EAEn hoteletako sarrerak %3,6 hazi dira abuztuan

Gipuzkoa eta Araban sarrera eta gaualdi gehiago zenbatu diren arren, Bizkaian iaz baino %1,1 sarrera gutxiago egon dira

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Eustat Euskal Estatistika Erakundeak emandako datuen arabera, 2024ko abuztuan %3,6 igo dira EAEko hoteletako sarrerak, eta %1,6 gaualdi kopuruak, aurreko urteko datuen aldean. Hala, guztira 426.038 sarrera eta 911.049 gaualdi izan dira. Atzerritarrek egin dituzte sarreren %53,4a eta gaualdien %50,4a, iaz baino %6,5 eta %5,5 gehiago.

Lurraldeka, sarreren eta gaualdien igoerak erregistratu dira Gipuzkoan eta Araban. Araban 63.344 sarrera eta 127.134 gaualdi zenbatu dira, aurreko urteko abuztuan baino %7,7 eta %7,4 gehiago. Gipuzkoan ere gora egin dute datuek: 173.914 sarrera eta 385.535 gaualdi egin dira, %7,5 eta %4,3 gehiago, hurrenez hurren. Bizkaian, ordea, aurreko urteko abuztuan baino %1,1 sarrera eta %2,5 gaualdi gutxiago erregistratu dira, 188.780 sarrera eta 398.380 gaualdirekin.

EAEko egonaldien batezbestekoa txikiagoa izan da 2024ko abuztuan. 2023ko abuztuan 2,18koa izan zen, eta 2024an, 2,14koa izan da. Hoteletako okupazio mailari dagokionez, beherakada eman da aurreko urteko hilabete berarekin alderatuta: plazen arabera neurtuta okupazio maila %78,8koa izan da, iaz baino %1,5 baxuagoa, eta gelen arabera neurtutako okupazioa, %85,8koa, 2023an baino %1,6 apalagoa.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK