere, dagoeneko finantza erakundeak hasiak dira haien kabuz onura gehiago garatzen. Hala, Iberpayk eta Santander bankuak Europako ordainbideen kontseiluaren (EPC) One-Leg Out (OCT Inst) eskema oinarri hartuta eurogunetik kanpoko berehalako nazioarteko ordainketak egiteko aukera ematen dute 2024ko maiatzetik aurrera. Dibisaren trukea azkartzea ekarriko du aldaketa honek, eta baita gardentasunaren aldetik aurrerapauso nabaria ere. Litekeena da hurrengo hilabeteetan banku gehiagok bat egitea nazioarteko berehalako transferentzien zerbitzuarekin.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK