Donostia: merkataritza-ostalaritzaren edo ikerketa-teknologiaren hiria?

Ezagutza Zerbitzu Intentsiboen (EZI) arloko enpresek pisu handia hartu dute Gipuzkoako hiriburuan. Orkestrak eta Donostia Sustapenak egindako txostenaren arabera, teknologia alorrean ekosistema indartsua du hiriak, baina lehiakortasun faktore batzuk hobetu behar ditu, etxebizitzarena, esaterako

EZI enpresen kontzentrazio handiena Miramon eta Zuatzuko dago | Argazkia: EnpresaBIDEA EZI enpresen kontzentrazio handiena Miramon eta Zuatzuko dago | Argazkia: EnpresaBIDEA

Ezagutza Zerbitzu Intentsiboak (EZI), nazioartean KIBS (Knowledge Intensive Business Services) bezala ezagutzen den kontzeptuak, erreferentzia egiten die negozio eredu gisa ezagutza sortu, metatu eta hedatzea oinarri duten enpresei, hala nola aholkularitza etxeak edota zientzia eta ikerkuntza alorreko enpresak. Industriak pisu handia duen eskualdeen garapenerako estrategian, EZIen aldeko apustua egin ohi da. Horixe da Euskal Autonomia Erkidegoaren kasua Orkestra Lehiakortasunerako Euskal Institutuak eta Donostia Sustapenak egindako txosten baten arabera.

Zehazki, Donostiako eredu ekonomikoa aztertu dute txostenean. Merkataritza-ostalaritzan oinarritutako ekonomiak indar handia du hirian, baina EZIetan oinarritutakoa garrantzia hartzen ari da. Izan ere, ikerketa eta teknologian diharduten enpresa ugari dira Gipuzkoako hiriburuan, Zuatzun edota Miramongo parke teknologikoan, besteak beste.

EZI sektoreko enpleguak gora egin du Euskal Autonomia Erkidegoan. 2014an, 68.252 pertsona ari ziren lanean; 2023an, aldiz, 83.623

Txostenaren arabera, EZI sektoreko enpleguak gora egin du Euskal Autonomia Erkidegoan. 2014an, 68.252 pertsona ari ziren lanean; 2023an, aldiz, 83.623. Halaber, lan merkatu hori hirietan metatzen dela erakusten du azterlanak, Bilbo, Gasteiz eta Donostiak barne hartzen baitzuten enplegu guztiaren %55 baino gehiago. Gainera, kopurua %81,2koa da hiriburuen eskualdea kontuan hartuz gero.

Detailera joanda, Gipuzkoako hiriburuko datuak xehatu ditu txostenak. EZIek Donostiako biztanleria landun osoaren %13,9 ematen zioten lana 2023an, hau da, 13.700 pertsona ingururi. Era berean, EZIekin lotutako 4.000 espazio baino gehiago zenbatu ziren (2014an baino %4,3 gehiago). Sektore honetako enpleguak pisua irabazi du hiriko ekonomian, eta guztikoaren %12,3 izatetik %13,9ra izatera igaro da.

"Eredu ekonomikoaren aldaketa ekarri behar duen ekosistema berritzailea indartzeko azken bi hamarkadetan egindako ahalegina fruituak ematen" ari dela adierazi du Ana Oyarbide Donostiako Udaleko Ekonomia eta Tokiko Enpleguko zinegotziak. Ildo beretik jo du Iñigo Olaizola Donostia Sustapeneko zuzendariak. "Azpiegitura teknologikoetan eta talentuan egindako inbertsioaren eta I+G+bko ekosistema oso baten garapenaren ondorioz, ezagutzan intentsiboak diren zerbitzuak, bereziki teknologikoak, enplegua eta BPGa sortzeko motor nagusi bihurtu dira Donostian", nabarmendu du.

EZIek Donostiako biztanleria landun osoaren %13,9 ematen zioten lana 2023an, hau da, 13.700 pertsona ingururi

Ezagutza Zerbitzu Intentsiboen barruan, baina, badira azpisektoreak, eta txostenak zehaztu du, enpleguari dagokionez, EZI teknologikoetan (aholkularitza informatikoa, ingeniaritza zerbitzu teknikoak, ikerketa eta garapena...) eman dela hazkunde nabarmenena, 2014tik, %43 hazi baita esparru horretako landun kopurua (5.261 langiletik 7.524ra). Bilbon hazkundea %45,7 izan da (7.061 langiletik 10.288ra igaro da), eta Gasteizkoa %17,6koa (4.455 langiletik 5.239ra).

Donostiako enpresetako langile bakoitzeko diru-sarrerek gora egin dute Ezagutza Zerbitzu Intentsiboko enpresetan, eta produktibitatea gainerako jarduera ekonomikoena baino handiagoa da, %10 ingurukoa. Errentagarritasun ekonomikoa (ROA) ere handiagoa dute aztertutako gainerako jarduera ekonomikoetako enpresekin alderatuta.

Lehiakortasunerako faktoreak: industriak on, etxebizitzak kalte

EZIen lehiakortasuna areagotzeko hainbat faktore zerrendatzen ditu ikerketak. Industrian EZIen eskaria sustatzea da horietako bat. Izan ere, EAEko EZI eskaera bi jarduera nagusitatik datorrela dio txostenak: manufaktura industriatik eta jarduera profesional, zientifiko eta teknikoekin lotutakoetatik. EAE industria askoko eskualdea izanik, eta trantsizio digitalean erabat murgilduta egonik, industria enpresek EZI teknologikoak eskainitako zerbitzuak kontsumitzen dituztela ondorioztatu du txostenak. Gainera, EZI esparruko 25 enpresa elkarrizketatu dituzte, gehienak teknologia alorrekoak. Bada, %71k erantzun du manufaktura arloko enpresak direla euren bezero nagusiak.

Lehiakortasuna handitzeko bigarren faktorea da kualifikazio handiko talentua sortzea eta erakartzea. Elkarrizketetan parte hartu duten enpresek lehiakortasunerako erronka garrantzitsuena dela aitortu dute. Donostiako hezkuntza maila altua izan arren, funtsezko arloetan (blockchain, programazioa eta garapena, potentzia elektronika, marketin digitala…) profil espezializatuak falta direla diote, eta nazioarteko talentua erakartzeko zailtasunak dituztela. Hainbat faktore ekonomiko dira horren ondorio, etxebizitza, esaterako.

Beste faktore bat espezializazioa da, eta azterlanaren arabera, Donostiak espezializazioa maila handia du. Horrek “aglomerazio-ekonomiak” bultzatzen ditu, enpresak toki berean pilatzean abantailak ematen dituelarik. Horrekin lotuta dago lehiakortasunaren laugarren faktorea: EZI ekosistemak sortzea.

Donostiako hezkuntza maila altua izan arren, funtsezko arloetan (blockchain, programazioa eta garapena, marketin digitala…) profil espezializatuak falta direla diote enpresek, eta nazioarteko talentua erakartzeko zailtasunak dituztela (hainbat faktore ekonomikoren ondorioz, etxebizitza, esaterako)

Ekosistema egoki baterako zenbait aldagai positibo eta negatibo aipatu dituzte enpresek. Positiboen artean nabarmendu dute Donostiako bizi kalitatea, talentua, prestigioa, enpresa ekosistema, finantzaketa, dirulaguntzak eta irisgarritasuna, besteak beste. Alderdi negatibo gisa, aldiz, hiriaren kostu handiak azpimarratu dituzte, batik bat, etxebizitzarenak.

Lehen aipatutako industria eskariaz gain, EZIen beren eskaria ere azaltzen da txostenean lehiakortasun faktore gisa. Elkarrizketatutako enpresen %14k erantzun dute beste EZI enpresa batzuk direla euren bezero nagusiak. Horrek erakusten du sektoreko enpresa batzuentzat funtsezko merkatua dela hiriko EZI ekosistema bera.

Azken lehiakortasun faktorea azpiegiturak lirateke, EZI ekosistema barneko harremanak erraztu baititzakete. Enpresentzat giltzarria da hiriek azpiegitura fisiko horiek bultzatzearen alde lan egitea. Donostiako EZIen kokapenari dagokionez, kontzentrazio handiena Miramonen eta Zuatzun dago, eta teknologikoak dira batik bat. Txostenak dio azpiegitura fisikoak izatea eta, ondorioz, eremu horretako gainerako enpresetatik gertu egotea kontuan hartu beharreko lehiakortasun faktore bat dela.

Hiria EZIekin lerratzen ari da

Ikerketaren ondorio nagusietako bat zera da: EZIak direla hiri garapenerako motor nagusietako bat egungo ekonomian. EZI ekosistema indartsu bat izanez gero, Donostiak soluzio teknologiko aurreratuenen garapenean eragiteko gaitasuna handitu lezake, etorkizuneko eskaera digitalei erantzuteko, eta horrek hiriko ekonomiari nahiz lurraldeko manufaktura industriari mesede egin liezaioke. Baina, horretarako EZI ekosistema indartzeko apustua egin behar da. Hein horretan, txostenaren ondorioetako bat da baduela balioa “zientzia eta berrikuntzari loturiko hiri bat bultzatzearen aldeko apustua egiten jarraitzea”.

Ekosistemaren osasun onak badu bere ifrentzua: higiezin parkearen kostu handiak eta EZIak kokatzeko espazio fisiko egokien etengabeko premia

Ekosistemaren osasun onak badu bere ifrentzua: higiezin parkearen kostu handiak eta EZIak kokatzeko espazio fisiko egokien etengabeko premia. Komunikazio azpiegiturak ere hobetu behar direla esan du txostenak, eta hiriaren ekosistemak ekintzailetza jarduerak bultzatzeko emankorra bada ere, horiek eskalatzeko orduan zailtasunak dituela. Ekosistema “eraginkorra, hurbila eta dinamikoa” da, baina mugatua du irismena. Hala, egiturazko gabeziak ditu, eskala eta dimentsioari lotutakoak.

Ezagutza Zerbitzu Intentsiboen ekosistema osatzen duten eragileen inplikazioa funtsezkoa baldintza da sektoreko lehiakortasun erronkak gainditzeko. Hartara, enpresen arteko lankidetza sustatu beharra nabarmentzen du txostenak.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK