Trumpen aroa, berriz ere

AEBetako hauteskundeen emaitzak hari-mutur asko utzi ditu. Ildo ekonomiko nagusiak, baina, igarri daitezke

Protekzionismoaren bigarren oldea abiatu dezake Trumpek | Argazkia: iStock Protekzionismoaren bigarren oldea abiatu dezake Trumpek | Argazkia: iStock

Talaia honetatik so egitea hainbatetan ez da lan erraza izaten. Informazio ekonomikoaren ildoari erreparatu eta azterketa egitea dugu helburu. Oparoa izan ditugu azken egun hauek albisteei dagokionez. Jaurlaritzaren aurrekontu proposamenak, langabezia datuak, Hego Euskal Herriko hainbat hirik eta herrik tentsionatutako gune izendatzeko eskaria edo 40.000 enplegatu publiko osasun pribaturik gabe gelditzeko aukera, besteak beste, xehe aztertzeko berriak badira ere, begirada Euskal Herritik harago izan dugu egun hauetan.

Ekialdera begiratu dugu, Valentziara, klima larrialdiaren ondorio zuzena izan den tanta hotzak eragindako hondamendiak kezkatuta. Eta mendebaldera ere begiratu egin dugu, Amerikako Estatu Batuetara. Kasu honetan ondorioa baino klima larrialdiaren eragile diren politiken garaipenaz kezkatuta.

Talaia argitaratzeko orduan hauteskundeen emaitza garbirik izango ote genuen zalantzan ginen, Amerikako erraldoi ekonomikoan hainbatetan gertatu bezala. Azkar argitu dute aurten, ordea, irabazlearen izena. Hiru puntuko aldea atera dio Trumpek Harrisi, duela lau urteko emaitzari buelta emanda. Hautuak hari-mutur asko ditu, eta zaila da azalpen bakar batean laburbiltzea. Emaitzak ikusita, ez du ematen Trumpek duela lau urte baino bozka gehiago bildu dituenik. Gakoa, hortaz, Harrisen teilatuan dago, Bidenen alde egindako askok ez diotelako bozkarik eman. Arrazoi andana egon daitezke eta baliteke Gazako genozidioan Israeli emandako babesa horietako bat izatea, baita ekonomia hauteskunde hauetako gakoetako bat izatea.

Ekonomia da, ergela!

Bill Clintonek George H. W. Bushi 1992an hauteskundeak irabazi zizkion kanpainaren gako nagusia izan zen ekonomia da, ergela! leloa. James Carville Clintonen aholkulariak hiru ildo nagusi markatu zituen, osasun sistema, aldaketa eta ekonomia. Atzerri politikan arrakasta handiak bildu zituen hautagai errepublikanoaren aurrean, Clintonek estatubatuarren egunerokoan zentratu zuen bere kanpaina, batez ere euren poltsikoetan. Lelo hura urteen poderioz mainstream bihurtu bada ere, ez du ematen Harrisen taldea ohartu denik. Bidenen garaian herrialdeak datu makroekonomiko onak bildu baditu ere, azken urteotako prezioen gorakadak bere lorpenak zipriztindu ditu.

Bidenen garaian herrialdeak datu makroekonomiko onak bildu baditu ere, azken urteotako prezioen gorakadak bere lorpenak zipriztindu ditu

Inflazioa azken hilabeteotan menderatzea lortu du gobernu federalak, baina herritarrek oraindik prezio altuei aurre egin behar diete. Hala hautematen dute, behintzat. Azken urteotako inflazio altuak familia asko kolpatu ditu eta hainbatek Trump ekonomia sendotzeko hautagai bezala ikusi dute. Bere kanpainaren leloetako bat izan da fix the country eta baliteke uzta ona bildu izana. Trumpek alor askotan defendatzen duen ideologiarekin bat etorri gabe ere, ekonomia hartu dute ardatz errepublikanoari bozka emateko. Egun berean abortuaren legea babestu duten estatuetan Trumpek hauteskundeak irabaztea horren adibide da.

Zergen errezeta magikoa

Zergen afera hizpide izan dute bi hautagaiek kanpainan zehar. Harrisek aberatsei eta enpresa handiei zergak igo eta klase ertain eta baxuei jaistea proposatu duen bitartean, Trumpek zergen murrizketa masiboa agindu du, errenta altuenetatik hasita.

Informazio gehiago AEBn bidea zabaltzea, edo euskal enpresak Estatu Batuetan

Bigarren atalak onak ez omen dira. Hori esaten omen dute pelikula eta serieen inguruan. Trumpek 2017an onartutako zergak eta lanpostuak murrizteko legean (TCJA) oinarrituko omen da zergak berriz ere jaisteko. Zineman bezala, erabaki ona ez izateko arriskua ikusi dute hainbatek. Diru bilketaren murrizketa handia izan daiteke eta Erresuma Batuan Liz Truss lehen ministroarekin gertatutakoa buruan dute zenbait adituk. Errepublikanoen zor eta defizit publikoaren inguruko zorroztasunetik aldendu omen da Trump, eta erabakiak hamar urtetan hiru milioi dolarretako zuloa eragingo du Tax Foundation think tankaren ustez. Nazioarteko Diru Funtsak berriki kaleratutako txostenaren arabera, 34 bilioi dolarreko zor publikoa du AEBk, bere BPGren %124, eta 2030erako %130 izatea espero du. Trumpek bere zerga politika aurrera eramateak zorra 7,75 biliotan areagotzea ekarriko luke, politika publikoak aztertzen dituen CRFB erakundearen arabera.

Nazioarteko Diru Funtsak berriki kaleratutako txostenaren arabera, 34 bilioi dolarreko zor publikoa du AEBk, bere BPGren %124, eta 2030erako %130 izatea espero du

Merkatuak lasaitu nahi izan ditu Trumpek, estatuaren gastua murriztuko duela esanez. Kanpainan bidaide izan duen Elon Muskek aurrekontu federaletik bi bilioi dolar murrizteko aukera aipatu izan du behin baino gehiagotan, politika sozialen kalterako. Ikusteko dago Muskek Trumpen administrazioan izango duen ardura, baina Trumpek Gobernu Eraginkortasun Saila sortuko duela iradoki du bere mitinetan,  Murrizketen Saila ez omen delako ongi gelditzen.

iStock 535518946
Make Amerika Great Again leloak gidatuta hankaz gora jarri zituen mundu mailako harreman komertzialak Trumpek 2016an | iStock

Protekzionismo dosi berria

Ez da Trumpek Etxe Zurirako sarbidea lortzen duen lehen aldia. Duela zortzi urte argi MAGA (Make Amerika Great Again) leloak gidatuta hankaz gora jarri zituen mundu mailako harreman komertzialak, azken hamarretako multilateralismoari atea itxiz. Txina eta Europako Batasunarekin gerra komertzialak abiatu zituen, AEBtik kanpoko produktuei zerga-mugak ezarriz, aluminioa eta altzairua batez ere. Erantzun gisa Bruselak AEBko nekazal esportazioak zergapetu zituen. Europaren mugimendua eraginkorra izan zen, eta su-etena adostu zuten AEB eta Europak, 2025eko martxora bitartean. Trumpek hasitako bideari ekin zion Bidenen administrazioak, baina, batez ere, Txina izan zuen zerga-mugen jomuga nagusia. Urtarrilera arte ez da karguaz jabetuko Trump eta, egun horretan bertan protekzionismoaren bigarren oldea abiatu dezake. Ohitura bihurtu da presidente berria Etxe Zurira heldu bezain pronto dekretu bat sinatzea, bere ildoa markatzeko edo. Donald Trumpek dagoeneko iragarri du %10 eta % 20 bitarteko muga-zergak ezartzeko asmoa, %60koak Txinaren kasuan, baliteke hori izatea sinatuko duen lehen dekretu hori.

Donald Trumpek dagoeneko iragarri du %10 eta % 20 bitarteko muga-zergak ezartzeko asmoa, %60koak Txinaren kasuan

AEB Euskal esportazioen hirugarren jomuga nagusi izanda eta, batez ere, autogintzaren alorra politiken muinean egonda, normala da kezka zabaltzea gurean. Trumpen politiken letra txikia xehe aztertu behar da egon litezkeen zirrikituak topatzeko. Bertan lantegiak ezartzeko aukera aipatu du aste honetan, muga-zergak ekiditeko.

Protekzionismoaren albo kalteak

Mexikora begira ere jarri beharko dira, zeharka bada ere, euskal enpresak. T-MEC merkataritza akordioa sinatu zuten AEB, Mexiko eta Kanadak 2021ean, merkatu askeko gunea sortuz.  Mexiko munduko zazpigarren auto ekoizlerik garrantzitsuena da, eta AEBetara ekoizpenaren %80 esportatzen du. Euskal enpresak aspaldi ezarri ziren Mexikon, 67 gune dituzte gaur egun, hango kostua baxuez baliatuta. Trumpek Mexikorekin zein harremana izango duen ez dago, gaur gaurkoz, jakiterik. Immigrazioa bere kanpainaren muinean izan du, eta muga ixtea aldarrikatu du behin eta berriro. Ez du ematen Claudia Sheinbaum presidentearekin harreman samurrik izango duenik, baina T-MEC akordioa Kanadan ere egonda, ez da espero negozioen soka tenkatuko duenik.

Mexiko munduko zazpigarren auto ekoizlerik garrantzitsuena da, eta AEBetara ekoizpenaren %80 esportatzen du. Euskal enpresak aspaldi ezarri ziren Mexikon, 67 gune dituzte gaur egun

Zerga-mugena izan da analisten artean kezka zabaldu duen beste aferetako bat. Bertako balantza komertziala ikustea baino ez dago kanpoko merkataritzaz duen menpekotasunaz ohartzeko. Adituek segurutzat ematen dute Bruselak Trumpen muga-zergei erantzungo diela neurri berriekin, eta ekonomian eragingo duela. Bi blokeak, AEB eta Europa, kaltetuko lituzke gerra berriak. Europaren kasuan hazkunde ekonomikoa %1 murriztuko litzateke, estimazioen arabera. Zartako handia izan daiteke hazteko zailtasun handiak dituen Europako ekonomiarentzat. AEBren kasuan kaltea puntu erdikoa, litzateke. Txikiagoa, baina, hala ere, kezkatzekoa. Asteazkenean bertan Luis de Guindos EBZko presidenteorde berriak nabarmendu zuenez, “muga-zergak, merkataritza mugak eta protekzionismoak ekonomia globalerako kaltegarria izango dira” eta “merkataritza gerra” ekiditeko deia egin zuen.

Moneta politika ere auzitan

Hazkundean ez ezik, inflazioan ere eragingo lukete protekzionismo neurri berriek. Kasu honetan, ordea, AEB kaltetuko luke gerrak. Europari %10 eta %20 bitarteko tasak eta Txinari %60koak ezartzeak prezioen gorakadan eragin lezake. Eurogunean prezioak %0,1 igo daitezkeen bitartean, gorakada nabarmena izango da AEBn, bertan igoera %1era helduta. Zail samarra izango luke, egoera horretan, AEBk Erreserba Federalak (FED) helburu gisa duen %2ko inflaziora iristea, eta moneta politika aldatu beharko luke.

Atzo bertan egin zuen FEDek bilera, tasen beherako bidean areagotzeko. Gogor kritikatu zuen Trumpek aurreko bileran tasak %0,5 jaistea. Trumpek berak Jerome Powell Erreserba Federaleko buru izendatu bazuen ere, gogor kritikatu izan du kanpainan zehar, tasak azkarregi jaistea leporatuta. 2026ko maiatzean bukatzen da Powellen agindua, eta pentsatzekoa da Trumpek kargutik kenduko duela. Erreserba Federala bidaide izan du Europako Banku Zentralak moneta politika ezartzeko orduan, baina orain dena aldatu daiteke. Euroguneko hazkunde ekonomikoa are gehiago ez lausotzeko tasak jaistea erabaki du EBZk. FEDek atzera egingo balu, moneta politika aldatuz, dolarra indartuko luke, euroa ahulduz.

Erreserba Federala bidaide izan du Europako Banku Zentralak moneta politika ezartzeko orduan, baina orain dena aldatu daiteke

Trumpek hauteskundeak irabazi eta berehala, dolarrak azken urteotako hazkunderik indartsuena izan du, Trumpen erabakiei aurrea hartuz. Dolar garestiago batek Hego Amerikako ekonomiak ere zipriztinduko lituzke, zorrak dolarretan dituztelako. Europaren kasuan, alde biko ondorioak izango lituzke, esportazioei lagunduz (zerga-mugen zama arinduz), baina dolarretan ordaindutako inportazioak are gehiago garestituko lituzke, inflazioa tenkatuz.

Hari-mutur asko ditu Trumpen emaitzak eta asko izan daitezke albo-kalteak. Izango dugu energiaz, kriptodiruaz edo desregulazioaz solasteko aukera. Pelikulen spoilerrik ez egiteko eskatzen didate askotan lagunek. Oraingoan, ordea, ez da behar. Argi dago itxura onik ez duela.

Informazio gehiago
AEBeko hauteskundeak: 'dakizkigun ezezagunak'
Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK