EAEko esportazioak %5 apaldu dira urtarriletik irailera bitartean

Irailean %7,3 egin du behera kanpo merkataritzak, iazko epe beraren aldean. Energia ondasunen esportazioek egin dute behera nabarmen

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako kanpo merkataritza jarduera apaldu egin da aurten. Eustatek eskainitako azken datuen arabera, 2024ko lehen bederatzi hilabeteetan esportazioek %5 egin dute behera, iazko epe beraren aldean. 23.082,8 milioi euro esportatu dira urtarriletik irailera bitartean, iaz baino 1.216,2 milioi euro gutxiago.

Bizkaian egin dira esportazio gehien (9.036,8 milioi euro), Gipuzkoan 7.417,9 milioi euro eta Araban 6.628,1. Esportazioak murriztu badira ere, Eustatek argitu du merkataritza saldoa positiboa izaten ari dela aurten, 2.689 milioi eurokoa hain justu ere.

Soilik iraileko datuak kontuan hartuz gero, esportazioek %7,3 egin dute behera. 2.583 milioi euroko balioa duten ondasunak esportatu dira, 2023ko irailean, berriz, 2.787 milioi euro esportatu ziren. Energia ondasunetan izan da jaitsiera nabarmena (-%36,5), ondasun ez energetikoak, aldiz, %5,5 murriztu dira. Lurraldeka, Araban %7,5 apaldu dira, Gipuzkoan %3,2 eta Bizkaian %10,6.

Bestalde, inportazioak handitu egin dira EAEn irailean (%3), 2.335 milioi eurora ailegatuz. Hala, merkataritza saldoa 247,2 milioi eurokoa izan da, eta estaldura tasa %110,6koa.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK