• EKONOMIA
  • EAEko enpresa eta autonomoen kopuruak hamar urtean izan den beherakadarik handiena izan du maiatzean

EAEko enpresa eta autonomoen kopuruak hamar urtean izan den beherakadarik handiena izan du maiatzean

Industria eta zerbitzuen ingurukoak jaitsi dira gehien

Langile talde bat, bulego baten lanean | Argazkia: Europa Press
Langile talde bat, bulego baten lanean | Argazkia: Europa Press
2023eko ekainaren 12a

Confebaskek ezagutarazi dituen azken datuen arabera, Gizarte Segurantzan erregistratutako enpresen kopurua 50ean murriztu zen maiatzean, 2011ko maiatzerako kopururik txikiena lortuz. Joan den hilean Euskal Autonomia Erkidegoan erregistratutako konpainien kopuru osoa 58.065ekoa izan zen. Era berean, autonomoen kopuruak ere beherakada handia izan zuen maiatzean, 194 pertsona gutxiago, 2009az geroztik izandako jaitsiera handiena.

Aurreko urteko aldi beraren aldean, EAEn 221 enpresa gutxiago daude erregistratuta (-%0,4), eta autonomoen kopurua 167.853ra jaitsi da, hau da, urte arteko jaitsiera -%1ekoa izan da.

Sektoreka, maiatzean gora egin zuen eraikuntzako enpresen kopuruak, baina behera industriakoak eta zerbitzuetakoak. Hain zuzen ere, eta 2020ko otsailarekin alderatuta (pandemiaren aurretik), jaitsierarik handienak industrian izan dira (-%4 eta 267 enpresa gutxiago), ondoren zerbitzuetan (-%1,6 eta 742 enpresa gutxiago). Aldiz, eraikuntzan 90 enpresa gehiago (+%1,8) zenbatu dituzte.

Espainiako datuekin alderatuta, maiatzean Erkidegoko enpresen kopuruak urte arteko %0,4 egin zuen behera; Espainian, berriz, %0,3 egin zuen gora.

Azkenik, euskal enpresen konkurtsoa 253ra igo zen 2022an, 2021ean baino %3,1 gutxiago, laugarren hiruhilekoan %13,6 murriztu baitzen. %3,1eko jaitsiera hori ez dator bat Espainiako datuarekin, bertan 2022an %16 hazi baitira konkurtsoan parte hartu duten enpresak.