Donostiako epaitegi batek Optima Facility Servicies S.L. enpresa zigortu du eta CCOO, UGT eta ELA sindikatuei 40.000 euro ordaintzera behartu du, eskubide sindikalak urratzeagatik.
CCOOk ohar bidez azaldu duenez, Optima Facilityk "behin eta berriz” urratu du aurreko enpresa batek eta Donostia Ospitaleko garbiketako langileen ordezkariek sinatutako akordioa.
Enpresak "bere kabuz aldatu" zuen akordioa, eta ez zien jaramonik egin langileen batzordearen kexei eta sindikatuek sinatutakoa betetzeko egindako eskaerei. Ezezkoaren aurrean, CCOOk, UGTk eta ELAk helegitea jarri zuten epaitegian, "enpresaren jokabide antisindikalaren aurrean oinarrizko eskubideak urratzeagatik eta ordezkaritza duten sindikatuei kalte eta galerak eragiteagatik".
Epaitegiaren sententziak dionez, Optima Facilityk “jarrera antisindikalak utzi” behar ditu, eta akordioa bete. Hala, sindikatu bakoitzari 40.000 euro ordaindu beharko dizkio.