Gaur eguerdian agerraldia egingo du Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapeneko sailburuak. Berarekin batera izango dira Amaia Barredo, Arantza Atutxa eta Xabier Arruti, hurrenez hurren, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako nekazaritza diputatuak. Azken asteotan nekazariek egindako protesten harira, hainbat konpromiso hartzeko asmoa dutela iragarriko dute Jaurlaritza eta hiru foru aldundietako diputatuek.
Lehen sektorearen egoera “larria” salatuz, traktoreak kale eta hirietara eraman dituzte nekazariek. Gatazka piztu zenetik, EAEko erakundeak harremanetan izan dira nezakari eta baserritarrekin.
Arantxa Tapiak ETB1eko Egun on, Euskadi saioan azaldu duenez, Jaurlaritzak elikadura katea aztertu du, ikuskaritzei ekingo die, eta arau-hausteak zigortzeko asmoa iragarri du. Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak ere “gertutasuna eta ulermen osoa” adierazi zien bart Donostiako foru aldundiaren egoitzan elkartuta nekazariei.
Protestak egiten azkenekoak izan dira Gipuzkoako baserritarrak. Lehenago, Iparraldean hasi ziren mobilizazioak, eta gero iritsi ziren Nafarroako, Bizkaiko eta Arabako nekazarien aldarriak.