Donostiako Udalak langabetuen enplegua sustatuko du 1,2 milioi eurorekin

Donostia Sustapenaren bitartez hiriko langabetuak aldi baterako zein mugarik gabe kontratatzeko aukera emango da

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Donostiako Udalak, enplegua sustatzeko lanbideren tokiko ekintza planaren esparruan, eta Donostia Sustapenaren bitartez, 1.210.544 euro bideratuko ditu langabetuak kontratatzera. Batik bat iraupen luzeko langabeengana zuzenduko da laguntza: 35 urtetik beherako zein 55 urtetik gorakoengana, emakumeengana, eta diru sarrerak bermatzeko errenta (DSBE) eta bizitzeko gutxieneko diru sarrerak (BGDS) dituzten titular bai onuradunengana.

Hain zuzen, Ane Oyarbide Ekonomia eta Tokiko Enpleguko zinegotziak azpimarratu du “merkatuan sartzeko zailtasunak dituzten donostiarren lan-egoera hobetzeko” konpromisoa duela Udalak, eta emakume, gazte eta 55 urtetik gorakoei erreferentzia egin die. Aldi berean, adierazi du 133 kontratu sinatzea dela xedea, iaz baino lau gehiago.

Hitzarmen horietatik 57 udal proiektuetan aldi baterako kontratuak egiteko izango dira eta, guztira, 662.857,69 euroko aurrekontua izango dute. 57 langabeetatik 37 udalak kontratatuko ditu, 18 Gureak Garbitasuna enpresak, eta 2 pertsona UBAren Aterpe-Eskola proiektuak. Kontratu hauek hiru eta sei hilabete arteko iraupena izaten dute, eta langabeen garapen pertsonal zein profesionala indartzeko helburua dute.

Beste 76 kontratuak enpresek mugarik gabe kontratatzeko laguntzak izango dira, eta horretarako, 547.686,31 euroko aurrekontua izango dute. Enpresek 10.000 eurora arteko dirulaguntza jasoko dute lanaldi osoko kontratuengatik, eta 5.000 eurokoa lanaldi erdikoengatik, betiere DSBE edo BGDS jasotzen duten pertsonak, 35 urtetik beherako edo 55 urtetik gorako pertsonak, edota iraupen luzeko langabetuak enplegatzen dituzten kasuetan. Talde horietako pertsona ez beste kontratatuz gero, 8.000 euroko edo 4.000 euroko dirulaguntza jasoko dute, lanaldi osoko edo lanaldi erdiko kontratuengatik, hurrenez hurren. Langabea emakumea denean laguntza %10 handituko da.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK