EAE lehiakor baterako zedarriak

Euskal Autonomia Erkidegoak urtero 5.000 milioi euroko inbertsio publiko-pribatua behar duela nabarmendu du Zedarriak foroak, baita 2029rako I+Gn egindako inbertsioa BPGaren %3 izan behar duela ere

Zedarriak-en azken txostena aurkeztu zuten atzo Bilbon | Argazkia: Irekia Zedarriak-en azken txostena aurkeztu zuten atzo Bilbon | Argazkia: Irekia

Europa etengabe berrasmatu beharreko eraikuntza bat dela zioen Jacques Delors politikari frantziarrak eta zuzen zebilela ondoriozta daiteke, Txina eta Estatu Batuen nagusitasunaren ondoan alboratuta geratzen ari baita kontinentea eta berrasmatu beharra du nolabait. Mario Draghi Italiako lehen ministro ohiak ere argi azaldu zuen iaz, Europa munduko ekonomian eragiten duen bloke nagusietako bat bada ere, beste bi potentzien mesedetan boterea eta eragina galtzen ari dela nabarmenduz.

Draghiren txostenaren arabera, XX. mendean Europaren hazkunde ekonomikoa sustatu zuten hiru kanpo baldintzek okerrera egin dute: mundu mailako merkataritza jarduerak, Errusiako gasaren mendekotasunak eta geopolitikaren ezegonkortasunak. Diagnostiko hori eginda, txostenak zehazten du merkatu bakarraren ideia sendotzea eta autonomia estrategikoa izatea direla Europako Batasunaren lehiakortasuna hauspotzeko zutarriak.

Draghik dio Europako merkatu bakarra ez dela bere potentzial osora ailegatu, erregulazio trabak, herrialdeen arteko zatiketak eta oztopo teknologikoak direla eta, eta uste du kontinentearen merkatu bateratuago batek mundu mailan hobeto lehiatzea ekarriko lukeela.

Draghiren ildo beretik jo zuen Enrico Letta Italiako lehen ministro ohi eta Jacques Delors institutuko presidenteak. 2024ko apirilean argitaratutako ikerketan Europako ekonomia merkatua aztertu zuen. Bertako ekonomia eraldatzeko hainbat gako zerrendatzen ditu bertan. Besteak beste, merkatu bakarrean ikerketa, berrikuntza eta hezkuntza sustatzeko “bosgarren zirkulazio askatasun bat” (ondasunak, zerbitzuak, pertsonak eta kapitala lirateke lehen lauak) eskatzen du Lettak. Helburu estrategikoak finantzatu, enpresen tamaina handitu,  jasangarritasuna babestu eta bazkide estrategikoekin harremana sustatuko duen merkatu libre bat ere aldarrikatzen ditu, merkatuaren eraginkortasuna erraztuko duen araubide batekin betiere.

Draghik dio Europako merkatu bakarra ez dela bere potentzial osora ailegatu, erregulazio trabak, herrialdeen arteko zatiketak eta oztopo teknologikoak direla eta

IPCEI (Important Projects of Common European Interest), hots, sektore estrategikoetan EBko herrialdeen arteko proiektuei bultzada emateko beharraz ohartarazten du Lettaren txostenak. Bere aburuz, proiektu transnazional hauek giltzarri izango dira Europa berrindustrializatzeko, izan ere, EBko herrialdeak banaka ez dira gai egungo teknologia, ekonomia eta ingurugiroko erronkei aurre egiteko.

Era berean, Draghik I+G eta berrikuntza nabarmentzen ditu aurrerapen ekonomikoaren motor nagusi gisa, bai eta Europaren industrializazioari ekiteko funtsezko pieza ere gorabidean diren industria sektoreetan. Gogorarazi du BPGren %3ra iristeko helburuan geldirik jarraitzen duela zientzian eta teknologian, eta adierazle horretan Txinak aurrea hartu diola Europari.

Finean, bi politikari italiarren txostenek zera iradokitzen dute: EBko estatu kide batek ere ez duela mundu mailan eragiteko adinako pisurik isolatuta jarduten badu, eta ekintza bateratuaren bidez soilik izango dela posible politika berriak ezartzea eta etorkizuneko erronkei eraginkortasunez aurre egiteko beharrezkoak diren baliabideak mobilizatzea.

EAE Europan

Letta eta Draghiren txostenaren gisan, Zedarriak foroak (hainbat euskal enpresaburuk osatutako komunitateak) ere egin du bere azterlana. EAEk azken hamar urteotan izandako bilakaera aztertu dute, Espainia, Alemania eta Europako Batasunarekin erkatuta.

Demografia, lehiakortasuna, berrikuntza edota giza garapena neurtzeko hainbat adierazle xehatu ditu txostenak. Demografia datuak ez dira onak Euskal Autonomia Erkidegoan. Biztanleriaren %23,5k 65 urte baino gehiago ditu, Europa osoko tasa altuenetako bat da eta jaiotza kopuruetan ere sailkapenaren atzealdean da. EBko datuak ere ez dira onak. 2022an 3,88 milioi haur jaio ziren, 8,7 jaiotza 1.000 biztanleko. Hots, tasa hori 10,5ekoa zen 2000. urtean, 12,8koa 1985ean eta 16,4koa 1970an.

EAEko biztanleriaren %23,5k 65 urte baino gehiago ditu, Europa osoko tasa altuenetako bat

EAEko BPG per capita EBko batezbestekoa baino altuagoa da (%108 2022an), baina Alemaniaren azpitik da, eta produktibitateari dagokionez, EBko 242 eskualde kontuan hartzen dituen sailkapenean 120. postuan aurkitzen zen 2021ean.

I+Gn inbertsio handiena egiten duten eskualde gehienak Alemanian, Belgikan, Austrian eta Suedian aurkitzen dira. Zonalde horietako BPGaren %5 eta %6ren artean mugitzen da horien inbertsioa, Eurostaten datuen arabera. EAEkoa, aldiz, %2,32koa da. Bestalde, gizarte babesera bideratutako gastua biztanleko 10.183 eurokoa izan zen EAEn 2021ean, EBko batezbestekotik gora (9.805 euro). Dena den, gizarte prestazioetan EBko batezbestekoaren azpitik da (BPGaren %26 EAEn eta %27,7 EBn).

fotonoticia 20250115140250 1920
Guillermo Dorronsoro Zedarriak foroko zuzendaria atzoko aurkezpenean | Argazkia: EP

I+G inbertsioa BPGaren %3

EAE, Europaren gisan, “une kritiko batean” dagoela dio Zedarriak-ek. Lehiakortasuna handitu beharra dago eta erronka horri aurre egiteko erreferentziazko eskualdeetako bat izan behar du Euskal Autonomia Erkidegoak. Gakoa zera da: “industria tradizio egonkorra, berrikuntzaren, talentuaren eta jasangarritasunaren aldeko apustuarekin uztartzea”.

Horretarako Zedarriak-ek uste du 2030era bitartean urtean 5.000 milioi euroko inbertsio publiko-pribatua egin behar dela. Draghiren txostenean zehazten da EBn 800.000 milioi euroko inbertsioa egin beharko litzatekeela urtero (Europako Batasuneko BPGaren %5), eta hori oinarri hartuta neurtu du EAErako beharrezko inbertsioa.

Zedarriak-ek uste du 2030era bitartean urtean 5.000 milioi euroko inbertsio publiko-pribatua egin beharko dela EAEn

Automozioa, energia edota bioteknologia bezalako sektore estrategikoak oinarri dituen industria plan “anbiziotsu eta zehatz” bat beharrezkoa da. Horrekin batera, defentsa industria berreskuratzeko deia egin du foroak, ekonomia indartzeko "aukera bikaina" dela argudiatuz. 

Era berean, enpresaburuen komunitateak proposatu du I+G inbertsioa progresiboki haztea, harik eta 2030ean BPGaren %3 izan arte. Horretarako, ikerketara bideratutako aurrekontu publikoak handitzeaz gain, sektore pribatuaren parte-hartzea sustatu behar dela dio, kenkari fiskalen, kreditu bigunen eta kofinantzaketa-programen bidez. Teknologia parkeen papera indartzea, unibertsitate, teknologia zentro eta enpresen arteko programak eta plataformak sortzea eta nazioarteko nahiz tokiko ikertzaileak erakartzea ere jo dituzte gakotzat.

Oinarri sendo batetik

Europatik datozen funtsei zuku gehiago ateratzeko, EAEk bere posizioa indartu beharra duela azpimarratu du Zedarriak-ek. Hots, eragiteko gaitasuna handitu. Eta, horretarako, proiektuak aurkezteaz harago, baliabideen banaketa zehazten den erabakietan “paper aktiboagoa” izan beharko lukeela uste du.

Europako beste eskualde “traktore” batzuekin kolaborazioa, Europako funtsak antzemateko estrategia, Europako instituzioetan euskal ordezkari kopuru handiagoa edota funtsak kudeatzeko gaitasun teknikoak areagotzea proposatzen du foroak.

Hezkuntzaz ere hitz egiten du atzo aurkeztutako txostenak. Zehazki, datorren hamarkadaren erronketara egokitzeko, hezkuntza sistema eraldatzeaz. Enplegarritasuna sustatzeko hezkuntza eta enpresen arteko elkarlana sustatzea, hezkuntza ekosistema inklusiboago bat sortzea eta STEM formakuntza bultzatzea ere aldarrikatzen du.

“Euskadi oinarri sendo batetik abiatzen da, oparotasun ekonomikoari, gizarte-kohesioari eta industria-garapenari dagokienez. Hala ere, egiturazko erronkei aurre egin behar die"

Gizarte zibilak ere bere rola jokatzen du munduaren eraldaketa prozesu etengabe honetan. Hartara, hiritarren nahiz gizarte antolakuntzen gaitasunak indartu beharra dago, erabaki politiko eta ekonomikoetako parte hartze aktiboa sustatu eta administrazio eta gizarte zibilaren arteko kolaborazio esparru bat ezarri.

“Euskadi oinarri sendo batetik abiatzen da, oparotasun ekonomikoari, gizarte-kohesioari eta industria-garapenari dagokienez. Hala ere, egiturazko erronkei aurre egin behar die: industria-oinarria indartzea trantsizio berde eta digitalera egokituz, I+G+Bko inbertsioa irmoki handitzea, eta talentua erakartzeko eta atxikitzeko gaitasuna indartzea. Ardatz horiek funtsezkoak dira, mundu mailako testuinguru lehiakorrean, Euskadiren erresilientzia eta lidergoa ziurtatzeko”, dio txostenak ondorio gisa.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK