Durango: euskal kulturaren fantasiazko hiriburu

Gaurtik hasita igandera bitarte Durangok euskal kulturaren azoka esanguratsuenetakoa hartuko du, 'Fantasia DA' lelopean. Herriarentzat "zita garrantzitsuenetarikoa" da , bisitari andana jasotzen baitituzte. "Mapan kokatzen gaitu", diote eragileek

Landako Gunea, prest, azoka jasotzeko | Argazkia: Durangoko Azoka Landako Gunea, prest, azoka jasotzeko | Argazkia: Durangoko Azoka

2019an aztertu zen azkenekoz Durangoko Azokak duen inpaktu ekonomikoa: 5,8 milioi euroan kokatu zuen Siadeco ikerketa taldeak, azokaren antolatzaile Gerediaga Elkartearekin batera eginiko lanean. Urte horretako aurrekontua bederatzi bider. Geroztik ez da azterketarik egin eragin hori neurtzeko, baina Durango bezalako herri batentzat azokak suposatzen duenaren ideia bat egiteko balio dezakete zifra horiek. "Zati handi bat azokan bertan egiten diren erosketei lotzen da: diskoak, liburuak... Baina, era berean, Durangora datozenak bertako ostalaritzan eta zerbitzuetan kontsumitzen dute eta erosketak egiten dituzte. Beraz, eragin ekonomiko garrantzitsua da", dio Mireia Elkoroiribe Zenikaonandia Durangoko alkateak.

Azterketa horretan biltzen denez, bisitari bakoitzak batez beste 28 euroko gastua izan zuen 2019an ostalaritza, zerbitzu eta merkataritza esparruan. Aitzitik, ostalaritza eta merkataritzaren artean "alde nabaria" dagoela uste du Alex Palacios Dendak Bai Durangaldeko ostalaritza eta merkataritza elkarteko buruak. "Durangoko ostalaritzarentzat oso garrantzitsua da azoka, eta Alde Zaharrekoetan ez ezik, Durango guztiko establezimenduetan ere eragiten du", nabarmendu du. Egun esanguratsuak izanik, Durangoko Festak baino garrantzitsuagoa ere bada askorentzat. "Izan ere, kontsumoa ez da bakarrik gauez egiten; goiz eta gauean izaten da", azaldu du.

Alex Palacios: "Durangoko ostalaritzarentzat oso garrantzitsua da azoka, eta Alde Zaharrekoetan ez ezik, Durango guztiko establezimenduetan ere eragiten du"

Merkataritzan, aldiz, establezimendu guztietan ez du berdin eragiten: "Zenbat gremiotan, gozogintzan adibidez, eragina nabaria da. Baina bestelako saltokietan ez dugu lortzen behar bezainbesteko probetxua ateratzea hainbeste jende jasotzeari", adierazi du. "Nik argazkilaritza denda dut, ondoan arropa denda dago... Jende gehien igarotzen den kalean gaude, Landako Gunea eta Alde Zaharra lortzen dituena. Eta ez dugu lortzen; ez dakigu zergatik", gaineratu du.

Zirkuituan gehitu berri

Azokak Durangon duen eraginaren beste erakusle garrantzitsua da Durangoko Arte eta Historia Museoa. "Badakigu data horietan etortzen den pertsona kopurua normalean baino handiagoa dela, eta gainera euskal kulturarekin harremana duten pertsonak izaten dira", kontatu du Garazi Arrizabalaga Cabrerizo museoko zuzendariak. Urteak daramatzate erakusketa esanguratsuak —"normalean euskal artista batenak"— egiten, eta ikasleentzat tailerrak antolatzen. Horrekin jendea erakarri ohi dute.

Dena den, iaz lehen aldiz Durangoko azokaren beste puntu bat bilakatu zen museoa, azokaren zenbait egitasmo jasota. "Horrek ateak ikaragarri zabaldu dizkigu. Iaz azokak irauten duen lauzpabost egun horietan museotik pasa ziren 1.000 bisitari. Normalean, hilabete on baten lortzen ditugu 1.000 pertsona. Hori bakarrik 5 egunetan lortzea izugarria izan zen guretzat", plazaratu du.

Garazi Arrizabalaga: "[Azokako puntu izateak] ateak ikaragarri zabaldu dizkigu. Iaz azokak irauten duen lauzpabost egun horietan museotik pasa ziren 1.000 bisitari. Normalean, hilabete on baten lortzen ditugu 1.000 pertsona"

Aurten ere zirkuituan izango dira, tartean zendu berri den Agustin Ibarrolaren Papera ardatz bilduma bertan izango baita. "Seguru asko bisitariak erakarriko ditu, eta liburu aurkezpenak eta oro har euskal kulturarekin zerikusia duten bestelako ekintzak ere egingo direnez museoan, espero dugu jende dezente hurbiltzea", gaineratu du.

Helburua: pandemia aurreko datuak berreskuratu

Herrian, berriz, pandemia aurreko zifrak dituzte jomuga alkatearen hitzetan: "COVID-19 aurretik 100.000 bisita gainetik ibiltzen ginen. Espero dugu zifra horietara heltzea". Mezua du, baina, etorriko direnentzat. "Ahal izanez gero, garraio publiko bidez etortzea. Eta disfrutatzea azokaz eta herriaz, asko dugula eskaintzeko. Merkataritzaz eta ostalaritzaz harago, ondare garrantzitsua dugu: Andra Mariko portikoa, Santa Anako arkua, museoa.

Iazko edizioko irudiak,
Gerediagaren lana nabarmendu dute azokaren antolatzaile gisa | Argazkia: Durangoko Azoka

Aurreikuspen onekin bat dator Palacios. "Iaz jende ugari etorri zela nabaritu zen. Eta aurten ere hainbeste zubi egun izanda, bisitari asko zatea espero dugu. Urtero bezala, prestatzen ari dira oso potentea izan dadin".

Durangorentzat zer?

Baina nola deskribatu Durangorentzat azokak suposatzen duena? "Durango egun horietan bilakatzen da Euskal Herriko kulturaren hiriburu. Euskal kulturan interesa duen pertsona guztiak etortzen dira", deskribatu du Arrizabalagak. Hitz berretsuak erabili ditu Elkoroiribek. "Suposatzen du Durango Euskal Herriko mapan jartzea euskal kulturaren hiriburu bezala asteburu luze oso batez. Ilusio handiagaz hartzen dugun ekitaldi garrantzitsua da. Urte osoan zehar dugun zita garrantzitsuenetakoa zalantza gabe".

Ardura ere bada, dena ondo irten dadin. Eta horretan Gerediaga Elkartearen "lan bikaina" azpimarratu dute urte osoan zehar ekitaldia prestatzeko. "Beraiek antolatzen dute eta haiek dute karga handiena. Guk lagundu egiten diegu, ahalik eta ondoen irten dadin: leku bereziak behar dituztenean eskaintzen, aparkalekuak behar dituztenean horiek ahalbidetzen, garbiketa eta segurtasuna indartzen...", dio Elkoroiribek.

Mireia Elkoroiribe: "Suposatzen du Durango Euskal Herriko mapan jartzea euskal kulturaren hiriburu bezala asteburu luze oso batez. Ilusio handiagaz hartzen dugun ekitaldi garrantzitsua da"

Hala ere, beste pauso bat emateko asmoa azaleratu du alkateak. "Udal moduan gustatuko litzaiguke Durango euskal kulturaren hiriburu bilakatzea, baina ez bakarrik asteburu batez. Horretan gabiltza, proiektu bat prestatzen ari gara ildo horretatik. Uste dut baditugula zumeak horretarako", amaitu du.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK