Diskurtso aldaketa Silicon Valleyn Trumpekin lerrokatzeko

Donald Trumpen etorrerak jarrera kontserbadoreetara mugiarazi ditu enpresari nagusiak. Diru asko dago jokoan bai Trumpen ildo berrietan, bai Europarekiko duten gatazketan. Errepublikarren artean, baina, guztiek ez dute ondo ikusten enpresarien jarrera berria

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Gauza jakina da diruak bihotzik ez duela eta, salbuespenak salbu, enpresak agintean dagoenarekin lerrotzen direla. AEBn azken hilabeteotan gertaturikoa ikustea baino ez dago horren adibide argia izateko.

Donald Trumpek hauteskundeak irabazi eta gero hasi ziren enpresa asko bere diskurtsoetan eta politiketan aldaketak egiten. Zenbait kasutan ziabogaz ere hitz egin liteke, Metaren kasuan esaterako.

Amazon, Meta, Apple, X… enpresari guztiek egin diote Trumpi bisita azken aste hauetan bere Floridako egoitzan eta denak eskuzabal agertu dira presidente berriaren kargu hartze ospakizunetarako dirua emateko orduan

Geopolitikoki ziurgabetasuna nagusi den garai honetan Donald Trumpek bere politiken ildoen ezaugarriak azaldu ditu: immigrazioa, merkatuen desregulazioa, kriptoaktiboak, muga-zergak, industria aeroespaziala… Diru asko dago jokoan, bai administrazioaren kontratuen bitartez, bai merkataritza-gudak utzitako joko zelai berriak eraginda.

Trumpekin nabarmen lerrokatu dena Silicon Valley izan da. Amazon, Meta, Apple, X… enpresari guztiek egin diote Trumpi bisita azken aste hauetan bere Floridako egoitzan eta denak eskuzabal agertu dira presidente berriaren kargu hartze ospakizunetarako dirua emateko orduan. Trumpekiko lerrokatzea, baina, ez da donazioetara mugatu. Bertako enpresa askok aniztasuna, ekitatea eta inklusioa bezalako politikekin lotutako sailak murrizten ari dira eta aldaketa klimatikoaren kontrako edo aniztasunaren aldeko erakundeei emandako laguntza murrizten hasi dira.

Metaren ziaboga

Mark Zuckerberg izan da MAGAzale (Make America Great Again, Trumpen leloa) bihurtzen azkena. Aurreko astean Metak Facebook eta Instagrameko edukiak egiaztatzeko politikak bertan behera utziko zituela azaldu zuen. Hala pertsona homosexualak eta transexualak gaixotzat hartzea onartuko du Metak hemendik aurrera, “egungo diskurtso politikoa eta erlijiosoa” aintzat hartuta. Zuckerbergek esan du zentsurarekin bukatu nahi duela neurri horrekin, baina argi dago neurriak errepublikarrekin adiskidetzea duela helburu.

Trumpen laguntza behar du Zuckerbergek Europako Batzordeak Meta, Alphabet eta Applen kontra abian dituen espedienteen aurrean presioa egiteko

Deigarria izan da Metaren ziaboga. Duela lau urte, Joe Bidenek hauteskundeak irabazi zituenean, Etxe Zuriarekin lerrokatu zen, eta desinformazioari aurre egiteko neurriak ezarri zituen. Donald Trump berari Facebook eta Instagrameko profilak itxi zizkion, bi sareetatik kanpo utzita. Egoera politikoa zeharo aldatu dela ikusita, Floridan Trumpek duen egoitzara bisita egin du Metako buruak berriki, presidente berriaren kargu hartze ospakizunetarako miloi bat euro emango duela aginduz. Trumpen laguntza behar du Zuckerbergek Europako Batzordeak Meta, Alphabet eta Applen kontra abian dituen espedienteen aurrean presioa egiteko. Europako Merkatu Digitalen araua haustea leporatzen die Bruselak Silicon Valleyko enpresei. Ez da lehen aldia Europak erraldoi teknologikoei isun handiak ezartzen dizkiela.

Trumpen inbestidura Amazonen

AEBko presidente berriaren kargu hartzera joango da Mark Zuckerberg, Elon Muskekin batera. Ez dira izango enpresari teknologiko bakarrak. Jeff Bezos ere Washingtonen izango da astelehenean eta ospakizunetarako dirua ere eman izan du. Hori gutxi balitz Amazonek Primen emango du Trumpen inbestidura. Melania Trumpekiko keinua ere izan du Amazonek, bere bizitzari buruzko dokumentala eskainiz. Presidente berriaren emazteak berak ekoiztutako lana da eta Brett Ratnerrek zuzendu du. Zuzendari polemikoa da Ratner, 2017an #MeToo mugimenduak erasoagatik salatu zutelarik. Halaber, The Whasintong Post komunikabidearen jabea da Bezos, eta zuzendaritzari debekatu egin zion Joe Bidenen aldeko bozka eskatzea. Ohikoa zen egunkariak hautagairen bat babestea, baina Bezosek ez zuen Trump haserretu nahi izan.

The Whasintong Post komunikabidearen jabea da Bezos, eta zuzendaritzari debekatu egin zion Joe Bidenen aldeko bozka eskatzea. Ohikoa zen egunkariak hautagairen bat babestea, baina Bezosek ez zuen Trump haserretu nahi izan

Interes andana ditu Bezosek Trumpen gobernuan. Alde batetik, Europako agintariekin dituen lehietan administrazioaren babesa behar du. Bestetik, Elon Muskekin lehian dihardu industria espazialaren alorrean. Blue Origin enpresaren jabea ere bada Bezos, berriki NASAren kontratu garrantzitsua lortu duena. Argi dago Trumpekin lerrokatzea erabaki zuela Bezosek, Elon Musken izan dezakeen eragina ikusita.

Tim Cook ere lagun berria?

Baliteke Appleko burua ere Whasingtonen ikustea Trumpen kargu hartzean. Silicon Valleyko beste enpresek bezala, Trumpi laguntza eskatu dio Cookek Europako araudiari aurre egiteko. Trumpek berak azaldu bezala telefonoz hots egin zion Cookek, Europako Batasunak jarritako isunez kexaka. 1.800 milioi euroko isuna ezarri zion Bruselak martxoan Spotifyren helegiteagatik. Irailean Europako Batasunak zergak ez ordaintzeagatiko epaiketa irabazi zuen, eta sagarraren konpainiak 13.000 milioi euro ordaindu beharko ditu.

Europarekiko lehiaz haratago, Applek badu kezkatzeko beste motibo bat: politikari errepublikarrak Txinarekiko abiatu nahi duen merkataritza guda. Txinan ekoizten ditu Applek bere telefonoak

Europarekiko lehiaz haratago, Applek badu kezkatzeko beste motibo bat: politikari errepublikarrak Txinarekiko abiatu nahi duen merkataritza guda. Txinan ekoizten ditu Applek bere telefonoak eta Txinari muga-zergak ezartzeak kalte egingo lioke. Ez da arazo horri aurre egin behar dion lehen aldia. Trumpen lehen agintaldian sagarraren konpainiaren produktuak salbuetsi zituen. Samsung da Applen lehiakide nagusia. Hego Koreakoa izanda ez luke muga-zergak jasoko, Applen produktuak kaltetua. Jokaldi bera lortu nahi du oraingoan Tim Cookek.

MAGAzaleak, mesfidati

Agerikoa izaten ari da Silicon Valleyn emandako diskurtso aldaketa. Teknoautorismoarekin lerrokatzea leporatu diete askok bertako enpresei. Elon Muskena izan da, zalantza barik, horren adierazle nagusia. Bere Trumpen aldeko hautua aspalditik dabil, baina 2022an Twitter erosi zuenetik gehiago nabarmendu da. Sare sozialen bitartez desinformazioa zabaltzea leporatu diote askok, besteak beste Europako agintari nagusiek. Erresuma Batua, Alemania, Espainia, Frantzia… Asko izan dira bere aurka hitz egin duten agintariak, batez ere Alemaniako ultraeskuinaren alde agertu eta gero. Kritikak, halere, ez dira Europatik soilik etorri. Joe Biden presidenteak berak bere agur-hitzaldian “boterean infiltratu den oligarkia teknologikoa” salatu zuen, adi egoteko deia eginez.

Alderdi errepublikarraren barruan, baina, ez dute denek begi onez ikusten enpresa teknologikoen hurbilketa. Steve Bannon Trumpek lehen legegintzaldian izan zuen aholkulari nagusia gogor aritu da Musk eta bere gainontzeko enpresari teknologikoen kontra egiten, “Etxe Zuritik botatzeko” deia eginez. Immigrazioaren inguruan duten diskurtsoa ez dute gustuko. Mugak erabat itxi beharrean profil teknologikoa duten langileen kontratazioa baimentzea eskatu dute. H-1B baimenen bitartez, AEBtik kanpo langile kualifikatuak kontratatu ditzakete enpresak eta Bannonen ildoko MAGAzale ultrakontserbadoreek ez dute begi onez ikusten. “Teknologiaren jauntxoei immigrazioaren sistema manipulatzea “ leporatzen diete, euren onurarako erabilita. Elon Musk berak, Hegoafrikan jaioak, AEBko hiritartasuna eskuratu zuen horrelako baimen baten bitartez. Muskenaz gain, Peter Thiel eta David Sacks enpresariak ere jomugan jarri dituzte Bannonen jarraitzaileek. Elon Muskekin batera PayPal enpresa sortu zuten, urte batzuk beranduago Ebayri salduta.

Steve Bannon Trumpek lehen legegintzaldian izan zuen aholkulari nagusia gogor aritu da Musk eta bere gainontzeko enpresari teknologikoen kontra egiten, “Etxe Zuritik botatzeko” deia eginez. Immigrazioaren inguruan duten diskurtsoa ez dute gustuko

Egoera politikoa erabat irauli den honetan, badira oraindik Trumpek argitu beharreko hainbat ildo. Ikusteko dago, hortaz, nori egingo dion kasu gehiago Donald Trumpek: enpresa teknologikoen jabeei edo MAGA ultrei.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK